Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko maiatzak 06Bilboko Campusa

Robotikako ikertzaile eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titular Concepción Alicia Monje Micharet-ek irabazi du Deustuko Unibertsitateko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Deustuko Unibertsitatearen Ingeniaritza Fakultateko Emakumearentzako Ada Byron sariaren seigarren edizioko antolaketa batzorde eta epaimahaiak Concepción Alicia Monje Michareti eman dio 2019ko saria, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Robotikako ikertzaile eta irakasle titularrari.


Extremadurako Unibertsitateko doktorea da Monje, 2006an titulua eskuratua, doktoregoko aparteko saria eta Europako doktoregoko aipamena dituena. Gaur egun, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko RoboticsLab taldean ari da ikertzen. AEBko, Frantziako eta Alemaniako nazioarteko ikerketa zentroekin batera aritu da ikertzen, eta estatu eta Europa mailako zenbait proiektu zuzentzen dihardu, robot asistentzialen garapenean.


Hamar urte baino gehiago daramatza TEO robot humanoidearen inguruan ikertzen. Robota hankabikoa da, giza neurri eta pisukoa eta robot asistentziala izateko sortua, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Lan horri esker hainbat sari jaso ditu: Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Ikerketako Bikaintasun saria (2018); Orange Fundazioaren Emakumea eta Teknologia saria (2018); eta Zientzialari Garaikiderik Onenaren saria – Zientziaren Espainiar Selekzioa (2017), QUO zabalkundeko aldizkari zientifikoak emana, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluarekin (CSIC) batera.


Une honetan, RoboCom++ izeneko europar proiektuaren zuzendarikidea ere bada. Proiektu horrek hogei bazkide inguru ditu Europa osoan eta helburua da etorkizuneko robot laguntzaile asistentzial bat diseinatzea. Estatu mailan, Humasoft izeneko proiektu bat ere lideratzen du, finantzaketa publikoa duena, eta robotentzako gorputz-adar bigunak garatzen ditu.


Horrez gain, Antonio Banderasek produzitu eta protagonizatzen duen “Autómata” filmaren aholkulari zientifikoa ere izan da. Musikarako duen zaletasuna dela eta, Rosana kantariarekin batera lan egin du, “Buenos días, mundo” kantua ingelesera egokitzen. Sariduna, gainera, oso zientzialari konprometitua da zientzia eta teknologiako emakumearen paperaren agerikotasunarekin, unibertsitateko irakaskuntzarekin eta zabalkunde zientifikoarekin. Hori dela eta, zabalkundeko ehun jarduera ingurutan hartu du parte. Nabarmentzekoa da, arlo horretan, Julia Oteroren “Julia en la Onda” Onda Cero irrati-kateko programan duen zientziako atala.
Concepción Alicia Monje Micharetek sariaren zati bat robotentzako eta exoeskeletoetarako gorputz-adar bigunen inguruan garatzen ari den ikerketa proiekturako bideratuko du, istripu zerebrobaskularren ondorioak jasaten dituztenen gorputz-adarrak errehabilitatzeko.


Gazteentzako Ada Byron Saria


Ana Freirek jaso du, bestalde, gazteentzako Ada Byron saria. Irabazlea ingeniaria eta Informatikako doktorea da, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzaile eta irakaslea, unibertsitate bereko Iraunkortasuneko Zentroko zuzendaria eta Wisibilízalas nazioarteko lehiaketaren sortzailea. 36 urte baino ez ditu eta 40 argitalpen zientifikoren autorea, hiru patenteren jabea eta nazioarteko hainbat aitorpen jasoa da: Google Anita BorgScholarship, Big Data Talent Award eta Artificial Intelligence Woman Challenge. Business Insider aldizkariak iraultza teknologikoa lideratzeko 23 espainiar gazteen artean kokatu zuen.


Ospe handiko enpresa eta erakundeekin egin du lan: Yahoo Labs, Glasgowko Unibertsitatea eta Italiako Ikerketa Batzorde Nazionalarekin, besteak beste. Ikertzen dituen gaiak gizarte helburuetarako datuen analisiarekin, bilaketa motoreen iraunkortasunarekin edo gaixotasun mentalak antzemateko gizarte sareen analisiarekin daude lotuta. Zientziaren eta teknologiaren zabaltzaile eta bultzatzaile handia da neska gazteen artean, eta hainbat ekimen lideratzen ditu karrera teknikoetako sexuen arteko etena hausteko.


Bi sariak emateko ekitaldia maiatzaren 16an izango da, eguerdiko 12:00etan, Forotech 2019, Deustuko Ingeniaritza eta Teknologiaren astearen inaugurazioan, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan. Foroaren helburu nagusienetariko batzuk hauek dira: teknologia eta ingeniaritza aplikatuko teknologien azken joeren zabalkundea egitea, baita ikerketarako eta garapen teknologikorako bokazioak sustatzea ikasleen artean ere, bereziki emakumeen artean.


Ada Byron saria dela eta


Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria estatu mailakoa da. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eratu zuen ikerketa eta garapen teknologikoaren esparruko emakumeen bokazioak sustatzeko, bizitzako esparru guztietan eta gizarte garapenean teknologiari ospea emateko, eta zeregin eta ikasketa horietan emakumeek gizateria osoari egiten dioten ekarpen eta lorpenei balioa emateko.


Saria 3.000 eurokoa da eta Microsoftek, Bizkaiko Foru Aldundiak, IK4k, eta Emakundek babesten dute, baita Innobasquek eta Basque BioClusterrek ere. Gazteentzako Ada Byron saridunak, bere aldetik, 1.000 euro jasoko ditu.


Lehenengo bost edizioetako saridunak hauek izan dira: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen ditugunetako ikertzailea; Nuria Olivar, I + D Telefónicako zuzendaria; Regina Llopis, Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematiketako doktorea.; eta María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko irakasle titularra.


Ehun hautagaitik gora


Seigarren edizioaren balantzea egiteko orduan esan behar da epaimahaiak 112 hautagai jaso eta ebaluatu dituela, eta iazko parte hartzea gehitu egin dela, nabarmendu beharreko kontua, inolako zalantzarik gabe. Hautagai guztiak lanean diharduten profesionalak dira, 36 eta 67 urte bitartekoak, eta 24 eta 36 bitartekoak gazteentzako sariaren kasuan, irakaskuntza eta enpresa arloetakoak. Hautagaien % 82 probintziako hiriburuetan bizi dira eta gainerakoak metropoli inguruetan (% 35 Madril eta Bartzelona inguruetan).


Hautagaien % 72 ingeniariak dira, eta horien artean % 25, Informatikako ingeniariak; % 19, Telekomunikaziokoak; eta gainerakoak Elektronika, Industria eta Kimika arloetakoak. Zientzietako hautagaiei dagokienez, Kimika Zientzietakoak (% 7), Matematikakoak (% 5) eta Fisikakoak (% 5) dira azpimarratzekoak. Hautagaien % 60 doktoreak dira, eta titulazio horren barruan, Informatika, Telekomunikazio, Fisika eta Kimikakoak dira sarrienak.


Forotech 2019ko argibide gehiago.