Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko azaroak 13Donostiako Campusa

Kathrine Switzer, “Kirol Balioen Deusto Saria”

Kathrine Switzer-ek, emakumeen berdintasuna kiroletan aldarrikatzen erreferente denak, Kirol Balioen Deusto Saria jaso zuen, DeustoForum Gipuzkoaren “Pioneras – Emakumeak leman” hitzaldi zikloaren barruan, joan den azaroaren 13an. Loiola Centrumen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, izan zen ekitaldi hunkigarrian.

Felix Arrieta DeustoForum Gipuzkoako zuzendariaren ongietorriko hitzek eman zioten hasiera ekitaldiari. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, segidan, hauxe azpimarratu zuen: “Kathrine Switzer argi egiten digun sinboloa da eta eredu izan behar du eguneroko jardunean, gauzak aldatu ahal izateko”. Ondoren, Jabier Muguruza musikari eta idazleak “Kathrine Switzer” abestu zuen (kanta bat eskainia zion duela urte batzuk maratoietako korrikalari ospetsuari), Alazne Mujikak gidatutako solasaldiari lekukoa pasatzeko. Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasleak emakumeen maratoietako parte hartzearen errepaso historikoa egin zuen, 1967an Switzerrek debutatu zuenetik Donostiako maratoiaren I. ediziora, Rosi Talavera irabazle izan zenera (1978an). Lourdes Gabarain tolosarra ere izan zuen gogoan, 1977an Bordeleraino joan eta maratoia amaitzen lehenengo emakume espainiarra; baita Matilde Gomez, Montse Campos eta Ester Inés Mañé ere, Espainian emakumeen parte hartzea baimendu zuen lehenengo maratoi probako podioa osatu zuen hirukotea. Palafrugellen izan zen hori, 1978an. Alazne Mujikak aparteko eran eskerrak eman zizkion Switzerri, hitza eman baino lehenago: “Maria Luisa, Usoa, Amaia, Claudia, Maite, Maria, Nere, Begoña, Leire, Isabel, María Jesús, Eguzkiñe, Eva, Idoia, Eneritz, Izaro, Macu, Oiana eta beste asko 42 kilometro eta 195 metroak aitzindari horiei esker korritzen dituzten, ditugun emakumeak gara. Kristalezko sabaia hautsi zuten, sabaietariko bat, batzuk begien bistakoak, beste batzuk, tamalez, ikusezinak. Mila-miloi esker, Kathrine, Kathy. Eskerrik asko, besteak beste, gure entrenatzaileek ez gaituztelako 30 milia, ia 50 km, korritzera behartzen, maratoia bukatu dezakegun frogatzeko. Hona ere iritsi gara, geratzeko iritsi ere. Zurea da hitza, Kathrine”.

Kathrine Switzerrek, hitzaldiaren hasieran, eskerrak eman zizkion Deustuko Unibertsitateari gonbidapenagatik, eta Euskal Herrian kirol arloan emakumeen berdintasunaren alde hainbeste lan egiten dutenei eskaini zien hitzaldia (Fortuna Kirol Elkarteak Behobia-Donostiaren 2025eko lehiaketarako 50/50 proiektua jarri zuen adibide gisa). Belar gaineko hockeyan hasi zela gogoratu zuen eta egunero korrika egiten hasi behar izan zuela, kirolari hobea izateko, 12 urteko neskatila zela: “korritzen nuen egun bakoitza garaipen bat zen; horrelaxe gogortu nintzen institutuan ere; ongi sentitzen nintzen, konfiantza osoz”.Talentua eta gaitasunak denongan daude; helduon erantzukizuna da gazte jendeari erraztasunak eta aukerak ematea” azpimarratu zuen Kathrinek. Siracusako Unibertsitateko garaiak ere izan zituen gogoan. Kazetaritza ikasi zuen, “emakumeen lorpenak kontatzeko”. Bertan zela eman zuen izena atletismoko gizonezkoen taldean, ez baitzegoen neskentzako kirolik; eta han ezagutu zuen Arnie Briggs ere, unibertsitate hartako gizonezkoen kross taldeko zuzendaria. “Arnie, izatez, unibertsitateko postaria zen, baina 50 urte zituenez eta Bostoneko 15 maratoitan parte hartua zenez, haren hankek bazuten esperientzia nahikoa entrenatzaile izateko. Hunkituta, taldean emakume bat ikustean, bere babespean hartu ninduen prestakuntza aldian eta entrenamenduetan hasi ginen. Gauero hainbat milia korritzen genituen unibertsitatearen inguruan, batzuetan elur ekaitzak inguraturik. Arniek Bostoneko maratoiko istorioak kontatzen zizkigun, bitartean. Oso gogoko nuen haren istorioak entzutea, baina 1966ko abenduaren erdialdera, korritzen gindoazela, ikaragarrizko eztabaida izan nuen berarekin. Gau hartan sokak askatu eta esan nion: Utzi diezaiogun Bostoneko maratoiaz hitz egiteari eta korritu dezagun! Arniek bereari eusten zion, distantzia luzeegia zela emakumeentzat”. Kathrinek frogatu zion distantzia korritu zezakeela, bazuela ahalmena, eta halaxe eman zuen izena Bostoneko maratoian, 1967an, KV Switzer siglak erabilita, emakumea zela inork jakin ez zezan. Hitzaldian adierazi zuen bezala, “gaur egun, badakigu emakumeok gizonek baino malgutasun handiagoa dugula, iraun handiagoa eta erresistentzia handiagoa dugula, hainbesteko abiadura ez badugu ere”; eta erantsi zuen: “Emakumeok gaitasun bakanak ditugu, bizitzako beste esparru batzuetan oraindik aurkitu ez ditugunak”.

Kirolari aitzindariak maratoiko eszena ezaguna nola gertatu zen azaldu zuen, Jack Semplek, lasterketako zuzendarietariko batek, bultza egin eta dortsala erausi nahi izan zionekoa, emakume izateagatik; eta Tom Millerrek, mutil lagunak, defenditu zuenekoa: “oso haserre nengoen eta bertan behera uztea pentsatu nuen, etxera joan eta amarekin egon nahi nuen; baina ezin nuen lasterketa hura utzi, frogatu egin nahi nuen emakumeok ere maratoi bat korritu dezakegula”. Gertakari haren ondoren, Kathrinek bi helburu zituen buruan: atleta hobea izan nahi zuen eta aukerak sortu nahi zituen gainerako emakumeentzat. 1978an, Avon Run sortzeko lanean aritu zen buru-belarri, nazioarteko zirkuitu bat emakumeentzat, denborarekin 27 herrialdetara eta milioi bat parte hartzaile izatera iritsi zena. Parte hartze izugarri horrek eta lortutako markek konbentzitu zuten Nazioarteko Olinpiar Batzordea, emakumezkoen maratoia Los Angeleseko 1984ko Olinpiar Jokoetan sartzeko. 2015ean, “261 Fearless” sortu zuen, irabazi asmorik gabeko mundu mailako erakunde bat, korrika egitea emakumeak ahalduntzeko eta elkartzeko bide bihurtzeko, tokiko klubak, hezkuntza programak, komunikazioko plataformak eta gizarte ekitaldiak sortuz. Kathrinek, hitzaldiari amaiera emateko, gizarte mailako bidegabekerien aurrean axolagabe ez jokatzearen garrantzia azpimarratu zuen ikasleen aurrean: “gizarte bidegabekeria asko aldatu ditzakezue, aldaketa txikiak badira ere; baina beti merezi du aldatzea”.

Jardunaldiaren azken zatian, Maialen Lujanbio bertsolariak aitorpeneko bertso hunkigarriak eskaini zizkion, 1967an, dortsalaz maratoia korritu zuen lehenengo emakumeari (atxikita doaz bertsoak PDF formatuan). Jarraian, “Kirol Balioen Deusto Saria” eman zion Kathrine Switzerri Josean Rodríguez Ranzek, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreordeak, Maialen Lujanbio, Beñat Egidazu (Deustuko ikaslea eta Hondarribiko arraunlaria) eta Ane Arbillaga (Deustuko irakaslea eta Donibaneko arraunlaria) ondoan zituela. Felix Arrieta DeustoForum Gipuzkoako zuzendariak azken hitzetan adierazi zuen bezala, “Deustuko Unibertsitateak Kirol Balioen Deusto Saria ematen du kiroletako giza balioak eta balio unibertsalak aitortzeko eta, kasu honetan, Kathrine Switzerri saria ematen dio atletismoan berdintasunaren alde egin duen ekarpenagatik”. Jardunaldiaren amaieran, taldeko argazkiak atera zituzten, hainbat kirol modalitatetan diharduten Deustuko ikasleek.

Ambergen (Alemanian) 1947an jaio bazen ere, estatubatuar nazionalitatea hartu zuen Switzerrek eta lehenengo emakumea izan zen maratoia dortsalaz korritzen, Bostonen, 1967an. Ordura arte, gizonek baino ez zuten parte hartzen. Debekua gorabehera, Kathrinek proba korritu eta amaitu egin zuen 4 ordu eta 20 minututan. Eta balentria hark erreferente bihurtu zuen emakumezkoen kiroletan. 1974ko New Yorkeko maratoia ere irabazi zuen eta bigarren geratu zen Bostoneko 1975eko maratoian. Ordukoa da bere markarik onena: 2 ordu, 51 minutu eta 37 segundo.

Deustuko Unibertsitatearentzat, kirola, bizimodu osasuntsurako iturri izateaz gain, balioen eskola hobezina da. Kathrine Switzer DeustoForum Gipuzkoan izateak indartu egiten du gehiago Deustuko Unibertsitateak kirolarekin eta genero berdintasunarekin duen konpromisoa.