Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko apirilak 18DeustoForum Gipuzkoa

Jesus Mª Lazkanok eta Miren Azkaratek parte hartuko dute DeustoForum Gipuzkoaren "Begiradak" zikloaren azken jardunaldian

Asteazkenean, apirilak 18, “Begiradak” zikloaren azken saioa izango da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, DeustoForum Gipuzkoak antolatuta, gizartearen eta unibertsitateko bizitzaren arteko topagune eta elkarreragineko ekimenaren baitan. Zehazki, azken saio horretan parte hartuko dute Jesus Mª Lazkano (Bergara, 1960) margolari eta irakasleak eta Miren Azkarate (Donostia, 1955) EHUko Euskal Filologiako katedradun eta Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu eta bozeramaile ohiak. Norberaren begiradatik abiatuta, beren lanbide ibilbidearen inguruko gogoeta eta iritzia emango dute eta kulturaren, artearen eta jakintzaren gizartearen bilakaeraz solasean arituko dira unibertsitateko ikasle gazteekin.

Felix Arrieta politologo eta irakasleak koordinatu eta gainbegiratuta, zikloak, 2017/2018 ikasturtean zehar, pertsona ezagunak elkartu ditu, norberaren begiradak, irekiak, askotarikoak, kritikoak, lasaiak, garbiak, sakonak, inklusiboak, proposamenezkoak, eraldatzaileak, kezkatuak, jakin-minezkoak, ilusio handikoak, itxaropentsuak, orijinalak, sortzaileak, heterodoxoak, lotsarik gabeak, inkonformistak, ausartak, galdegileak, konplizeak, enpatikoak, ulerkorrak, arduratsuak, konpromiso handikoak, elkartasunezkoak... eskainiz, gaur-gaurko gaien inguruan beren analisia eta gogoeta egiteko. Jon Maya, Izaro Andres, Iñaki Gabilondo, Cristina Garmendia, José Ignacio Munilla, Mª del Mar Magallón, Xabi Alonso eta Maialen Chourraut aritu dira Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko ikasle ugarien aurrean beren gogoetak egiten, azken hilabete hauetan.

Eguna: apirilak 18, asteazkena.
Ordua: 09:30ean.
Tokia: Gradu Aretoa, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusa.

DeustoForum Gipuzkoa

DeustoForum Gipuzkoaren helburua da DeustoForumeko eztabaidak eta gogoetak Gipuzkoako lurraldera ekartzera. Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak sustatu du ekimena, baina lurraldeko Tokiko Plataforma Apostolikoko beste erakunde batzuekin batera lan eginda. Felix Arrieta Frutos politologo eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Forumaren koordinatzaile eta gainbegiratzea. Horrela, gizarte zibilaren eta unibertsitate bizitzaren arteko elkarrekintzarako gune bat sortu nahi dugu, ideia guztientzat, zorroztasun akademikoaren, analisi kritikoaren eta eztabaida irekiaren printzipioak oinarri hartuta. Izan ere, gizarte likido, askotariko eta ziurtasunik gabeko honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da ideiak bereiztea eta alderatzea, herritartasun kritikoa eraiki nahi badugu. Eta hortxe kokatu nahi du DeustoForum Gipuzkoak. Konpromiso intelektualetik, ekarpena egin nahi dio Gizarte Justiziaren bilaketari.