Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko otsailak 07Bilboko Campusa

IAJUren sorrera gutuna eta plan estrategikoa aztergai Deustun

Deustuko Unibertsitateko Elkarte Apostolikoko ehun kidetik gora elkartu ziren urtarrilaren 31n Loiolan, 2018ko uztailaren 8tik 12ra izan zen Jesuiten Goi Mailako Hezkuntza Erakundeen Munduko azken Batzarraren inguruko hausnarketa egiteko. Ekitaldi haren fruitu izan zen IAJU sortzea eta 2018-2021 hirurtekorako plan estrategiko batez hornitzea. Ordurik hona seihileko bat pasatuta, beharrezkoa zirudien kontzientzia hartzea, askorentzat Jesusen Lagundiaren unibertsitateko misioaren historian mugarri bat izan den ekitaldi horretaz. Aurretik, joan den udazkenean, Deustuko Unibertsitateak, bertako aldizkariaren ale berezi bat argitaratu zuen, IAJUren Munduko aipatutako Asanbleako testu eta hitzaldirik garrantzitsuenak jasoz. Ale hori munduko hainbat tokitan zabaldu da.

Moises Peña kolonbiar jesuitaren eskutik, IAJUren sorrera gutuna izan zuten ardatz partaideek. Ikusi ahal izan zen elkartearen asmoek, baita bertako plan estrategikoaren lehentasunek ere, ignaziotar intuizioaren funtsari erantzuten ziotela, hau da, zer asmo duen Jesusen Lagundiaren hezkuntzako misioak. IAJU, azken batean, pertsonak zerbitzatzeko unibertsitatearen gurari eguneratua da, giza gai sakonei aurpegia ipintzea, eta egoerarik ahulenean daudenen sustapenean lan egitea.

IAJU, azkenik, sare bat da. Elkarte Apostolikoaren bilerak balio izan zuen onartzeko sare hori aukera egokia zela eta erantzuna behar zuen erronka zela. Sareak kontzientzia zabaltzen die gizateriari gaur egun eragiten dioten arazoen ikuspegi globalei. Hori dela eta, erantzukizun berria iradokitzen digu, munduak benetan behar duenari ekiteko. IAJU, beraz, magis-en ukitua duen unibertsitateko misiorako gonbidapena da.

Baina inolako sarerik ez da berez bizi, nodulu bakoitzak zein mailatan asimilatzen duen kontuan hartu behar du. Topaketak balio izan zuen unibertsitateko kide izateko era berezi batean barneratzeko zer jarrera izan behar diren antzemateko. Deustuko Unibertsitateko Elkarte Apostolikoak ulertu zuen IAJU guregana etorri ez ezik, guk ere harengana jo behar dugula. Joaneko bidaia hori zelan gauzatu eta Deustuko Unibertsitateko gobernuari zelan proposatu izango da hurrengo hilabeteetako zeregina, Loiolako topaketaren ebaluazioa ponderatutakoan. Garrantzizkoena, oraingoz, egina dagoela dirudi: unibertsitateko erakundeen jesuiten sarea ez da iraganean geratzen, oraingo eta etorkizunerako zerbait esaten ari zaigu.