Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko irailak 12Donostiako Campusa

Hizkuntzen jardunaldia Donostiako campusean

Irailaren 12an, Deustuko informazio jardunaldia izan zen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, hizkuntzen inguruko eskaintzari buruzkoa, ikasleentzat eta jendearentzat oro har, 10:00etatik 14:00etara, hizkuntza hauei buruzko informazioa emateko: euskara, ingelesa, frantsesa, alemana, italiera, mandarin txinera, arabiera eta espainiera atzerritarrentzat. Irakasle adituek erantzun zituzten zalantzak.

Deustuko Unibertsitateak duen misioaren barruan, hizkuntzen ezagutza ikasleen prestakuntza integralerako elementu nagusi da. Gizarte ingurunea eta gizarte globala kontuan hartuta, hizkuntza prestakuntzan sakondu behar da. Nazioarteko truke programetan parte hartzen duten atzerriko unibertsitateek eta enpresa munduak gero eta sarriago eskatzen dituzte hautagai eleanitzak, bai eta nazioartean onetsiak diren hizkuntza titulazioak ere.

Hizkuntza Zentroa (lehengo Hizkuntzen Institutua) 1962-1963 ikasturtean sortu zen, Donostiako campuseko ikasleen hizkuntza prestakuntzaren premiei erantzun ahal izateko. Ordutik, unibertsitateko elkartearentzako eta kanpoko beste zenbait eremutako pertsonentzako ikastaroak ematen dira. Zentroaren asmoa da hizkuntzen etengabeko ikaskuntza sustatu, indartu, zabaldu eta dibertsifikatzea, ikasleak unibertsitatean ematen dituen urteetan; horretarako, hizkuntzak ikasteko erritmoak gradu eta graduondoetako ikasketen prestakuntzako premietara egokitzen dira. Gaur egun, Unibertsitateko egutegiari begira egokitutako eta diseinatutako hizkuntza ikastaroak eskaintzen dira, Unibertsitateko ikasketekin bateragarriak diren orduetan.

Era berean, gure inguruneko premia berriei erantzuteko, euskarako, ingeleseko, alemaneko, italierako, mandarin txinerako, arabierako eta atzerritarrentzako espainierako ikastaro orokorrak emateaz gainera (beste batzuk ere bai, ikaslearen eskariaren arabera), azterketa ofizialak egiteko ikastaroak ere ematen dira, bai eta xede berezietarako hizkuntzen ikastaro modularrak ere, lanbide esparru zehatzetara egokitutako programen bidez. Gainera, urte osoko hizkuntza egonaldiak eskaintzen dira, ingelesez eta frantsesez.
Deustuko Unibertsitatean hainbat azterketa ofizial egin daitezke Donostiako campusean, ingeleseko Cambridgeko azterketak, euskarakoak (HABE), txinerakoak (HSK) eta espainierakoak (DELE); eta Bilboko campusean, Goethe-Institut-ekoak (alemaniera) ere bai. Zentroak HABEk (Eusko Jaurlaritza) homologatutako euskaltegia ere badu, azterketa ofizialak prestatzeko eta egiteko.