Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2014ko apirilak 08Bilboko Campusa

Forotechen bigarren edizioak enpresak, unibertsitatea, ikasleak eta herritarrak bilduko ditu teknologiaren inguruan

Jarduera programa zabala antolatu da, zientzialariak, ingeniariak, ikertzaileak, irakasleak, ikasleak eta jendeak, oro har, espazioa partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera izateko gaur eguneko gizarteak bizi duen aurrerakuntza teknologiko arinaren inguruan.Horretarako, apirilaren 9tik 11ra, hitzaldietan, eztabaidetan, lantegietan, laborategietan, zine forumetan eta erakusketa teknologiko batean parte hartzeko aukera egongo da. Bertan hogei garapen teknologiko ikusi ahal izango dira, gehienak euskal enpresek garatuak.

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Emakumeen papera esparru zientifikoan aldarrikatzea da aurtengo edizioaren beste helburuetariko bat. Horretarako antolatu da Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria, Banco Sabadell Fundazioak babestuta.Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak sortu du sari hori, teknologia arloan ari diren emakume profesionalei euren ekarpena aitortzeko eta gizartean euren papera nabariago egiteko. Izan ere, ez da oso ezaguna egiten dutena, nahiz eta aurrerakuntza esanguratsuak egiten dituzten hainbat esparrutan.Horrez gain, lan teknologikoa hurbildu eta emakumeen artean arlo honetako bokazioak sustatu nahi dira.

Saria Ada Byroni eskainita dago (1815-1852), Lord Byron poeta erromantikoaren alabari, ingeniaritzaren historian izan den emakumerik nabarmenenari.Matematikaria eta idazlea izan zen, eta ezaguna da, bereziki, kalkulagailu mekanikoaren inguruko lanagatik, baita makina batek prozesatzeko lehen algoritmoa sortu zuelako ere. Ordenagailuen lehenengo programatzailetzat hartzen dute.

Emakume Teknologoarentzako I. Ada Byron Saria FOROTECH 2014ren amaiera ekitaldian banatuko da, datorren ostiralean, apirilaren 11n, 13:30ean. Proposatu diren berrogeita hamar hautagaien artean, antolaketa batzordeak 10 aukeratu ditu eta epaimahai batek ebaluatuko ditu. Epaimahaikideak hauek dira: Inés Jacob, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritzako dekanoa (presidentea); Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietako zinegotzia; Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoa; Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa; María Garaña, Microsoft Españako presidentea; Rosa García, Siemenseko presidentea; Alberto García Erauzkin, Innobasqueko presidentea; Cristina Garmendia, Berrikuntzako ministro ohia, eta Genetrix-eko presidentea; Begoña Goiricelaya, Gaiker-IK4ko zuzendari nagusia; Estibaliz Hernáez Laviña, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Miquel Molins Nubiola, Sabadell Fundazioko presidentea; eta Carmen Vela, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkaria.

Hizlariak eta erakusketa teknologikoa

Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek Ingeniaritza eta Teknologiaren Aste honetako hasierako hitzaldia eskaini zuen, eta aurrerakuntza zientifikoaren alderdi etikoak jorratu zituen.

Aurtengo edizioko hizlarien artean, Microsoft, IBM, Siemens, Deloitte, Accenture, Iberdrola, Euskaltel, Panda edo Idom bezalako konpainien goi zuzendariak egongo dira; baita Alboan edo Mugarik gabeko Ingeniaritza bezalako GKEetako ordezkariak ere.

Horrekin batera, Unibertsitateko Paraninfoaren ondoko klaustroan erakusketa bat egongo da jendearentzat zabalik, eta hogei garapen teknologiko inguru ikusi ahal izango dira bertan, gehienak euskal enpresek aurkeztuak.Droiak (tripulazio gabeko aireko ibilgailuak), gidari gabeko ibilgailu robotikoa, 3Dko inprimagailuak, ikusmen hiper-espektraleko aparailuak, adimendun ehunen laginak edo errealitate birtualeko betaurrekoak dira erakusketa horretako tresnarik deigarrienak.

FOROTECHen programa osatzeko, gosariak izango dira ekintzaileekin, laborategiak bisitatuko dira eta ikastetxeentzako saioak ere prestatu dituzte.Jarduera programaren berariazko atal bat dago Batxilergoko ikasleentzat. Fisika, telematika, robotika edo ikus-entzunezkoen laborategietara joan ahal izango dira.Unibertsitarioei zuzenduta, Cimubisak eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak Cloud Bilbao sariaren lehenengo ediziorako deialdia egin dute, ingeniaritzetako azken mailetako ikasleei eta tituludun berriei zuzenduta.Donostian ere programatu da ekitaldi bat: start-upei buruzko hitzaldi bat egongo da bertako Talent Housen. Vicomtech-IK4ko transferentzia teknologikoko zuzendari Gorka Marcosek hitz egingo du eta, amaitutakoan, parte hartzaile guztien arteko eztabaida bat egongo da.

Teknologia eta kultura

Jarduera aukera zabal horren barruan, FOROTECHek Zinea eta Teknologia ziklo bat ere antolatu du, filmak aurkezteko adituak hurbilduko direlarik. Haiek bideratuko dituzte filmen ondorengo zine-forumak. Ekimen horrek bi helburu ditu: batetik, sarritan urrun dauden bi arlo, Zientzia eta Kultura, hurbiltzea; eta, bestetik, film berrien bidez, garapen teknologikoarekin lotuta eta pil-pilean dauden gaien inguruan eztabaida bideratzea.

Hasieran, hiru iparramerikar film berri (Minority Report, Yo, Robot eta Jobs) abiapuntu harturik, FOROTECHek bere jarduerak zabaldu nahi ditu urtean zehar, hitzaldi eta beste kultur ekimen batzuk prestaturik.

FOROTECHek erakunde hauen babesa du: Siemens, Iberdrola, FECYT Fundazioa (Zientzia eta Teknologia Espainiarrerako Fundazioa), Caja de Ingenieros, Microsoft, Cimubisa, Panda, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde, Vidrala, Exact, Accenture, Consultec, Euskaltel, Bilbao Ekintza, Donostiako Sustapena eta Idom. Eta beste hauen laguntza ere badu: DeustoTech, Deloitte, IBM, Tecnalia, Gaiker, Innobasque, Alzola, Eusko Jaurlaritza, Bilbao Makers, Edurobotic, Lafa-crea eta Fas.