Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko maiatzak 15Bilboko Campusa

Deustuk Concha Monje eta Ana María Freire emakume teknologoei eman die Ada Byron saria

Maiatzaren 16an eman zuen Deustuko Unibertsitateak Emakumearentzako Ada Byron Saria. Aurten, Concha Monjek jaso du goi kategorian, eta Ana Freirek gazteen kategorian. Sari banaketa ForoTech topaketa teknologikoaren zazpigarren edizioaren hasiera ekitaldiaren barruan izan zen. ForoTech Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen ekitaldi teknologiko bat da, ingeniaritza eta teknologia herritarrei hurbildu nahi dizkiena eta ikerketa eta garapen teknologikorako bokazioak sustatu nahi dituena, bereziki emakumeen artean.


Deustuko errektore José María Guibertek eta Ingeniaritza Fakultateko dekano Asier Perallosek eman zioten hasiera egunari. Montse Pardok, Microsoft Ibérica (Ada Byron Sariaren urrezko babeslea) enpresaren Erakunde Harremanetako zuzendariak ere hitz egin zuen. Ondoren, IK4 Aliantzako zuzendari nagusiak, José Miguel Erdozainek, eta Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, Ada Byron gazteen kategoriako saria eman zioten Ana Freireri. Freire ingeniaria eta Informatikako doktorea da, ikertzailea eta irakaslea Pompeu Fabra Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan, unibertsitate bereko Jasangarritasunari buruzko Zentroko zuzendaria, eta Wisibilízalas nazioarteko sariaren sortzailea.


Ana Freire, Ada Byron saria gazteentzat


Ana Freirek 40 argitalpen zientifiko ditu, hiru patente eta nazioarteko hainbat aitorpen. Hitzaldian, ibilbide bat egin zuen denboran zehar, emakume teknologo ikusezinen lana gogorarazteko, lana ageriko egiteko beren gizonezko lankide edo senarren atzean ezkutatu beharra izan zuten eta egindako lana sekula aitortu ez zitzaien emakumeen lana oroitzeko. Zorionez, gauzak aldatu dira eta “gaur, 2019an, Deustuko Unibertsitatean gaude, bi emakume teknologori egin duten lana aitortzen”, nahiz eta oraindik zer hobetu asko egon.


2019ko Ada Byron Sariaren gazteen kategoriako saria jaso duena zientziaren eta teknologiaren zabaltzaile eta bultzatzaile handia da neska gazteen artean, eta hainbat ekimen lideratzen ditu karrera teknikoetako sexuen arteko arrakala hausteko. Ikertzen dituen gaiak gizarte helburuetarako datuen analisiarekin, bilaketa motoreen iraunkortasunarekin edo gaixotasun mentalak antzemateko gizarte sareen analisiarekin daude lotuta. Ikerrarlo horietara bideratuko du sarian jaso duen dirua.


Hitzaldi osoa.


Concha Monje, 2019ko Ada Byron sariduna


Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatu Teresa Laespadak hitz egin zuen. Jarraian, Ada Byron sariaren goi kategoriari zegokiona eman zioten Concha Monjeri José María Guibert errektoreak eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estíbaliz Hernáezek. Sariduna Robotikako ikertzailea eta irakasle titularra da Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean. RoboticsLab Robotikako nazioarteko ikertaldeko kidea da. Taldea lehena da estatu mailan eta lehenengoen artean dago Europa mailan.


Concha Monjeren aburuz, sariak garrantzi handia du, Espainiako eta munduko “hainbat eta hainbat” emakume zientzialari eta teknologoren lana aitortzen duelako. “Izan ere, emakumeen lana ageriko egitea funtsezkoa da, gizartean eragina duen lana egiten dugu eta mundu hoberantz aurrera egiteko modua ematen digu. Ezin dugu ahaztu teknologiak lagundu egiten digula bizi kalitate hobea lortzen”.


Monjek hamarkada bat baino gehiago darama TEO robot humanoidearen inguruan lanean: hankabiko robot bat da, gizakiaren neurri eta pisukoa, robot asistentziala izateko sortua. Alde horretatik, irabazleak “pozarren” zegoela adierazi zuen, saria robot humanoidea garatzera bideratuko duelako. “Etorkizunean, robot bat lagun dugula egon gaitezke; baina, sarritan esaten denaren kontra, zeregin askotan, lekua kendu beharrean, lagun egingo digu eta bizitza erraztuko digu. Hori da, behintzat, nirekin lanean diharduten zientzialari askoren asmoa eta neuk ere alde horretatik ikusten dut”, adierazi zuen.


Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren hitzek eman zioten aitorpeneko ekitaldiari amaiera. Aurreko urteetan, emakume hauek jaso dute Ada Byron saria: Montserrat Meyak, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko adituak; Asunción Gómezek, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen ditugunetako ikertzaileak; Nuria Olivarrek, I + D Telefónicako zuzendariak; Regina Llopisek, Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematiketako doktoreak; eta María Ángeles Martín Pratsek, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko irakasle titularrak.


Saria aitzindaria da Estatu mailan eta emakumeek zientzia eta teknologia arloan egiten duten lana agerian jartzen du, I + G arloko emakumeen bokazioak sustatzen ditu eta teknologiak hazkunde ekonomikoan duen garrantzia eta gizarterako etorkizuneko balio gisa duen garrantzia azpimarratzeko balio du. Saria atzerrira ere zabaldu da aurten, Mexikoko edizioa martxoaren amaieran aurkeztearekin.


Sariak Microsoften, Bizkaiko Foru Aldundiaren, IK4ren eta Emakunderen babesa du, baita Innobasquerena eta Basque BioClusterrena ere.


Forotech-en egitaraua


Forotechek unibertsitatearen, enpresen eta ikasleen arteko topaketarako foro bat da eta ingeniaritza eta teknologia herritarrei hurbildu nahi dizkie eta ikerketarako eta garapen teknologikorako bokazioak sustatu, bereziki emakumeen artean. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du, teknologian konfiantza izan eta haren aldeko apustua egiten duten hogeita bost erakunde publiko eta pribaturen babes eta laguntzarekin, hazkuntza ekonomikoa eta gizarte ongizatea helburu harturik.


Aurtengo edizioaren barruan, beste urte batzuetan bezala, erakusketa teknologiko iraunkorra, tailerrak eta bisitaldi gidatuak egon dira, bereziki unibertsitate aurreko ikasleenak. Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Batxilergoko 2. mailara arteko 485 ikasleren bisita jaso zuen.


Horrekin batera, asteazkenean, maiatzaren 15ean, Vodafone Innovación sariak aurkeztu ziren, eta Big Data eta Business Intelligenceko programetako diplomak emateko ekitaldia egin zen. Ostegunean, maiatzaren 16an, Ada Byron saria banatzeaz gain, Deusto Alumni Ingeniaritzak jarduera bat antolatu zuen: “Aurkitu irtenbidea gurekin”, Escape Room ezagunen estilora. Horrez gain, IBMk Call for Code Global Challenge 2019 ekimena aurkeztu zuen, INNOLAB Bilbaon. Garatzaileen elkarteari soluzio teknologikoak sortzeko erronka jotzen dio, IBM Cloud teknologiaz baliaturik, natura hondatzearen eragina murrizten laguntzeko. Zehazki, aurten esparru hauetan ari dira soluzioak sortzeko eskatzen: elikagaien eta uraren segurtasuna hobetzen; material medikoaren eta botiken hornidura eta zabalkundea egiten; gaixotasunen eta izurriteen jarraipena egiten eta errotik kentzen; erregistro medikoetarako sarbidea errazten; osasun mentala duten pertsonen beharrizanak artatzen; eta populazioaren artean egoerarik ahulenean daudenei laguntza ematen.


Ostiralean, hilaren 17an, goizeko bederatzietatik aurrera, ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldiak egin ziren. Birziklatzearen Nazioarteko Eguna (Unesco) zela eta, ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrari lotutako proiektuak aurkeztu ziren, Ihobek, Vidralak, Ecoembesek eta ANFEVIk aurkeztuta. Ondoren, Ingeniarien Kutxako Talentu eta Management Solutions sariak banatu ziren eta, Ingeniaritza Fakultateko Industria Digitaleko Deusto Katedrarekin batera, zibersegurtasuna ardatz hartu zuen jardunaldi bat antolatu zen, “Amesgaiztoa industrian” izenekoa, Etxetar Taldearen eta Titanium-en aurkezpenekin.


Hurrengo astean, maiatzaren 24an, Ingeniaritza Fakultateak, amaiera emateko, masterclass bat antolatu zuen Michel Baudinekin, Operational Excelence-ko aditu eta Lean Manufacturing-ean espezializatuarekin, datuen zientziaren erabilerari buruz, produktibitatea hobetzeko.


Forotech 2019ren babesleak hauek dira: IK4 Research Alliance, BilbaoTIK, Ejie (Eusko Jaurlaritzaren sozietate informatikoa) Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde, Vidrala, Dominion, NTS, Microsoft, Spri Taldea, Bilbao Ekintza, Donostia Sustapena eta Alzola; eta beste hauek dira laguntzaileak: Deusto Tech, Innobasque, Deusto FabLab, Basque HealthCluster eta Trastea Learning. Horiekin batera, LAB/sortzaile gisa beste hauek aurkeztu ziren: Edurobotic, CreativiTIC eta Camp Teknologikoa.


Argibide gehiago eta ordutegiak: www.forotech.deusto.es