Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko apirilak 13Donostiako Campusa

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ), EAZ+International Management Skillseko, EAZ+Zuzenbideko eta EAZ+Ingeniaritzako Informatikako gradudun berrien izendatze ekitaldia

Apirilaren 13an, larunbata, izan zen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ), EAZ+International Management Skillseko, EAZ+Zuzenbideko eta EAZ+Informatikako Ingeniaritzako gradudun berriak izendatzeko ekitaldia, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen, Zuzenbide Fakultatearen eta Ingeniaritza Fakultatearen eskutik.

Ekitaldia Loiola Centrumean izan zen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko gune nagusian, hiru dorre bereizgarrien babesean. Ekitaldiaren buru Jose Antonio Rodriguez campuseko errektoreordea izan zen, eta harekin batera izan ziren 4 edo 5 urte hauetan –graduko ikasleen edo gradu bikoitzekoen kasuan– ikasleek, beren hazkunde pertsonal eta profesionaleko ibilbidean, ondoan izan dituzten irakasleak eta zerbitzuetako langileak. Izendatze ekitaldia unibertsitate bizitzan ekitaldi garrantzitsua da. Ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Álvaro de la Rica (Deusto Business Schooleko dekanoa), Gema Tomás (Zuzenbide Fakultateko dekanoa), Asier Perallos (Ingeniaritza Fakultateko dekanoa).Jon Casado s.j. Donostiako campuseko Pastoraleko Zerbitzuko arduradunak gradudun berriei bedeinkapena eman zien, ekitaldi xume eta hunkigarri batean.

Itsaso, Lander, Jon eta Anek, bere ikaskideen izenean, karrerako urteak gogoratu zituzten eta bizi izandako esperientziak (horien artean, nazioarteko egonaldia, esperientzia aberasgarrienetako bat), eskuratutako jakiteak eta gaitasunak, eta Fakultateko txoko bakoitzeko momentuak nabarmendu zituzten. Eskerrak eman zizkieten irakasleei eta unibertsitateko zerbitzuetako langileei, eta hitz hunkigarriak izan zituzten, amaieran, familientzat eta lagunentzat.

KLEMENTIN QUINTET haize boskoteak, Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegikoak, jo zuen atsedenaldian. ABBA taldearen Mamma Mia laneko musikak alaitu zuen giroa. Gainera, Easo Araoz Gaztetxo taldeko neskek Agur Jaunak abestu zuten ekitaldiaren hasieran eta Gaudeamus Igitur, amaieran.

Gradudun berri horietatik ia guztiek egin dute seihileko bat Europa, Amerika eta Asia-Pazifikoko unibertsitateren batean, Deusto Business Schoolek nazioarteko truke hitzarmenak baititu atzerriko ehun unibertsitate baino gehiagorekin. Gainera, ikasle guztiek ikasketak lanbide esperientziaren batekin gutxienez amaitu dituzte, Fakultateak lankidetza hitzarmenak baititu 400 enpresa baino gehiagok osatutako sarearekin. Deusto Business Schoolek prestakuntza integrala eskaintzen du, eta, beste zenbait ezaugarriren artean, nazioarteko ikuspegia eta orientazio praktikoa azpimarratzen ditu.

Gradudun berriok Deusto Business Alumniko kide izango dira, ikasle ohi guztiak (7.000 baino gehiago) biltzen dituen elkartean. Taldearen sorrerako helburua da pertsona horien eskaera eta beharrizanei eraginkortasunez erantzutea. 2018ko azaroan egindako azken inkestaren arabera, Deusto Business Schooleko gradudunen enplegu tasa % 96koa zen.

Ekitaldi honen bidez amaiera ematen zaie ahalegin handiko urteei; ahalegin handiko urteak, batez ere ikasleentzat, baina baita beren familiartekoentzat ere, ahalegin handiz eman baitiete beren babesa, eta, halaber, Unibertsitatearentzat berarentzat, bere misioa bete baitu, justiziarekin eta berdintasunarekin konpromisoa hartuko duen gizarte bati zerbitzua eskainiz.