Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko irailak 19Bilboko Campusa

José María Guibert errektorea: "Unibertsitateok jakintzaren mugetan egon behar dugu, baita gizarteko gatazka eta beharrizanen lubakietan ere”

Apertura del curso 2018-19

Deustuko Unibertsitateak gaur, irailak 19, eman dio hasiera 2018-2019 ikasturteari. Hitzaldian zehar, José María Guibert errektoreak unibertsitateei zentzua bilatzearen garrantziaz hitz egin du, argitalpen zientifikoetatik haratago. Eta horren inguruan azaldu du Unibertsitateok jakintzaren mugetan egon behar dugula, baita gizarteko gatazka eta beharrizanen lubakietan ere. Medikuntzako gradu berriaz ere hausnartu du, herrialdearen aldeko apustua dela eta jakintzaren elkarte hobea osatzeko lagungarria dela esanez.

Eucaristía de apertura de curso

Ekitaldi akademikoari paraninfoan eman zaio hasiera, A. Antonio España probintziala buru izan duen eukaristiaren ondoren. Homilia.

Eider Landaberea

Eider Landaberea idazkari nagusi berriak irakurri du 2017-2018 ikasturteko txosten akademikoa. Ondoren, irekiera-hitzaldia eskaini du Joseba Madariaga Deusto Business Schooleko irakasleak, “La sostenibilidad del sistema de pensiones” izenburupean.

Pentsio sistemaren iraunkortasuna

Joseba Madariaga

Irekiera hitzaldian, Madariaga irakasleak 2007an lehertu zen krisiaz hitz egin du eta ondoren utzi duen ikuspegi ekonomiko ilunaz; izan ere, langabeziaren, desberdintasunen eta jendearen atsekabearen lainoek goibeltzen dute gaurko paisaia hamarkada luze baten ondoren. Gizartearen haserrearen ondorioz, alderdi eta gizarte mugimendu berriak sortu dira, aplikatzen diren errezetez bestelako bideak proposatzen dituztenak, ez bakarrik Espainian, baita Euroguneko beste herrialde batzuetan ere.

Izan ere, kolokan jarri dira hainbat kontu, besteak beste, Europako proiektuaren onuragarritasuna, politika fiskala, immigrazio politika, zenbait sektoreri tasak aplikatu beharra eta abar; denak ere herritarren ongizatearekin lotuta dauden gaiak eta bideratzeko zailak gertatzen ari direnak ohiko alderdientzat.

Gauzak horrela, biztanleriaren zahartzea da duela urte batzuetatik hona gizarteak duen erronkarik handienetarikoa eta garrantzizko arazo ekonomikoak dakartza hainbat ikuspegitatik. Hitzaldiak pentsio sistemaren bideragarritasunari heldu dio bereziki. Kontu honek aztoratuta ditu gure jubilatuak, orain arte sekula izan ez diren mobilizazioak eragiteraino.

Sistemaren defizitak eta demografiaren bilakaerak erreformak egitera behartu ditu gobernuak; 2011koa eta 2013koa, esaterako. Erreforma guztiek ekarri dute ordezkatze-tasa (pentsioaren eta soldataren arteko kozientea) gutxitzea eta, ondorioz, pentsiodunen ongizatea murriztea, eta ez dute harrera onik izan gizartean. Horrez gain, irekiera hitzaldian diru-sarreren ikuspegitik proposatu diren irtenbideak aztertu dira. Halakoek ere jaso dituzte kritikak; beraz, agerikoa da “kontsentsuaren premia dagoela sistemaren sorreran izan zen belaunaldien arteko itunaren espiritua berreskuratzeko”, adierazi du Barandiaranek.

Irekiera hitzaldia. 

Errektorearen hitzak

José María Guibertek unibertsitatearen misioaren dimentsio desberdinen inguruan hausnartu du, eta zerk eragiten duen unibertsitate bat ona izatea eta bere misioa ondo betetzea. “Joan den uztailean, Deustuko Unibertsitateak nazioarteko unibertsitate sari bat jaso zuen, “Global Teaching Excellence Award (GTEA)” (irakaskuntzaren bikaintasuneko sari globala), Erresuma Batuko unibertsitate sektorea aztertzen eta lideratzen duten erakunde garrantzizkoenetarikoek emana. Sari horretara 300 unibertsitate aurkeztu ziren, 40 herrialdetakoak, kontinente guztietatik etorritakoak; eta, horien guztien artean, sei domina eman zituzten: Sari global bat eta bost accesit. Accesiten artean dago Deustuko Unibertsitatea”, adierazi du errektoreak pozez.

Errektoreak azaldu du sarira aurkezteko prestakuntza, asmoa hori izan ez bada ere, Deustuko Unibertsitatearen azken hamabost urteetako irakaskuntzaren berrikuntzako barne ebaluazio prozesu bat izan dela, “gure punturik sendoena”, eta egungo unibertsitateen jardueren ebaluazio eta neurketa sistemei buruzko hausnarketa egiteko.

Azken hamabost urteotan, biderkatu eta hobetu egin dira adierazleak, ranking-ak eta akreditazioak. Jarduera hori guztia oso positiboa da, lagundu egiten baitu unibertsitateak erakunde gisa duen balioa ezagutzen, erakundeak euren artean konparatzen, edo politika publiko edo herrialde mailakoak egiten. Baina horrek –dio José María Guibertek– identifikatzen du edo ia parekatzen du zein zerbitzu egiten duen mota bateko ikerketa egiten duen unibertsitate batek, unibertsitateek egiten dituzten bestelako ekarpenak baztertuz.

Hala, denbora tarte horretan, ebaluazio arlo nagusiena ikerketa indexatuko ikerketaren emaitzari lotua izan da. Eta horrekin neurtzen da unibertsitate batek gizarteari egiten dion ekarpen osoa. Baina gauza bat da atal bat eta bestea da ekarpen osoa. Atala da unibertsitatearen misioetariko bat (jakintza mota bat sortzea). Ekarpen osoa misio hori eta beste guztiek osatzen dute, batez ere ikasleengatiko interesa, pertsona eta herritar gisa prestatzeko interesa, eta lidergo soziala, hau da, gizarteari egiten zaion ekarpena, gobernuekin, enpresekin eta beste erakunde batzuekin elkarreraginean diharduen beste eragile bat bezala.

Egiazki, ikerketa eta egia bilatzea gizarterako ona da, eta aitortu behar da gizarteak zientziaren eta teknologiaren lorpenen mendekoago daudela gaur. Errektorearen aburuz, arazo iturria da tresnarik eta hizkuntza egokirik ez izatea unibertsitate batek ematen duen zerbitzua neurtzeko bere testuinguruan eta ekarpenaren zati batekin geratzea, denarekin geratu beharrean.

Errektoreak azaldu du badagoela Europan eta munduan jarduera zientifikoa beste era batera neurtzeko (eta finantzatzeko) mugimendu bat, bikaintasun zientifikoaren neurketak ez baitu batzuetan kontuan hartzen gizarteak zer eskatzen duen, diziplinen arteko eta sektoreen arteko ikerketa, lankidetzakoa eta eragina duena, hain zuzen ere. Horri dagokionez, José María Guibertek uste du bidegurutze interesgarri batean gaudela, etorkizuna jokoan dugun bidegurutze batean. “Etorkizuna hauxe da: unibertsitateei zentzua bilatzea, argitalpen zientifikoetatik haratago”, adierazi du.

Ondorioa erraza dela azaldu du. “Unibertsitateak ezagutzan aurrera egiteko ez ezik, ekonomiak mugitu eta nazioak ere sortzeko lana ere egin behar du”, argitu du. Garrantzi handiko kontua da, jokoan baitago ikuspegi estua eta txiroa edo eskasa izan ala ez unibertsitatearen misioaren inguruan. Eta hauxe erantsi du: “Jakintzaren mugetan egon behar dugu, baita gatazken eta gizarte beharrizanen lubakietan ere”.

Medikuntzako gradua, herri mailako apustua

Errektorea hitzaldiaz baliatu da Deustuk zein testuingurutan lan egiten duen hausnarketa egiteko. Bere esanetan, gizarte baten arrakastaren faktoreetariko bat erakunde publikoen, irabazi asmodun erakunde pribatuen eta irabazi asmorik ez duten erakundeen arteko orekan datza. Era askotako ekimenak erregulatzen eta sustatzen jakin behar du aurrerakuntzari bidea egiteko, oztopoak jarri beharrean. Horixe da lehiakortasunaren, gizarte kohesioaren eta aurrekuntzaren funtsezko oinarria, gero eta konplexuagoa den munduan.

Gure herria, Euskadi, ez litzateke den bezalakoa izango publiko/pribatu disjuntiba era baztertzailean erabili izan balitz; ez genuke itunpeko irakaskuntzarik izango, ez ikastolarik, ez kooperatiben mugimendurik. Publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta gizarte ekimena herri honen DNAren parte da. “Hori da gure eredua ere; Deustuk eredu horretan egin nahi du bere ekarpena, eredu horrek ekarri baikaitu denok gauden tokira eta horri esker dago Euskadi giza garapen indizeen buruan”.

Ildo horretatik, José María Guibert errektoreak “arlo publikoa” birpentsatzeko gonbidapena egin du eta “helburu publikoetarako lankidetza” kontzeptua defendatu du. Hausnarketa horren atzean badago baieztapen bat: publikoa helburua izan behar da, ez nahitaez titulartasuna. Bestela esanda, urrats bat eman eta “helburu publikoetarako lankidetzaz” hitz egin behar dugu. Garrantzizkoena da zerk egiten dion mesede biztanleriari oro har; “eta horretan denok gara partaide”, zehaztu du.

Errektorearen ustez, munduan garapen iraunkorreko eredu diren lurralde eta eskualdeak lankidetzan eredugarri dira. Klusterrak eta jakintzaren erakarguneak eragile guztien lankidetzaren eta ekarpenaren inguruan eratzen dira, unibertsitate, zentro teknologiko, ikerketa zentro, I + G-ko unitate, korporazio, enpresen inguruan. Eta gauzak hala izanik, galdera hau planteatu du: zergatik egin beharko ote liokeen uko herri batek, gizarte ekimenetik, goi mailako ekarpen berriak egiteari, ikerketari edo transferentziari edozein jakintza arlotan. Beti ere, bi premisa izanik: gizarte funtzioa eta denon ongia, eta zorroztasuna, kalitatea eta bikaintasun akademikoa.

Hausnarketa hori egin du errektoreak Deustuko Unibertsitateak Medikuntzako gradua sortzea planteatu duen honetan. “Medikuak behar ditugu. Bilbok eta inguruak indartu egin nahi dute unibertsitate eta jakintza hiri gisa. Deustuk hezkuntza medikoko metodologia berritzaileak ekar ditzake (AOI – Arazoetan Oinarritutako Hezkuntza), Euskadin ez daudenak. Egin egingo dugu. Astean sei ordu emango dituzte eskolan talde handian, hamar talde txikietan AOI jardueretan, kasuetan eta praktiketan. Eta beste 25 ordu bakoitzaren lanean edo taldeetan", azaldu du.

Euskadin soilik, urtean ia 2.000 eskaera daude medikuntza ikasteko artatu ezin direnak. Alde horretatik, Deustuko Unibertsitateak zentro berritzaile bat sortzeko proposamena egitea eta 80 plaza hartzea aukera bat da eta osasun zientzien arloko apustua egitea, unibertsitatea zientifikoki hobetzen duena.

Deustuk eraikiak ditu 900 m2 laborategi. Hitzartuta du IMQ-Zorrotzaurrerekin disekziorako berariazko gelak, medikuntzako trebetasunak ikasteko, simulazioko praktikak eta bestelakoak egiteko. Eta datorren astean hasiko da AOIri buruzko berariazko prestakuntza irakasle berrientzat. “Ikasten dugunarekin, metodologia hori beste gradu batzuetan aplikatu ahal izango dugu”, aurreratu du.

Bestalde, “Deusturen apustua –errektoreak adierazi duen bezala- ekarpen ona izango da osasun sistemarako”. Euskadin 2.300 ikertzaile daude bio-medikuntza arloan eta 13.200 mediku elkargokide. Medikuntzako beste fakultate batek irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako aukera gehiago zabaltzen ditu. Era berean, osasun zentroek kalitate maila hobetuko dute eta aukera gehiago izango dute talentua erakartzeko eta sendagileen defizita murrizteko, beste unibertsitate batzuekiko itunak indartzeaz aparte. Azken batean eta horregatik guztiagatik, “uste dugu Deustuko proiektua herrialde mailako proiektua dela eta laguntza ere bai jakintzaren elkarte hobea eratzeko”.

Deustu Lanbide Heziketarekin

Errektoreak, bere berbaldiari amaiera emateko, poza adierazi du Deustuko Unibertsitateak Gasteizen Egibideren lankidetza eta partaidetzarekin sortu duen gradu berriagatik, Industria Digitaleko gradu dualagatik. Arrakastatsua izan da, batzuen eta besteen lankidetzagatik ez ezik, unibertsitatearen eta lanbide heziketaren arteko zubi bat sortzea ekarri duelako ere. “Gizarte kohesioa bilatzeak zubiak eraikitzea eskatzen du, ez gazteak banatzea, denentzako aukerak sortzea baizik”.

José María Guibertek erantsi du etengabeko prestakuntza, bizitzan zeharreko ikaskuntza, birziklatze lana dela unibertsitateen beste eginbehar bat. “Gizarte konplexu eta aldakor batean, pertsona gehiagori beste aukera batzuk ematea gure gizarte eginkizunaren atal bat da. Hori guztia egin ahal izan da arabar erakundeen babesari esker. Berriro ere argi geratu da erakundeen babesik gabe, unibertsitateok ezin garela existitu”, azpimarratu du.

Azkenik, Deustuko agintari gorenak iragarri du Unibertsitatea giza eskubideei eta teknologia berriei buruzko adierazpen bat prestatzen ari dela; laster aurkeztuko da, Deustuko teknologia, etika edo enpresa arloetako ikertzaileen ekarpenekin. Adierazi du Zuzenbideari dagokiola esplotazioari eta gehiegikeriari mugak jartzea, teknologiaren kudeaketatik pertsona babesteko; eta erantsi du “giza eskubideen laugarren belaunaldi bat" beharko dela, “aro digitaleko giza eskubideena”.

Errektoaren hitzak.

Ekitaldiari amaiera emateko, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu mintzatu da. Lehendakariaren hitzak.
 

 

19/09/2018 - Apertura de curso académico 2018-2019. Universidad de Deusto