Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2016ko apirilak 29Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak Graduondoko eta Etengabeko Hezkuntzako Unibertsitate Sarearen urteroko Biltzarra antolatu du EHUrekin batera, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko harreman berriak aztertzeko

50 unibertsitatetako 70 agintari akademiko inguruk hausnartuko dute, apirilaren 28an eta 29an, prestakuntza dualaren, nazioarteratzearen eta lineako formazioaren inguruan.

Hizlarien artean egongo dira Javier Echeverria, Ikerbasqueko ikertzailea, “¿Formación universitaria en la nube?” gaiaz hitz egiten; eta José Antonio Marina filosofoa, unibertsitate sistemak dituen erronken inguruan hausnartzen.
 

Graduondoko eta Etengabeko Hezkuntzako Unibertsitate Sareak (RUEPEP) Bilbon ospatuko du aurtengo urteroko topaketa, erakundeko kide diren Deustuko Unibertsitateak eta EHUk batera antolatuta. RUEPEP Espainian goi mailako etengabeko prestakuntzako erreferentea da eta erakundearen helburu nagusia da gizartearen beharrizanetara eta enpresen eskarietara egokitutako titulazioak ahalik eta bizkorren prestatzea.
 

50 unibertsitatetako graduondokoetako, etengabeko prestakuntzako eta Unibertsitatearen eta Enpresen arteko harremanen esparruko 70 pertsona inguruk hartuko du parte aurtengo edizioan, apirilaren 28an eta 29an. Biltzarrak garrantzi handiko hiru gai jarriko ditu mahai gainean, datozen urteetan Espainiako unibertsitateetan jorratuko direnak: prestakuntza duala, nazioarteratzea eta lineako prestakuntza. Gaien dimentsio guztiak aztertu eta eztabaidatuko dira, metodologia aktibo eta interaktiboko saioetan, ponentzietan eta mahai-inguruetan.
 

Hizlaririk garrantzitsuenen artean egongo da Javier Echeverria, Ikerbasqueko ikertzailea eta Zientziaren Filosofiako katedraduna. Berak eskainiko du hasierako hitzaldia: “¿Formación universitaria en la nube?”. Amaierakoa, berriz, José Antonio Marinak emango du: “Retos del Sistema Universitario español”.
 

Biltzarraren hasiera ofiziala apirilaren 28an izango da, 9:30ean, EHUren Bizkaia Aretoko Baroja entzunaretoan. Bertan egongo dira Deustuko Unibertsitateko errektorea, José María Guibert, eta EHUkoa, Iñaki Goirizelaia; baita Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateen zuzendari nagusia ere, Javier Alonso. Jarraian izango da hasierako hitzaldia eta, ondoren, lehenengo mahai-ingurua: “Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzako espazio berriak: prestakuntza duala”. Parte hartzaileak hauek izango dira: Ixaka Egurbide, Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolako zuzendaria (Makina Erremintaren Institutua, EHUra bildutako zentroa); Ferrán Badia, Lleidako Unibertsitateko Plangintza, Berrikuntza eta Enpresako errektoreordea; Mercé Chacón, BANKIAko LH Dualeko zuzendaria; José Luis Larrea, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Orkestra) ohorezko presidentea; eta Iñaki Torrecilla, Goratu taldeko kontseilari delegatua.
 

Egun horretako arratsaldeko saioan, 15:00etan, Deustuko liburutegian, “Nazioarteratzearen erronkak etengabeko prestakuntzan eta graduondokoan” world kafea prestatu da. Hizlaria Ixaka Egurbide izango da eta Jon Martín EHUko Arte Ederretako irakaslea arituko da marrazkilari lanetan.
 

Apirilaren 29ko ekitaldiak 9:30ean hasiko dira, "Lineako prestakuntza Unibertsitatearen aldaketa digitalaren esparruan” mahai-inguru interaktiboarekin. Parte hartzaileak hauek izango dira: Antón Seoane, Salamancako Unibertsitateko “Grupo de Investigación en Interacción y e-Learning” ikertaldeko koordinatzaile akademikoa; Teresa Romeu, Kataluniako Universitat Obertako Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakaslea eta e-Learning-eko aditua; eta Pedro Pernías, Alacanteko Unibertsitateko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakaslea eta UNIMOOCeko koordinatzaile eta Teknologiako zuzendaria.
 

12:00etan, José Antonio Marina filosofo eta idazleak “Retos del Sistema Universitario español” izeneko amaierako hitzaldia eskainiko du. Ondoren, Nekane Balluerkak, EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, eta Víctor Urcelayk, Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak, emango diote amaiera biltzarrari.
Agenda osatzeko, gizarte eta kultura arloko jarduera programa zabala egongo da: hiria bisitatzeko aukera, itsasontzian ibiltzekoa eta Bilboko udaletxean egingo den harrera, besteak beste.
 

https://drive.google.com/a/deusto.es/file/d/0ByQwF2Y-LgCiaHJGQ01uT0pPRTQ/view
 

http://xvruepep-ehuud.es/
 

28/04/2016 - Congreso anual de la Red Universitaria de Estudios de Posgrado y Educación Permanente (RUEPEP)