Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko uztailak 21Donostiako Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta Tekneik zientzia eta teknologia arloko gazte profesionalen sustapenean elkarrekin lan egingo dute, unibertsitate-enpresako gela teknologiko berri bat sortuz

Deustuko Unibertsitateak eta Teknei talde teknologikoak hitzarmen bat sinatu dute datozen hiru ikasturteetan bi erakundeentzat interesgarriak izan daitezkeen zientzia eta teknologia esparruetan elkarrekin lan egiteko, bereziki, gazte profesionalen sustapenean. Hitzarmena Joseba Lekube Tekneiko zuzendari exekutiboak eta Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak sinatu dute. Prestakuntza jarduerak elkarrekin egitea bultzatu nahi dute, unibertsitate-enpresako gela teknologiko bat sortuz. Gela horrek Deustuko Unibertsitatearen Donostiako eta Bilboko campusetako proiektuak eta ikasleak hartuko ditu, baita konpainiak bi lurralde historikoetan dituen profesionalak ere.

Informatikako Ingeniaritzarekin, Datuen Zientziarekin eta Adimen Artifizialarekin lotutako jarduerak sustatuko dira. Jarduera horien artean azpimarratzekoak dira irakasleen prestakuntza, hezkuntzako edukiz hornitzea, prestakuntza arautuko eta etengabeko prestakuntzako jarduerak edo unibertsitate hedapeneko jarduerak aurrera eramatea, horien artean, aurkeztu berri den gela teknologikoa. Era berean, bi erakundeek ekitaldiak elkarrekin antolatuko dituzte Deustuko Unibertsitatearen instalazioetan (hitzaldi teknikoak, mintegiak, produktuen aurkezpenak, topaketa profesionalak) eta elkarlaneko ikerketa proiektuak bultzatzeko lan egingo dute.

“Guretzat harro egotekoa modukoa da Deustuko Unibertsitatearekin lan egitea”, esan zuen Joseba Lekube Tekneiko sortzaile eta zuzendari exekutiboak. “Gure ustez, hezkuntza arloko erakundeen eta enpresa munduaren arteko elkarlana funtsezkoa da prestakuntza osatzeko, merkatuko beharren ikuspegia eta erronka errealei konponbide bat emango dieten soluzio teknologikoen aplikazioa ere kontuan hartzeko. Gainera, aukera ematen digu esparru honetako gazte profesionalekin harremanetan jartzeko, etorkizunean haien talentua erakartzeko. Datozen urteetan, datuen industria berriko profesionalen eskaria asko handituko da: adimen artifizialean espezializatutako sistemen ingeniariak, datuen zientzialariak, datuen arkitektoak... Horregatik, garrantzitsua da pertsonak industria handi berri hau osatzen duten teknologietan prestatzea”, erantsi zuen Lekubek.

Ideia bera azpimarratu zuen Asier Perallosek, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak: “Adimen artifizialak IKTen sektorea eta beste lanbide asko eta asko irauliko ditu. Inoiz ikusi ez den jauzi kualitatibo bat ikusten ari gara bai erakundeetan eta negozioetan sortzen ari diren igurikimenetan, baita gure ikasleen etorkizuneko igurikimenetan ere. Izugarriko aukerak irekitzen ari zaizkie”. Hala ere, hainbesteko abiaduran aldatzen ari den eta hobi zehatz asko dituen arlo honetako unibertsitate prestakuntzan lider izateko “ezinbestekoa da beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea; ez da nahikoa zure erakundean duzun jakintza, etengabe hitz egin behar da teknologia ekoizpen sektoreetara aplikatzerakoan erreferentzia diren enpresekin. Eta Teknei horietako bat da. Deustun jakintzagaiak eta gaitasunak ikuspegi integralarekin lantzen ditugu, alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuz. Gaurkoa bezalako lankidetzei esker, eskoletan enpresa kasu arrakastatsuak landu ditzakegu, gure ikasleei esperientzia berezia ematen dietenak”, erantsi zuen.

Deustuko Ingeniaritza Fakultateari buruz

Deustuko Unibertsitatea gizarte ekimeneko ikastetxe bat da. Bilbon eta Donostian ditu campusak eta Gasteiz eta Madrilen, egoitzak. 130 urte baino gehiagoko ibilbidea du goi mailako hezkuntzan eta ekarpen handia egiten dio ekonomia, gizarte eta teknologia garapenari.

Ingeniaritza Fakultatearen eta bertako Teknologia Institutuaren-DeustoTech bidez, teknologia arloan ikertzen du, bereziki adimen artifizialean, nonahiko konputazioan eta konputazio sistemetan, industria sektore askotan aplikatzeko, esate baterako, industrian, mugikortasunean, energian edo gizartean, oro har.

Deusturen bereizgarrietako bat da espiritu ekintzailea eta prestakuntza integrala sustatzea, enpresekin harremanetan. Garrantzi berezia ematen zaie programa dualei eta enplegagarritasunari. Hala, ikasle guzti-guztiek egiten dituzte praktikak enpresetan.
Unibertsitateaaren ezaugarri dira, halaber, justiziarekiko konpromisoa eta nazioarteko proiekzioa, bai nazioarteko proiektuen garapenaren eta lidergoaren bidez eta bai programa akademikoen nazioartekotzearen bidez. Hain zuzen ere, ikasleen % 15 atzerritarrak dira, munduko 68 herrialdetatik datoz.

Deustun 10.000 ikaslek baino gehiagok egiten ditu Graduko eta Masterreko ikasketak. 7 ikasletatik 1ek unibertsitatearen beraren beka jasotzen du ikasketak egiteko. Etengabeko prestakuntzan eta executive programetan 5.000 ikasle baino gehiago ditu.
Deusturi buruzko informazio gehiago

Tekneiri buruz

Teknei soluzio informatikoetan eta informazio sistemetako sistema osagarrietan enpresa liderra da. 2010ean sortu zenetik, I+G+Bn egiten duen inbertsioari eta hainbat esparru teknologikoko enpresa estrategikoak erosteari esker, Tekneik hainbat esparrutako zerbitzua eta soluzioak eskaintzen ditu: ECM (Enterprise Content Management), RPA (Robotic Process Automation), zibersegurtasuna, outsourcing, identitate digitala eta blockchain.

Teknei buruzko informazio gehiago