Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko martxoak 26Bilboko Campusa

Deustuko Estibaliz Linares ikertzaileak nerabeek errepikatzen dituzten errealitate matxista digitalak aztertu ditu doktoregoko tesian

“El iceberg digital machista” izenburuko doktoregoko tesia defendatu du Estibaliz Linaresek Deustun, Euskadin nerabeek errepikatzen dituzten errealitate matxista digitalak aztertzen dituena. María Silvestrek eta Raquel Royok zuzendu dioten ikerlanak genero arloko eten digitalak identifikatzen ditu, hedabideek, bideojokoek, ziberkontrolak eta ziberjazarpen sexualak eta/edo sexistak sortuak. 15 eta 17 urte bitarteko neska-mutilekin egindako ikerlanaren helburua da hezkuntzako testuinguru formalean prebentzioa eta esku hartzea egitea.


Lanean ikusi daiteke generoari lotutako bigarren eten digital bat dagoela, hedabideek transmititzen duten imajinario kulturaletik sortzen dena eta neskak sektore informatikoetatik urruntzen dituena. Dena den, badira neskak, gutxi baino ez badira ere, teknologietatik hurbil daudenak eta sektore horrekin lotutako etorkizuna planteatzen dutenak. Kasu horietan, neska nerabe horiek emakumezko erreferente informatiko hurbil bat izaten dute, eskema malguetan oinarritutako sozializazioa eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza jaso dute.


Bideojokoen mundua da genero arloko hirugarren eten digitala betikotzen duen funtsezko beste espazio bat. Izan ere, Linares ikertzaileak frogatu duenez, jokorik erabilienak parametro sexista eta matxistekin diseinatu dira (asko indarkeria matxista karga handikoak dira). Horrek arbuioa eta aurkakotasuna sorrarazten die neskei; mutilen artean, ordea, lotura erabat positiboa gertatzen da. Hala, bideojokoa funtsezko tresna bihurtzen da, mundu teknologikorako atea zabaltzen duena, baina ez berdintasun mailan.


Neskak aktiboagoak dira Instagramen


Genero arloko hirugarren eten digitala eragiten duten beste bide batzuk YouTube eta gizarte sareak dira. Zehazki, YouTube da gehien erabiltzen duten kanaletariko bat (neskek zein mutilek) eta youtuberren artean batzuk eta besteak daude. Formatu horretan argi ikusten da anbibalentzia hori: badira espazio subertsiboak, baita indarkeria sinbolikoz eta sexismoz beteak ere, espazio erabat banatuak. Ikerketan agerian geratzen da, bestalde, web orriak erabiltzeari utzi egin zaiola.


Gizarte sareei dagokienez, Estibaliz Linaresek zehazten du neskek eta mutilek gehien erabiltzen dituzten sareak WhatsApp, Instagram eta Snapchat direla. Neskak aktiboagoak dira irudiak erakusten dituzten sareetan, Instagramen, esaterako, eta beren diskurtsoek gainesposizio horrek eragindako antsietatea erakusten dute eta, ondorioz, sufrimendua eta euren gorputzak arbuiatzea eragiten die.


Ikertzaileak ziberkontroleko jarreretan ere sakondu du eta zera ikusi du: neskek diote kontrolatzaileagoak direla azken orduko konexioen eta sareen zainketan. Hala ere, kontrol hori era pasiboan gertatzen dela antzematen da, hein handi batean maitasun erromantikoaren mitoen inguruan eratuta eta normalizatuta dagoen menpekotasun emozionala dela eta. Mito horien artean daude jeloskortasuna maitasunaren neurri gisa hartzea eta esklusibitatea.


Ziberjazarpen sexual eta/edo sexistaren inguruan, Estibaliz Linaresek dio emakumearen gorputza gauza bihurtu dela sarean neurri handian. Horrez gain, betikotu egin da nesken kontrako ziberjazarpena forma guztietan eta helburua da emakumezkoaren sexualitatea kontrolatzea. Parametro horietan, ikusten da emakumezkoen sexualitatea oinarri zapaltzaile eta kartzela kutsukoetan dagoela diseinatuta; eta oinarri horiek hausten dituztenak “bestelakotzat” hartzen direla. Estigma bat da hori, hauekin enpatizatzea eragozten duena eta etengabeko berbiktimizaziora kondenatzen dituena.


Zurztasun digitala


Azterlanean ikusi da badirela beste ziberindarkeria matxista batzuk, youtuber batzuek jasaten dituztenak, edo betikotzen direnak, Ask bezalako kanaletan. Hala eta guztiz ere, indarkeria mota horiek arruntak izan arren, foroetan aztertu daitekeenez, indarkeria horiek izengabeak dira; hala izateak eragiten du indarkeria horiek ez antzematea eta, ondorioz, esku hartzerik ez egitea, hartara, estigmatizazio handiagoa legitimatuz.


Deustuko Unibertsitateko doktore berriaren ustez, hezkuntza formal eta informal digitala sistema desegituratzeko tresna bat da eta aldaketarako eragile. Dena den, uste du urritasun handiak daudela alde batetik eta bestetik; eta horrek “zurztasun digitala” ekarri duela.


Hala ere, Estibaliz Linaresek zehazten du nerabezaroa oso plurala dela eta haien diskurtsoetan era askotako identitateak daudela, errealitate alternatiboak aztertzeko gogoa eta ohiko genero arauetatik irteten direnak. Bada, beraz, roletan aldaketa gertatuko delako itxaropen sendoa. Baina, hezkidetzarako espazio sendoagoak eta iraunkorragoak sortzen jarraitu behar da, saio kopuru jakin batera mugatu gabe eta emakumeok ahalduntzera eta indartzera soilik bideratu gabe. Batzuetan mutilek dituzten pribilejioei uko egitea ere ekarri behar du.


Tesiak ondorioztatzen du errealitate zibernetikoa askoz konplexuagoa dela, batzuetan espazio eraldatzaileak eta oso matxistak ere aurkitu daitezkeelako. Horrek esan nahi du teknologiek berez ez dutela ziurtatzen sexismorik gabeko espaziorik.