Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko urtarrilak 29Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak 1.500 tituludun berrien ikasketa amaiera ospatu zuen

Urtarrilaren 29an, San Tomas Akinokoaren festaburua ospatu zuen Deustuko Unibertsitateak, ikasketa ofizialak 2016-2017 ikasturtean amaitu zituzten Bilboko eta Donostiako campusetako fakultateetako eta Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako ikasleen lehenengo inbestidura ekitaldiarekin.


Guztira, 1.504 ikasle izan dira ikasketak amaitu dituztenak. Horietatik, 260 Zuzenbidekoak dira; 13, Teologiakoak; 306, Psikologia eta Hezkuntzakoak; 327 Ekonomia eta Enpresa Zientzietakoak; 308, Gizarte eta Giza Zientzietakoak; 148, Ingeniaritzakoak; 2, Erlijio Zientzien Goi Institutukoak; eta 140, Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolakoak. Tituludun berri horiei 2017an doktoregoko tesia defendatu zuten 77 doktore berri ere gehitu behar zaizkie.


Ekitaldi akademikoan, Teologiako Fakultateko tituludun berrien eta doktore berrien inbestiduraz gain, Karrera amaierako DU Sariak eman zitzaizkien ikaslerik bikainenei, Honors Programakoak eta Mendieta eta Lambarri Fundazioarenak. Era berean, Jabier Martínez Lópezek «Enpresen Lehiakortasuna eta Garapen Ekonomikoa» doktorego programakoak, Doktoregoko Tesirik onenaren Ignacio Ellacuría Saria jaso zuen, «Aportaciones de la doctrina social de la iglesia a las teorías de bienestar, sostenibilidad y crecimiento económico de la economía convencional: una aplicación empírica» izenekoagatik. Horrez gain, Deustun bere laneko ibilbidea amaitu duten irakasle emeritu, bestelako irakasle eta lankideei omenaldia eskaintzeko ere balio izan zuen ekitaldiak.


Hala, San Tomas Akinokoaren eguna unibertsitateko elkartearen egun bihurtu zen. Egun pozgarria izan zen, titulua edo diploma eskuratu zuten Deustuko Unibertsitateko doktoreentzat, lizentziatuentzat eta Teologiako Batxilerrentzat, graduan ikasketa espediente onak izan dituzten saridunentzat, eta Unibertsitateko zerbitzuan urte luzeak eman dituzten omenduentzat. Bakoitzak bere esparruan egindako lan bikainagatik eskerrak emateko eguna izan zen.


José María Guibert errektorearen hitzak


Inbestidurako lehenengo egun hau aprobetxatu zuen Deustuko Unibertsitateak Paraninfoa berriro zabaltzeko, zaharberritze eta errehabilitazio osoa egin ondoren, koadro eta mihiseenak barne. Arte lanen artean, azpimarratzekoa da Paraninfo berrituaren buruan dagoena, “San Tomas Akinokoaren apoteosia” izenez ezagutzen dena. Margolan horren inguruan, hausnarketa pare bat egin zituen José María Guibert errektoreak.


Lehenengo eta behin, gogorarazi zuen lana, Sevillako ikastetxe baterako egina eta doktoreen prestakuntzari eskainia, doktoreak prestatzea goraipatzeko egin zela. Zientziaren alde lan egitea, oraindik ere, erronka bat da. Hala ere, zenbait girotan errazago azpimarratzen da “prestakuntza praktikoa”; eta, gutxiago, ordea, teoria eta jakituria. Hala ere, jakintza sortzen eta ikerketan aurrera egin beharra dago eta, ondorioz, doktoreen prestakuntzak aurrerapausoak eman behar ditu, unibertsitateak gizarteari egiten dion ekarpenetariko bat izaten jarraitzeko. Hori dela eta, San Tomas Akinokoaren koadro horrek lagundu digu prestakuntza intelektualari berriro ere balioa ematen, “denontzat ona delako”, adierazi zuen.


Bigarren koadro bati begira ere jarri zen errektorea, eta haren beheko aldean ageri den pertsonaiari begira, ez baita ez akademikoa, ez erlijiosoa: Karlos V.a, enperadorea. Bertan ageri da, doktoreak prestatzen zituen erakundearen mezenasa zelako. Horrek gogorarazten digu jarduera akademikoak finantzazioa behar duela, zailtasun handiak baitituzte unibertsitateek ekonomikoki iraunkorrak izateko eta ahalegin handiaren puruz baino ez baitute lortzen irautea.


Deustuk erakunde askoren beharra du, ikastetxea mantendu ahal izateko. Euren artean, errektoreak aipatu zuen Paraninfoaren zaharberritzea posible egin duena: Gondra Barandiarán Fundazioa. Paraninfoa areto berezia da, unibertsitateko bizitzaren bihotza izateko sortua. Unibertsitateko Eraikin Nagusian edo Literarioan dago kokatuta eta 1886koa da.


Azken urteotan, Paraninfoak zenbait arazo zituen sabaitik eta hormetatik iragazten zen hezetasunagatik eta perimetro-paretetan denboran zehar izan diren mugimenduengatik. Horiek guztiek kalte ugari eragiten zituzten, eta ekitaldi aretoaren egoera kezkagarria zen. Konponketak egiten saiatu ziren, baina oso txikiak izan ziren. Obraren kostuak ordain ezinezkoak ziren eta, arrazoi horregatik, ezin izan zitzaien ekin oraintsu arte, Gondra eta Barandiarán Fundazioari esker.


Konponketa osoa izan da: sabaia, hormak, leihoak, dekorazioko pintura, igeltsuzko bustoak, balkoietako kasetoiduretako elementu urreztatuak, mihiseetako pinturak, etab. Argiteria ere berritu da. Sarrera nagusiko alfonbra ere aldatu da. Zokaloa eta eskudelak pintatu dira. Kultura-ondasun aitorpena duen tokia denez, konponketak Udalaren obren lizentzia eta Aldundiko Ondare Zerbitzuaren aldeko txostena behar izan ditu.


Hori dela eta, Gondra Barandiarán Fundazioari eskerrak emateko eguna ere izan zen, inbertsioaren finantzazioagatik, laurehun mila eurotik gorakoa izan baita. Ekitaldian izan zen patronatuko burua, Guillermo Barandiarán. Berak desestali zuen plaka bat sarreran, Fundazioak toki horretako obraren finantzazioan izan duen paper garrantzitsu eta esanguratsuaren oroigarri.


Azkenik, José María Guibert errektoreak hausnarketa bat egin zuen egungo ikasleen ezaugarri baten inguruan, “Z generazioaren” partaide izatearen inguruan, hain zuzen. Belaunaldi horretakoen ezaugarri berriak aipatu zituan, horrek ikaskuntza prozesuetan dituen ondorioez hausnartu zuen eta jarduteko ildo batzuk proposatu zituen, unibertsitatea aldatu dadin eta “Z belaunaldia" hobeto artatzeko gai izan gaitezen.


Aldaketa batzuk aipatu zituen: unibertsitateko zerbitzuetara noiznahi sarbidea izatea, edozein toki edo plataformatatik, etab. Nabarmendu zuen digitalizazioa lortu beharra zegoela, gure eraikin eta espazioen bateratasun digitala eta fisikoa lortzeko. Gogoratu zuen wifi zerbitzua eman beharko dugula, oinarrizko giza beharrizan izanik, eta bideoen editore eta sortzaile izan behar dugula; horrez gain, datuak eta analytics zerbitzuak erabiltzen ikasi beharko dugula, laguntza jakin bat une jakin batean emateko ikasle bakoitzari. Eta zibersegurtasunari buruzko eta datu pertsonalak babesteko informazioa eman beharko dugu, gure prestakuntza programen barruan. Azken batean, onartu egin beharko ditugu ikasleak, haien ikaskuntza inguruen sortzailekide gisa, eta gida digitalen mentore gisa kontratatu beharko ditugu.


Errektorearen hitzetan, arlo horren eta ikaskuntzan duen eraginaren inguruan, pauso ugari eman dira unibertsitatean; baina gauza asko ulertzeko eta egiteko era asko aldatuko dira. Horixe da ate joka dugun etorkizuna.


Errektorearen diskurtso osoa


Fakultateetako inbestidurak


Urtarrilaren 29tik aurrera, ospatuko dituzte gainerako fakultateek inbestidura ekitaldiak egutegi honen arabera: Bilboko Zuzenbidea eta Donostiako Gizarte eta Giza Zientziak, otsailaren 3an; Bilboko Psikologia eta Hezkuntza, otsailaren 10ean; Bilboko Gizarte eta Giza Zientziak eta Donostiako Psikologia eta Hezkuntza, otsailaren 17an; Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientziak (gradu bikoitzak), martxoaren 3an; Bilboko Ingeniaritza, martxoaren 24an; Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientziak, apirilaren 14an; eta Donostiako Ekonomia eta Enpresa Zientziak, apirilaren 21ean.
 

29/01/2018 - Celebración de Santo Tomás de Aquino