Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko martxoak 14Bilboko Campusa

José María Guibert errektoreak eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak inauguratu dute Deustuko Unibertsitateko XIV. Enplegu eta Ekintzailetza Foroa

Gazteen enpleguari eskainitako gosari batekin eman zioten hasiera XIV. Enplegu eta Ekintzailetza Foroari José María Guibert errektoreak eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, martxoaren 14an. Ekitaldi horretan Orkestrako Susana Franco ikertzaileak ere parte hartu zuen, enpleguaren etorkizunaz hitz egiten.
Deustuko unibertsitate prestakuntza eta lan-merkatuaren beharrizanen artean dagoen lotura oso sendoa da. Izan ere, José María Guibert errektoreak azaldu zuen bezala, unibertsitateak aldian-aldian aztertzen du egoera eta berritzen ditu ikasketa planak, eskaerei hobeto erantzuteko. Unibertsitateak eskaintzen duen prestakuntzari dagokionez, errektoreak bi ikuspegi kontrajarri ikusten ditu: bata baikorra eta bestea kritikoagoa edo zalantzazkoagoa.


Ikuspegi baikorrak ikusten du etorkizuneko ekonomiak unibertsitateko gradudun ugari beharko dituela, lanpostuetako ezagutza beharrizanak etengabe ari baitira gehitzen. Horri esaten zaio jakintzaren gizartea. Ikuspegi baikor horretan, hobetu egiten da unibertsitateak ekonomiari eta gizarteari egiten dion ekarpena. Eta gradudunen lana estatus handiagokoa, autonomoagoa eta goi mailako trebetasunak dituela hautematen da. Ikuspegi horrek, ordea, errektorearen ustez, arazo bat du: idealizatu samar dago.


Haren hitzetan, errealitatea apur bat konplexuagoa da. Izan ere, ez dago argi gaur egun gradudunek benetan zein sektoretan amaitzen duten. Oraindik ez dago ikerketa askorik eta ikertzen jarraitu beharra dago. Non lan egiten dute azkenean? Zelako lanak egiten dituzte? Zer iritzi dute enplegu emaileek gradudunez? Gradudunen gaitasunak benetan dira baliagarriak? Zer gaitasun falta zaizkie? Erantzunak ez dira errazak. “Argi dago laneko testuinguruak oso desberdinak direla sektore, sail eta espezialitateen arabera”, azaldu zuen José María Guibertek.


Unibertsitateak argi du egokitu behar duela lanpostuetara, baina Guibert errektoreak uste du postu horiek birdiseinatu egin behar direla unibertsitateko prestakuntza hobeto aprobetxatzeko eta laneko produktibitatea hobetzeko. Deusturen kasuan, prestakuntza proposamenak zabaldu egin dira azken urteotan gradu eta gradu bikoitzetan, titulu propioetan, praktiken eskaintza handiagoa dago, nazioarteko hitzarmen gehiago, hainbat hizkuntzatan, etengabeko prestakuntza gehiago. Eta bada modalitate berririk ere: prestakuntza duala. Gaitasun orokorrak birformulatzen ari dira, eta horrek aldaketak ekarriko ditu gradu guztietan. Deustu berrikuntza eta aldaketa lan handia egiten ari da. Eta enplegu emaileek ere unibertsitateek eskaintzen dietena hobeto aprobetxatu beharko lukete. “Batera egin beharreko lana da eta gaurkoa bezalako jardunaldiek lagundu egiten dute zeregin horretan", ondorioztatu zuen.


Enplegu aukera garrantzizkoak


“Expectativas laborales de la nueva juventud universitaria vasca” hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi zuen garrantzizko enplegu aukerak sortuko direla, batez ere belaunaldiak ordezkatzeagatik, eta gazteriaren onerako izango direla. “Ia sektore guztiek dute enplegu gehiago sortzeko joera datozen 15 urteetan: % 12ko hazkunde metatua garbia izango da, batez beste”.


Euskadin enpleguan izango den testuinguru berria dela eta, "gaur lan-merkatuaren egoera hobetu egin da nabarmen, nahiz eta gazteen enpleguan zer hobetu asko egon: behin-behinekotasun altua; lanaldi partzialen kopuru altua, lanaldi osoan lan egin nahi luketenen artean, batez ere emakumeen artean; eta “genero arrakala”.
Beatriz Altolazabalen aburuz, “hobekuntzak unibertsitateko gazteen enpleguan etorri behar du bereziki, arazo orokorrez gain, talde horri soilik eragiten dioten arazoak baititu, hezkuntza mundutik lan mundurako urratsa ez delako erraza. Batzuetan, gurpil zoro bat sortzen da: esperientzia faltak lan aukerak gutxitzen ditu eta lan aukera gutxi izateak esperientzia falta ekartzen du”. Sailburuaren hitzetan, “lan, ordainketa eta egonkortasun baldintzak ez dira nahikoa onak, bereziki lehenengo enpleguetan”.


Beste ideia bat ere azpimarratu zuen Artolazabalek: “enplegu kualifikatuak jarraituko du garrantzia hartzen ekoizpen egituraren barruan, eta hori oso ona da unibertsitateko ikasketak dituztenentzat; baina erronka handia da herrialde gisa kualifikazioa igotzeko, batez ere, hezkuntza maila apalenak dituztenen enplegagarritasunean”.
Beatriz Artolazabalek azpimarratu zuen etengabe ikasten jarraitzearen garrantzia eta, horregatik, aukera guztiak aprobetxatu behar direla uste du, ikasteko modu formal zein informaletan. “Aldaketak normaltasunez bizi behar ditugu, gero eta sakonagoak eta arinagoak izango dira eta. Hori dela eta, gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatzea gomendatzen dut: talde lana, sormena, berrikuntza, ekintzailetza, hizkuntzak…Azken batean, gure marka pertsonala landu behar dugu, hazten jarraitzeko produktibitatean, ongizatean eta balioa sortzen”.


Hitzaldi osoa.


Enpleguaren etorkizuna


Hasierako ekitaldi horretan  Orkestrako Susana Franco ikertzailea ere hartu zuen parte, enpleguaren etorkizunaz hitz egiten. Azaldu zuen langabezi tasa, krisian izugarri igo ondoren, jaisten hasi dela azken urteotan, bai oro har eta bai gazteen kasuan (15-24 urte bitartean) ere. Eboluzioa oso antzerakoa izan bada ere, gazteen langabezi tasa (% 20) askoz altuagoa da populazio orokorrarena baino (% 11). Balio horiek europarretara hurbiltzen ari diren arren, jarduera tasa askoz txikiagoa da. Hortaz, lanean ez dauden gazteen ehunekoa Europakoa baino askoz altuagoa da. Ikertzailearen esanetan, agian borondatez edo behartuta prestatzen jarraitzen duten gazteak dira, ez baitute lanik aurkitzen.
Orkestrako ikertzaileak azaldu zuen ikasketen mailak eragiten duela enplegu/langabezi tasan: “langabezia krisialdian hezkuntza maila guztietan igo bazen ere, zenbat eta okupazio maila altuagoa izan, baxuagoa da langabezia. Dena den, goi mailako hezkuntza duten enplegatu horiek kualifikazio gutxiagoko enpleguetan daude. Hortaz, aprobetxatzen ez den talentu potentziala dugu”, adierazi zuen. "Gainera, ikusten da gazteek aldi baterako kontratu kopuru handiagoa dutela, lanaldi partzialekoa eta soldata gutxiagokoa. Horrek prekarietate handiagoa dakar”.


Etorkizunean, populazioa zahartuagoa denean, gazte gutxiago lan merkatura sartzean, Susana Francok uste du enpresek lehiatu egin beharko dutela gazte horiek euren enpresara erakartzeko. Horrez gain, lanbide batzuek eskaera handiagoa izango dute beste batzuek baino, eta lan egiteko modua ere aldatu egingo da. Alde horretatik, profil eta gaitasun bereziak beharko dira: teknikariak (ingeniaritzak, etab.), baina gizarte arlokoak ere bai (horiek ezin dituzte robotek ordezkatu), zeharkako gaitasunak (talde lana, lidergoa, hizkuntzak) eta malgutasun handiagoa beharko dutenak zeregin mota asko egiteko.


Lanaren etorkizuna “gig economy” delakoren igoerak markatuko du. Aldi baterako kontratuetan oinarritutako lan harremanak izendatzeko termino berri bat da ("freelance" motakoa, esaterako) edo lineako plataformen bidez egiten dena (Uber-en, esaterako). Horrek lana sorraraz dezake, baina segurtasun falta ere bai jarduera horietan dihardutenen artean ere, negoziatzeko ahalmena gutxitu eta diru-sarrera segururik ez izatea ekarriko baitu.


Azkenik, Susana Francok adierazi zuen enplegua sortzea denon zeregina dela eta gazteek prestatu beharra izango dutela ikasle garaian ez ezik, bizitza osoan zehar. Enpresei dagokienez, estrategiak garatu beharko dituzte langileak erakarri, kontratatu eta mantentzeko. Administrazio publikoek, berriz, lanean jarraitu beharko dute enplegu, lehiakortasun, gizarte eta hezkuntza politikak gero eta efizientzia handiagoz lotzeko.


Azkenik, jakintza transmititzen duten eragileek eta, bereziki, unibertsitateek paper bikoitza dute. Ikerketaren aldetik, esparru honetan garrantzizkoak diren ikerketak egiten jarraitu behar dute eta eragileekin (enpresa, administrazio publiko, gizartearekin) lotuta. Eta prestakuntzaren aldetik, curriculumak egokitzen jarraitu beharko dute, lan merkatu aldakor horrekin hobeto konektatzeko.


Ponentziaren aurkezpena.


50 enpresa eta erakunde baino gehiago talentu bila


Inaugurazioko ekitaldiaren ondoren eman zitzaion hasiera Foroaren hamalaugarren edizioari, aurten martxoaren 14an eta 15ean izan denari. 50 enpresa eta erakundek baino gehiagok hartu dute parte, enplegu emaileen eta azken mailetako ikasleen eta gradudunen topaketa zuzenerako bidea ematen duen ekitaldi horretan. Batzuentzat lehenengo lana topatzeko aukera izan da; beste batzuentzat, berriz, lana aldatu eta lanbideko ibilbidea hobetzekoa. Azken datuen arabera, 237 gaztek aurkitu zuten lana ekimen horri esker. Aurreko urteetan bezala, solasaldiak, tailerrak, enpresen aurkezpenak eta hautaketa prozesuak izan dira bi egunetan zehar.
Erakunde parte hartzaileak ia ekonomia sektore guztietakoak izan dira: bankuetatik hasi eta gizarte arretara, ingeniaritza, turismoa edo enpresa zerbitzuak ahaztu gabe. Erakunde batzuk fidel eusten diote Foroari lehenengo ediziotik; beste batzuk, ostera, lehenengoz datoz, beste herrialde batzuetatik ere bai. Badira, halaber, krisiaren ondorioz desagertu eta, ekonomia berraktibatzeari esker eta eskulana epe ertain edo laburrera beharko dutela aurreikusita, berriro parte hartzen animatu direnak.


Foroan, enpresa hauek aurkeztu ziren: CAF, Ulma, Aon, Indra, Iberdrola, Tecuni, Ik4, Turijobs, Laboral Kutxa, Lidl, Simon Kucher, Matrici, EY, Sopra, Alboan, Grupo Santander eta Gurutze Gorria. Eta Berriztu, Ibermática, Mugarik gabeko Medikuak, Laboral Kutxa, Accenture, Gestionet eta Six Rent a Car bezalakoek hautaketa prozesuak ere egin zituzten.


Solasaldien atalean, hauek eskaini ziren: “Expectativas laborales en el ámbito social y socio-sanitario en Euskadi. Futurelan”, “Despacho Grande-Despacho Pequeño”. Programa bi ere aurkeztuko dira: “Errenazimentu Saria. Enpresa eta enplegu mundurako giltza” eta “Recruiting Erasmus Programa”, EURES sareko hitzaldiak ahaztu gabe.
Ekintzailetzari ere eskaini dio Foroak toki berezi bat eta, horren barruan, Deustuko Unibertsitateko enpresen habia bisitatu da eta hainbat tailer antolatu dira: “Zuzendu zure irla eta hobetu zure enplegagarritasuna”, “Zelan ekin? Ezagutu ekintzailetzako eta ekiteko ekosistema Deustuko Unibertsitatean”, “Arlo sendoak lantzen. Nire enplegagarritasuna indartzen arlo sendoen bidez. Bilbao Ekintza” edo “Erabakiak hartzea: ikasi, lan egin, ekin? Zergatik ez hirurak batera?”


Deusto Alumnik eta Deustuko Berrikuntza eta Ekintzailetzak antolatu dute topaketa, eta Lanbide, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Eures, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Bilboko Udala eta Bilboko Ser irrati katea izan dira babesleak.


Argibide gehiago, hemen: www.forodeempleo.deusto.es.

14/03/2018 - 15/03/2018 - XIV Foro de Empleo y Emprendimiento de la Universidad de Deusto