Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko urriak 18Bilboko Campusa

Moncloak eta europar erakundeek antolatutako Zientziaren eta berrikuntzaren etorkizunari buruzko solasaldian parte hartuko du Deustuk

Espainiako Gobernuak, Europako Batzordeak, Europako Parlamentuak eta herrialdeko beste 70 erakundek antolatu dituzten Etorkizunari buruzko solasaldietako baten egoitza izango da Bilbo urriaren 18an eta 19an. Topaketaren helburua da epe luzerako pentsamendua piztea eta España 2050 estrategiara eta Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziara bildu daitezkeen proposamenak jasotzea. Solasaldi honetarako Euskadi aukeratu da, Europa mailan erreferentea delako zientzian eta berrikuntzan. Proiektu horren barruan, Deustuko Unibertsitatean goi mailako bilera bat egongo da. Europako funtsak erabiltzeari buruzko lehentasunen inguruan hitz egingo da, Espainiako zientzia eta berrikuntzako ekosistema modernizatzeko.


Bilera pribatu horretako parte hartzaile kopuru mugatuaren barruan, hauek egongo dira: Diana Morant (Zientzia eta Berrikuntza ministroa), Arantxa Tapia (EAEko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua), José Mª Guibert (Deustuko Unibertsitateko errektorea) eta Vicente Atxa Uribe (Mondragon Unibertsitateko errektorea); baita enpresa eta ikerketa erakundeetako beste lider batzuk ere.


Zientziaren eta Berrikuntzaren etorkizunari buruzko solasaldien barruan, bilera pribatuaz gain, zenbait eztabaida-mahai eta herritarren tailerrak egongo dira, zientzia eta berrikuntza sistemek COVID-19aren ondorengo garaian gure herrialdeak aurrean dituen erronkarik nagusienak aztertzeko, finantzaziotik hasi eta aurkikuntza eta garapen zientifikoei ustiaketa komertzial handiagoa ematea oztopatzen duten arazo tekniko eta administratiboetara. Saioak zabalik egongo dira aurrez aurre parte hartu nahi duten herritar guztientzat, aurretiaz www.futuros.gob.es/ciencia webean izena emanda, edo formatu birtualean.


Hizlarien artean, Diana Morant ministroaz eta Arantxa Tapia sailburuaz gain, Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministro Teresa Ribera ere egongo da. Solasaldiaren inaugurazioan, urriaren 18an, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Maros Sefcovic Europako Batzordeko presidenteordeak ere parte hartuko dute. José María Guibert errektoreak lehenengo eguneko saioetan parte hartuko du eta Ikerketako eta Transferentziako errektoreorde Rosa Santibáñezek 19an, amaiera ekitaldian, EHUko errektore, Mondragoneko errektore eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin batera. Era berean, José Luis del Val irakasleak mahai-inguru batean parte hartuko du, 19an: “Errentagarria da I + G-ko inbertsio pribatua? Arrakasta kasuak”. Egongo diren saioetan sektoreko hainbat enpresaburuk, ekintzailek, akademikok eta kazetarik parte hartuko dute.


Euskadiko saioen ondoren, Solasaldiek Espainiako beste autonomia erkidego batzuetan jarraituko dute. Guztira 40 jardunaldi, 100 eztabaida-mahai, herritarren 37 tailer eta goi mailako zenbait bilera izango dira eta 500 hizlarik baino gehiagok parte hartuko dute, Gobernuko presidenteak eta presidenteordeek, autonomia erkidegoetako presidente eta sailburuek, ministroek, Estatu idazkariek, Europako Batzordeko eta Europako Parlamentuko goi karguek eta adituek, CEOek, ekintzaileek, akademikoek, kazetariek eta hirugarren sektoreko eta gizarte zibileko liderrek, besteak beste.


Solasaldiaren helburua eztabaida publikoa aberastea eta herritarrei zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzea da, COVID-19aren ondoren zelako herrialdea izan ahal dugun eta nahi dugun adierazteko. Saioetan hizlariek eta herritarrek aurkezten dituzten ideiak Gobernuaren Prospektiba eta Estrategiako Bulego Nazionala prestatzen ari den Epe Luzerako Estrategia Nazionalean jasoko dira, España 2050 proiektuaren atal gisa eta Europako Batzordeak eta Parlamentuak Europaren Etorkizunari buruz abian jarri duten Konferentzian.

Egitaraua