Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko uztailak 12Donostiako Campusa

Deusto Business Schoolek Sebastian Iruretagoyena saria eman dio EAZko gradu amaierako lan onenari

Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak, Deusto Business Schoolek, “Sebastián Iruretagoyena EAZko 2018-2019 ikasturteko gradu amaierako lan onenaren saria” eman dio, Donostiako campusean, “CamSentinel” lanari, Beñat Galdosek egina, eta “Sebastian Iruretagoyena EAZko 2018-2019 ikasturteko gradu amaierako lanen ekonomia eta finantza onenaren saria”, berriz, “BioBox” lanari, José Luis Escobar, Ainara García eta Marina Mendicutek egina.

Sari honekin Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) Donostiako campusean egiten ari diren ikasleek Gradu Amaierako Lanean egindako ahaleginak aitortu eta sustatu nahi dira. Saria Sebastian Iruretagoyena ESTEko irakasle izan zenaren lagunek eta familiak ematen dute, hura goraipatzeko. ESTEko irakasle izan zen urte luzez, eta lehenengo MBA exekutiboaren zuzendari. Sebastian Iruretagoyena irakasle aritu zen kontabilitatean, finantza analisian eta finantzetan, eta pertsona garrantzitsua izan zen Gipuzkoako inguruko ikasleen, zuzendarien eta enpresaburuen prestakuntzan.

Luis Javier Bastida Sebastianen lagun taldearen ordezkariak eta Asun Ibañez DBSren Donostiako graduko koordinatzaileak gogoratu zutenez, sariak Deusto Business Schoolen (DBSren) misioa eta balioak nabarmendu nahi ditu. ESTE Donostiako gaur egungo campusaren hazia izan zen eta Deusto Business School osatu zuen orain dela urte batzuk, Bilboko La Comercialarekin batera. DBSk profesional arduratsuak hezi nahi ditu, ingurune globalean enpresa proiektu iraunkorrak sustatzeko eta gidatzeko gai izango direnak, gizarte oparoagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa lortzeko. Eta hori egiteko, jakintza sortu nahi du, diziplina aniztasunaren bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan, gizartearen erronka nagusiei erantzun bat ematen laguntzeko. Sariak Sebastian Iruretagoyena zena gogoratu nahi du, 2009an hil zena. Iruretagoyena irakasleak ikasleen oroimenean jarraitzen du, enpresa jardueran aritzen diren guztientzat ezinbesteko gaiak lantzen zituelako. Kontabilitate eta finantza analisian espezialista zen eta ikasleek zenbakien atzean zer dagoen ikasten zuten. Hasieran hizkuntza kriptikoa zena, haren eskolen ondoren funtsezko tresna bihurtzen zen.

Sariaren epaimahaia Asun Ibañezek –Deusto Business Schooleko Donostiako graduko koordinatzaileak–, Cristina Iturriozek –Gradu amaierako lanen koordinatzaileak–, Rosa Cristóbalek –DBSko finantza saileko kideak–, David eta Amaia Iruretagoyenak –Iruretagoyena familiaren ordezkariak– eta Luis Javier Bastidak –Sebastián Iruretagoyenaren promozioko lagunen ordezkariak– osatu dute. Lanak aztertzeko orduan, ikuspegi akademikoaz gainera, ekonomia, gizarte eta ingurumen eragina baloratu dute, baita Unibertsitateaz kanpoko eragileekin elkarlanean aritzea ere. Epaimahaiak sei proiektu finalista aukeratu ditu, guztiak kalitate eta intentsitate handiko lanak.

Sari honen hautagai izan daitezke ikasturte honetan Deusto Business Schooleko Donostiako campusean EAZko Gradu Amaierako Lana irakasgaian matrikulatuta dauden ikasle guztiak. Saria 2.000 eurokoa da EAZko Gradu Amaierako Lan Onenarentzat eta 1.000 eurokoa, ekonomia eta finantza analisirik onena duen EAZko Gradu Amaierako Lanarentzat.

Sari honen bidez Sebastian Iruretagoyena gogoratu nahi da, ESTEko irakasle ezaguna. Hitz hauek esan zituen Luis Javier Bastida ikaskideak hari buruz: “irakasle gogorra zen, baina zuzena. Ziur ez zituela notak oparituko, irakasle bikaina baitzen eta, horrenbestez, bikaintasuna eskatzen zien, halaber, ikasleei. Sari honen bidez, VII. promozioak dagoeneko gaurekin ez dauden ikaskideak gogoratu nahi ditu eta Sebastian Iruretagoyenak ordezkatzen zituen balioak sustatu”.