Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2016ko ekainak 10Bilboko Campusa, Donostiako Campusa

Deusto Business Schoolek La Comercialen 100 urteak eta ESTEren 60 urteak ospatuko ditu

Aurten, Deusto Business Schoolek La Comercialen 100 urteak eta ESTEren 60 urteak ospatuko ditu. Balioak izango dira ospakizunen ardatz, Deustuko La Comercial 1916an sortu zenetik ikasleei belaunaldiz belaunaldi transmititu zaizkien balioak hain zuzen ere. Martxoan eman zitzaien hasiera ekitaldiei; orain, ekainean, ikasle ohien bi topaketa handi egino dira Bilbon eta Donostian eta, ospakizuna biribiltzeko, Deustun lehenengoz, emakume bat izendatuko dute Honoris causa doktore.

Ekitaldi instituzionala

Mendea betea duten Negozio Eskolen bilkura baliatu zen, martxoaren 7an, mendeurreneko programari ekiteko, ekitaldi instituzional batekin. Bertan, DBSk, gizartearekin duen konpromisoa berrestearekin batera, esker ona adierazi zien Udalari eta Foru Aldundiari, etorkizuneko proiektua sortzeko unibertsitatearekin partekatzen duten erronkaren ildotik, talentua eta finantza baliabideak erakartzen jarraitzeagatik, jarduera ekonomikoa eta oparotasuna eragiteko, industria iraultzaren hasieratik egin den bezala.

Ekitaldian une berezi bat egon zen Bilbori eta Donostiari lotutako enpresa eta ekonomia munduko profesionalen prestakuntzaren historia luzea gogoratzeko. Bi campusetako ibilbide horiek bat egin dute Deusto Business Schoolen eta, gainera, maila zabalagoan, jesulagunen negozio eskolak UNIJES (Espainiako Jesusen Lagundiaren Unibertsitateak) erakundean bildurik daude Espainian eta IAJBS (International Association of Jesuits Business Schools) erakundean, mundu mailan, denek partekatzen baitute filosofia bera.

Ikasle ohien topaketa Bilbon

Ekainean bi topaketa izango dira, bata, Bilbon eta, bestea, Donostian, antzinako ikasleak biltzeko, Deusto Business Alumnik antolatuta. Bilboko jardunaldia ekainaren 10ean izango da, 17:30etik aurrera, La Comercialeko Pedro Icaza entzungelan. Topaketari hasiera emateko, Guillermo Dorronsoro dekanoak DBSko balioen adierazpena irakurriko du.

Bikaintasun profesionala, zintzotasuna eta konpromiso etikoa, lankidetza eta elkartasuna, zabaltasuna eta aniztasuna, eta berrikuntza eta ekintzailetza dira Deusto Business Schoolek aro berri honetan aldarrikatzen dituen balioak. Jesusen Lagundiaren tradizioa dute goiargi eta ikastegiaren eguneroko lanaren funtsa jasotzen dute, iraganaren herentzia aintzat harturik, etorkizunerako gizon eta emakume bikainak prestatzeko asmo sendoz.

Bestalde, egun horretako ekitaldien barruan, Agirre Bizkaitar Fundazioak eta Bernaola Fundazioak, biak ere Deusto Business Schoolekin lotu-lotuak, euren mendeurrena ospatzeko argitaratuko dituzten bi liburuak aurkeztuko dituzte, eta omenaldia egingo zaie La Comercialek izandako dekanoei. Ondoren, Agirre Bizkaitar Fundazioa Deusto Business Alumniren ohorezko bazkide izendatuko da, eta oroigarri bat emango zaie 1966ko promoziokoei, 50 urte betetzen baitira ikasketak amaitu zituztenetik.

Jardunaldiari amaiera emateko, Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du 20:00etan, Euskalduna jauregian, Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Nemanja Radulovic biolin-jotzailea lagun dela.

Donostiako ESTEk 60 urte

ESTEren 60. urteurreneko ekitaldia ekainaren 16an izango da, 18:00etan, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Loiola Centrumen. Egun hori , inolako zalantzarik gabe, aukera ezin hobea izango da batetik, ESTE (gaur egun, Deusto Business School –hasieran Brunet Enean kokatua), Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusaren ernamuina, eratu zeneko 60. urteurrena ospatzeko eta egindako bideari balioa emateko; eta bestetik, Gipuzkoako unibertsitate zaharrena dela gogoratzeko.

Jardunaldiari hasiera emateko, Estudios Empresariales aldizkariaren zenbaki berezia aurkeztuko da, 150.a. Segidan, solasaldi bat egongo da hainbat ikasle belaunalditako ordezkarien artean. Parte hartzaileak hauek izango dira: Alejandro Echevarría, Mediaseteko presidentea (1964ko promoziokoa); Iñigo Ucín, Danobat taldeko zuzendari nagusia (1982ko promozioa); eta Maitane Garmendia, Ibermáticako International Office Managerra (2007ko promozioa).

Ekitaldian, aparteko eran gogoratuko dira 50 urte betetzen dituen promozioko kideak (1966ko promoziokoak). Ondoren, 19:00ak inguruan, plaka bat desestaliko da, Donostiako campuseko Altuna, Aranzadi eta Garate eraikinen arteko plazari izena emango diona. Aurrerantzean, “Errandonea - ESTE plaza” izena izango du, aita Ignacio Errandonearen gomutagarri; izan ere, Aita Errandonea, ikasketa klasikoetan aditua, izan zen 1956an Enpresa Teknikarien Goi Eskola berriaren proiektua lideratzeko mandatua jaso zuena.

Azkenik, 19:30ean, “Networking cocktail” bat egingo da, giro lasaian guztien artean hitz egin, esperientziak partekatu eta bizipenak gogoratzeko, jazz musikako talde batek alaiturik.

Lehenengo honoris causa doktore emakumezkoa Deustun

Azkeneko hiruhilekoan, Deustuko Unibertsitateak –aurten 130 urte beteko ditu–Adela Cortina inbestituko du Deusto Business Schooleko Honoris Causa doktore. Valentziako Unibertsitateko Etika eta Filosofia politikoko katedraduna izango da Deustuko Unibertsitatean merezimendu hori jasoko duen lehenengo emakumea. Cortina filosofoa da, 2007ko Nazioarteko Jovellanos Saioko Sariaren irabazlea eta ÉTNOR (Ética de los Negocios y las Organizaciones) Fundazioaren zuzendaria.

Ikasle ohien topaketa Madrilen

Ospakizunak azaroan amaituko dira, Deusto Business Schoolek Madrilen duen egoitzan. Ekitaldi berezi bat egingo da, bertan bizi diren ikasle ohientzat.