Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko martxoak 16

Deusto Business School crea un espacio de reflexión y debate sobre asuntos globales

Deusto Business Schoolek gune berria sortu du gai globalen inguruko azterketa, hausnarketa eta eztabaidarako. Deusto World Affairs & Strategic Issues (Deusto Gai Globalak) nazioarteko harremanak eta harreman geopolitikoak ikertu eta aztertuko ditu, bai eta gai estrategikoak eta jasangarritasunari buruzkoak ere, zentzu zabalean ulertuta, ingurumen, gizarte, teknologia eta energia dimentsioak biltzeko.


Zuzendaria Juan Moscoso del Prado ekonomialari doktorea da, Deustuko Business Schooleko irakaslea eta diputatu ohia. Ekimen hau sortu da uste osoa izanik gaur egungo eta etorkizuneko erronkei ematen zaien erantzuna nazioartean koordinatu behar dela eta etorkizuneko jasangarritasuna izan behar duela helburu.


"Herritarren, erabakitzaile publikoen eta ehun produktiboaren zerbitzura dagoen tresna akademikoa da, argi duena epe ertain eta luzean gure gizartearen jasangarritasuna bermatu nahi duten estrategiek ekonomia produktiboa ikuspegi orokorrean oinarritu behar dutela", dio Moscoso del Pradok.
Gune hau jendaurrean aurkezteko ekitaldia 2020ko martxoaren 16an zen egitekoa, Deusto Business Schoolen egoitzan, Madrilen, baina atzeratu egin behar izan dute, Covid-19ko krisiaren ondorioz.


Deusto Gai Globalen taldea jarduerak prestatzeko lanetan ari da, eta dagoeneko egin dira lehenengo lan bilerak.


Deusto Gai Globalen helburua da gizartearentzat balioa sortzea, globalizazioaren egungo dinamiketan sortutako askotariko prozesuek dakartzaten joerak, arriskuak eta aukerak identifikatuz eta azalduz. Deusto Business Schoolek esperientzia handia du ekonomia eta enpresa esparruetan, eta arlo horiek ikuspegi estrategikotik landuko dira, elementu geopolitiko nagusiak txertatuta.


Deusto World Affairs & Strategic Issues-ek hausnarketa gune bihurtzeko lan egin nahi du, unibertsitateak, erreferentziazko gizarteratze eta aurrerabide erakunde den aldetik, sektore publikoan eta pribatuan funtsezkoak diren beste eragile batzuekin (think tanks, ikerketa-zentroak, fundazioak eta gizarte zibileko beste erakunde batzuk) lankidetzan jardun eta aliantzak egin ditzan, sinergiak sortzeko eta Espainian pentsamenduaren eta hausnarketaren esparruan balio erantsia sortzeko. Hori guztia jesuiten unibertsitateen munduko sarearen parte den unibertsitatearen printzipio eta balioekin bat etorriz, zeinak bokazio humanistan, finkatutako eta azken belaunaldiko giza eskubideen arretan eta guztien ongiaren bilaketan islatzen baitira, eraikuntza pluralaren bidez.


Deusto World Affairs-en zein gai espezifiko, geografiko eta sektorial garatuko den erabakitzeko, kontuan hartuko dira nazioarteko aholkularitza kontseilu baten iritziak. Kontseilu hori honako hauek osatuko dute: nazioarteko harremanetan eta Europar Batasunean adituak diren akademikoek; geopolitika ekonomiko, teknologiko eta energetikoan adituak; eta proiektuarekin bat egiten duten enpresetako zuzendariek.


Hauek dira Deusto World Affairs & Strategic Issues guneko nazioarteko aholkularitza kontseiluko kideak:


- Presidentea: Jose Maria Guibert (Deustuko Unibertsitateko errektorea)
- Matias Alonso (Deusto Business Schooleko Kontseiluko presidenteordea eta energian aditua)
- Matt Browne (Global Progress-eko presidentea, visiting fellow Center for American Progress eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren aholkulari ohia)
- Jorge Dézcallar (Espainiako enbaxadorea)
- Miriam González (nazioarteko merkataritzako abokatua, UBS ESEko presidenteordea, Inspiring Girls enpresaren sortzailea)
- Ramon Jauregi (Euroamérica Fundazioko presidentea, presidentziako ministro ohia eta eurodiputatu ohia)
- Martina Larkin (World Economic Forumeko zuzendari exekutiboa)
- Emiliano López de Atxurra (Petronor eta Tecnaliako presidentea)
- Diego López Garrido (lehendakariorde exekutiboa, Alternativas Fundazioa, katedradun emeritua, Europar Batasunerako Estatuko idazkari ohia)
- Rocio Martínez Sempere (Felipe González Fundazioko zuzendaria)
- Ignacio Molina (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea eta Elkano Errege Institutuko ikertzaile nagusia)
- Ana de Palacio (Palacio & Asociados erakundeko bazkide zuzendaria, Kanpo Arazoetako ministro ohia)
- Elena Pisonero (Hispasat-eko presidente ohia, ELGAren aurrean Espainiak duen enbaxadore ohia, Merkataritza, Turismo eta ETEen Estatu idazkari ohia)
- Luc Theis (Deusto Business School-Executive Educationeko zuzendari nagusia)
- Helle Thorning-Schmidt (Save the Children-eko zuzendari exekutiboa, Danimarkako lehen ministro ohia)
- Idazkaria: Iñaki Ortega (Deusto Business Schooleko zuzendaria - Madril)


Deusto World Affairs gunea egungo sistema politiko, ekonomiko eta sozialaren oinarrizko printzipioen eta adostasunen inguruko topagune akademikoa da, eta helburua du eragile publiko eta pribatuek elkar ulertzeko erreferentzia esparru partekatuak eraikitzen laguntzea, irtenbide berritzaileak eraikitzeko oinarriak finkatzeko

 

Informazio gehiago: dbs.deusto.es/deustoasuntosglobales