Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko abenduak 04Bilboko Campusa

Desberdintasuna eragiten duten genero rol eta kode sareak ziberindarkeria matxista errepikatzen ari direla ohartarazi du Deustuk

Euskadin, 10 nerabetatik 9k dio esaldi matxistak aurkitzen dituela sarean. Euskadiko nerabeen erdiek egunero aurkitzen dituzte eduki erotikoak eta emakumea gauza bihurtzen dutenak. Nerabeen 10etik 8k diote neskak bilutsik ageri diren bideoak edo argazkiak jaso dituela noizbait. Nesken % 43k eta mutilen % 23,6k onartzen dute bikotekidearekin eztabaidatu dutela Whatsapp aplikazioan azkeneko noiz konektatu diren dela eta.


Horiek dira “Generoko hirugarren eten digitalaren analisia EAEko nerabeen artean” ikerlanean agerian geratu diren ziberindarkeria matxistaren inguruko datu batzuk. Sarean errepikatzen diren eta desberdintasuna eragiten duten genero arloko kode, estereotipo, patroi eta rolei egiten die erreferentzia lanak. Izan ere, mundu birtualak kontaezin ahala erosotasun, abantaila eta aukera eman dizkigu gure harremanei eta kudeaketa moduei begira. Baina mekanismo kaltegarriak ere eragin ditu, genero kodeak interpelatzen dituztenak.


Deustuko Unibertsitateak abenduaren 4an aurkeztu zituen ikerketa horren emaitzarik esanguratsuenak, “Generoko 3.0 eten digitala. Analisia, diagnostikoa eta esku hartzeko proposamenak” jardunaldien barruan. Ikerlana osatzeko, nerabeei, familiei eta irakasleei egin zaizkie elkarrizketak genero isuriei buruz eta sarean nerabezaroan gertatzen diren erresistentziei buruz, zehazki YouTuben, gizarte sareetan eta bideo-jokoetan gertatzen direnei buruz.


Deustuko Gizarte Balioak taldeak egin duen ikerlan horrek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren “Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua” deialdiko finantzazioa jaso du, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna Sustatzeko Sailaren “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun sustatzeko 2019. urterako” diru-laguntza ere.


Generoko eten digitala


Generoko eten digitalaren kontzeptuak definitzen du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun garrantzizko bat, genero isuriak markatua, teknologia sektorean eta munduan ematen dena. Orain arte, bi eten digitali buruz hitz egiten izan da. Lehenengoa sortzen da emakumeak mundu teknologikora sartzeko bazterturik geratzen direnean. Eta bigarrena teknologia berriak erabiltzeko intentsitate, trebetasun eta gaitasunarekin dago lotuta, emakumeak teknologia munduan integratzea zailtzearekin. Mendebaldeko herrialdeetan, lehenengo etena ia gaindituta badago ere, bigarrena oraindik agertzen da. Hala, adibidez, Euskadin Informatikako Graduko ikasleen % 20 baino ez dira neskak (Eustaten datuak, 2019).


Baina desberdintasuna ez da zenbakitan bakarrik neurtzen, baldintzapen sakonago eta egiturazkoagoetan ere agertzen da. Horiek guztiak aztertzea da nerabeen arteko generoko hirugarren eten digitalari buruzko unibertsitateko ikerlan horren helburua. Ikerlanak agerian jarri du, esaterako, desberdintasunik handienak bideo-jokoetan daudela, mutilak baitira protagonista nagusiak eta gehien jarraitzen diren jokoen edukia biolentoa, matxista eta arrazista baita.


YouTuberen erabileran ere alde handiak ikusi dira. Plataforma horretan, neskek moda, edergai edo turismoko kanalak ikusten dituzte; mutilek, ostera, bideo-jokoak eta bromak. Gizarte sareen (WhatsApp, Instagram eta Tic-toc) erabilerari dagokionez, ikerketan ikusi ahal izan da neskak beren gorputzaren gaineko presio nabarmenez bizi direla eta sentimenduak, sentsazioak eta gorputzak gehiegi erakusten dituztela.


Hona hemen datu batzuk: Euskadiko gazteen % 99,7k erabiltzen ditu gizarte sareak (Gazteen Euskal Behatokia, 2019); 10 nerabetatik 7k YouTuberren bat jarraitzen du; Euskadiko 10 mutiletatik 8k eduki matxista duen bideo-jokoetan aritu da jolasean, eta nesken 10etik 6k nahiago du bideo-jokoetan ez jolastu.


Eten digital horien aurrean, ikerketak gomendio batzuk ematen ditu. Aholku hauek ematen ditu, besteak beste: norbere buruari galdetzea erabiltzen edo ikusten duenak berdintasuna sustatzen duen, ‘postureo’ horrek merezi duen ala kalte handiagoa egiten duen; arakatzea berdintasuna, sexu edo arraza aniztasuna jorratzen duen bestelako kanalik dagoen, edo planteatzea erosten ditugun bideo-jokoak egokiak diran.


Ziberindarkeria matxistak


Identifikatu diren jokabide eta kode guztiak “salda” bihurtzen dira jarrera eta indarkeria matxistak eragiteko. Nabarmenenen artean hauek daude:


-Ziberjazarpen sexuala: izaera sexualeko intimidazioko espazio bat sortzea, argazkiak, bideoak edo audioak zabaltzeko, emakumearen baimenik gabe eta/edo on-line komentario sexualak egitea eta deserosotasuna eragitea.
-Ziberjazarpen sexista: neska baten kontra egiten diren komentarioak, argazkiak edo bideoak, neska izate hutsagatik, eta botere asimetria eragiten dutenak. Hemen sartuko lirateke ziberfeministen kontrako erasoak ere.
-Ziberjazarpen LGTBI fobikoa: identitate heteronormatiboa zalantzan jartzen duten pertsonen kontrako komentarioak, argazkiak, bideoak eta jarrerak.
- Ziberindarkeria sinbolikoa: presio sozial eta kulturala gorputzen kontra eta zenbait kanaletatik sustatzen dena.
- Ziberkontrola: gizarte sareetan egiten den kontrola eta hiperzaintza. Arruntena familian gertatzen da, seme-alaben edo bikotekidearen kontra.

Eraso horiek eraso ziberarrazistekin ere lotu daitezke. Plataforma berrietatik egiten dira baina kodeak antzinakoak dira.


Egoera horien aurrean, ikerlanak gomendatzen du pertsona heldu bati laguntza eskatzea; argazkiak eta bideoak birbidaltzeari uztea; aztertzea zer gertatu den; behar izanez gero, salaketa jartzea; jarrera matxisten inguruan hausnartzea eta kode berdinzaleagoak sustatzea, etab.

 

04/12/2019 - Jornadas “Brecha digital de género 3.0. Análisis, diagnóstico y propuestas de intervención”