Mercedes Siles Molinak, ANECAko zuzendariak; Inmaculada Aguilarrek, FECYTeko zuzendari nagusiak, eta Ana Isabel Gonzálezek, UNEko presidenteak, CEA-APQ Edizio Akademikoko Kalitateko Zigiluaren agiriak emango dizkiete, datorren urriaren 6an, 2020ko eta 2021eko deialdietan merezimendu hori jaso duten argitalpen bildumei. Saria jasoko dutenen artean dago Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideei buruzko Koadernoak bilduma. Zigiluak espainiar unibertsitateetako edizioen barruko jardunbiderik egokienak aitortzen ditu eta ikerketa jardueraren kalitateko adierazgarri bihurtu nahi du.
Cristina de la Cruzek zuzentzen duen sail horrez gain, beste hauek ere saritu dituzte: Colección Academia (CIS), Colección Arias Montano (Universidad de Huelva), Colección Barcino. Monographicaorientalia (Universitat de Barcelona), Monografías de Historia Rural (Prensas de la Universidad de Zaragoza) eta Derecho Penal y Criminología (Marcial Pons). Ebaluazio prozesuan eskatzen diren informazioaren kalitateko, argitalpen politikako, argitalpen prozesuko, ospe eta izen oneko kalitateko eskakizunak bikain betetzeagatik sariak jaso dituzten sei bildumek bost urtez mantenduko dute zigilua.
Errektoretzako eta argitalpenetako arduradunek jasoko dute akreditazioa, ANECAren egoitzan, 12:00etan izango den ekitaldi batean. Liburuen argitalpenaren bidez unibertsitate eta ikerketa zentroetan egiten den jakintzaren transferentziarako ziurtagiriak duen balioa azaltzeko aukera izango dute.
49 bilduma akreditatuta
Orain arte egin diren bost deialdietan, 49 bildumak jaso dute zigilua. Espainiar unibertsitate mailako argitalpenen jardunbiderik egokienak aitortzen ditu, argitalpen akademikoen kalitatea sustatu eta pizten du eta ebaluazioko agentzientzat ikerketaren kalitatearen eta unibertsitateko elkartearen bereizgarria da.
2017an izan zen lehenengo deialditik, zigilua ikerketa jardueraren merezimenduak ebaluatzeko argitalpenen kalitatearen adierazle aitortua izan da. Aitorpen hori Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionaleko ebaluazio irizpideetan jasotzen da, baita ACADEMIA programarako ANECAren ebaluazio irizpideetan ere.
Bi kasuetan, argitaratutako ikerketako ekarpenak kalitatekotzat eta eraginekotzat hartzeko bete behar dituzten baldintzez gain, ebaluazioko batzordeek CEA-APQ zigilua kontuan hartu ahal izango dutela esaten da, irizpide horiek betetzen dituzten argitalpenen erreferentzia iturri moduan.
Informazio gehiago.