Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko azaroak 17Bilboko Campusa

Orkestrak COVID-19aren aurrean Euskadiren erresilientzia eraikitzeko 7 gakoak identifikatu ditu

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2020ko Txostenak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eginak, erakusten du EAEk, pandemia iritsi zenean, lehiakortasunaren oinarrietan indarguneak zituela eta horiek lagundu ziotela erantzunak eraikitzen. Epe laburrera hartu diren neurriak, gainera, arinak, malguak eta erreferentziazko beste erregio batzuetakoen antzekoak izan dira. Baina ziurgabetasunak hortxe jarraitzen du eta etorkizunari begira, funtsezkoa izango da erresistentzia neurriak eta bizkortu diren trantsizioei arrakastaz heltzekoak uztartzea.

COVID-19ak eragin duen gizarte eta ekonomia krisiaren testuinguruan eta suspertze politiken orientazioari laguntzeko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2020ko Txostenak bi galderari erantzun nahi izan die: EAE zein egoeratan dagoen pandemiak ekarri dituen erronkei aurre egiteko eta zein izango diren gakoak lurraldearen lehiakortasuna berreraikitzeko, trantsizio berdeak, digitalak eta demografia eta gizartekoak eskaintzen dituzten aukerez baliatuta.

Txostena gaur aurkeztu dute prentsaren aurrean José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Iván Martén Orkestrako presidenteak eta Mari Jose Aranguren Institutuko zuzendariak.

Guiberten hitzetan, txostena gure gizarteak krisiari aurre egiteko eman behar dituen erantzunak eta hartu behar dituen erabakiak hobetzeko tresna bat da. “Erresilientziaren ikuspegi eboluzionista batetik, gaur egungo egoerak ekarri dituen aukerek zera eskatzen dute: industrian oinarritutako gure eredu ekonomikoa indartzea eta birbideratzea. Horrek esan nahi du ez garela aurreko egoerara itzuliko eta erronka lehiakortasun eredu berri bat bilatzea dela, jasangarriagoa eta inklusiboagoa dena”, adierazi du.

Bestalde, Martenek azpimarratu du azterketak erronkei eta trantsizioei heltzeko gakoak identifikatzen dituela, gure aurrean azaltzen diren aukerak aprobetxatzeko: “Jakin badakigu gaur egungo egoera larria dela, baina gure lurraldeak aktibo asko ditu erronka honi arrakastaz aurre egiteko”.

Arangurenek eman du txostenaren ondorioen inguruko informazio zehatzagoa. Eta adierazi du “ekonomia suspertu nahi badugu, norabidea aldatu behar dugula, aukera berriez baliatuz, baina epe laburreko neurriak abian jartzeak duen garrantzia ahantzi gabe, enpresa eta sektore kaltetuenei eta talde zaurgarrienei laguntzeko”.

Lehiakortasunaren egoera pandemiaren aurretik

EAE egoera onean zegoen krisiaren eraginari aurre egiteko, kokapen oso ona baitzuen aztertutako adierazle gehienetan, bai Europako erregio guztiekin alderatuta eta bai Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta.

EAEko “lehiakortasun eredu inklusiboaren” erakusle dira, besteak beste, biztanleko BPG maila handia (EAE Europako erregio liderren multzoan zegoen, 218 erregioetatik 29. tokian eta 31 erregio alderagarrietatik, 4. tokian) eta pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan dagoen biztanleriaren ehuneko txikiagoa (EAEko ehunekoa % 14 zen eta Europako erregioen batezbestekoa, berriz, % 21).

Iraupen luzeko langabezia tasak hobera egin du azken urteetan (2014an, biztanleria aktiboaren % 9,7 zen eta 2019an, berriz, % 3,7ra jaitsi da), baina, hala ere, Europako erregio gehienetakoa baino handiagoa da. Gainera, enpleguaren kalitatearen azterketak erakusten du aldi batekotasuna eta borondatezkoa ez den lanaldi partzialaren proportzioa oso handiak direla, bereziki emakumeen artean. Adierazle horiek ikusirik, enpleguaren baldintzak hobetzea eta kolektibo jakin batzuen laneratzea dira EAEko erronka nagusiak gaur egun.

Aztertutako adierazleetan oinarrituta, Orkestrak gure ekonomiaren indarguneak eta ahultasunak identifikatu ditu; indarguneetan oinarrituta eta ahultasunei aurre eginda eraiki beharko dugu Euskal autonomia Erkidegoaren erresilientzia.

Epe laburreko erantzunak

Gaur egunekoa bezalako ziurgabetasun handiko egoera bati aurre egiteak dakartzan zailtasunak kontuan hartuta, azterketak erakusten du, oro har, EAEk egoerari eman dizkion erantzunak arinak eta erreferentziazko beste erregio batzuetakoen antzekoak izan direla.

Erantzun horien helburua izan da pandemiak ekonomian izan duen eragin larriari aurre egitea: industria produkzioaren indizeak eta kanpo merkataritzaren jarduerak behera egin dute eta, horren ondorioz, BPGren aurrekaririk gabeko jaitsiera izan da, enpleguan ere eragina izan duena. Eraginak, ordea, ez dira berdinak izan sektore guztietan. Bereziki larriak izan dira hurbiltasuneko sektoreetan, esate baterako ostalaritzan eta merkataritzan; kanpoarekiko oso irekiak diren sektoreetan, garraio materiala, metalurgia, eta kautxua eta plastikoak adibidez; edo gizarte jarduerarekin lotutako sektoreetan, aisia eta kultur jarduerak kasu.

Enpresei dagokienez, egoera berrira egokitzeak eraldaketa digital espresa ekarri du. Eraldaketa horrek, zenbaitetan, produktua eta eskaria egokitzen lagundu du eta beste batzuetan, prozesu edo kanal berriak irekitzen.

Politika publikoei dagokienez, txostenak agerian jartzen du erregioetako gobernuek garrantzia hartu dutela eta estatuek bultzatu dituzten politiken osagarri izan direla. Euskal Autonomia Erkidegoak, Baden-Wurtemberg eskualdeak (Alemania) eta Austria Garaiak (Austria) emandako erantzunak aztertu ditugu, erregio horiek antzeko ekoizpen egiturak dituztelako. Hiru erregioetako neurriak antzekoak izan dira eta helburu hauek izan dituzte: enpresen likideziari eustea, digitalizazio prozesuei laguntzea, pandemia kudeatzeko I+Gko proiektuak finantzatzea, edo sektore kaltetuenei erantzutea. Etorkizunean, neurri politikoek kontuan hartu beharko dituzte sektore bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak. Eta, horretarako, garrantzitsua da sektoreko diagnostiko eta adimen prozesuetan sakontzea. Helburu horrekin, Orkestrak Euskadiko Sektore Behatoki bat sortzea bultzatuko du, sektore bakoitzaren bilakaeraren inguruko diagnostikoa eskura edukitzeko eta administrazioei erabakiak arin hartzen laguntzeko.

Lehiakortasun iraunkorragorako bidean

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2020ko Txostenak zazpi gomendio egiten ditu lehiakortasun eredu berri bat eraikitzeko, iraunkorragoa eta inklusiboagoa, trantsizio berdeak, digitalak eta demografia eta gizartekoak eskaintzen dituzten aukerez baliatuz.

•Lehenengoa digitalizazioa da. Diagnostikoak azpimarratzen du eraldaketa digitalak sektore guztien lehiakortasuna indartu dezakeela eta trantsizioak erraztu. EAE ongi kokatuta dago bide horretan, DESI indizearen arabera. Baina enpresen, administrazioen eta, oro har, gizartearen trebetasunak eta gaitasunak hobetu behar dira, digitalizazioak negozio eredu berriak ekar ditzan eta herritarrek zerbitzu digital gehiago eska ditzaten.

•Bigarren, iraunkortasuna lehiatzeko abantaila gisa lantzea proposatzen da, industria eta teknologia aukerak sortu baititzake. Horrek esan nahi du, nagusiki, Zientzia Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen indarguneak trantsizio berdearen zerbitzura jartzea. Berrikuntzak garrantzi berezia izango du elikagaien, mugikortasunaren eta energiaren sistemetan, esparru horiek eragin handia baitute ingurumenean eta igorpenetan.

•Pandemiak erakutsi du ekonomia fundazionala –osasuna, elikadura, hezkuntza do zaintza barne hartzen dituena– funtsezkoa dela pertsonen ongizaterako eta beste sektore batzuen erresilientziarako. Horregatik, txostenak aurkezten duen hirugarren erronka da ekonomia fundazionalaren potentziala lantzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren garapenerako aukera iturri izan dadin.

Gaitasunen inguruan lan egitea ere funtsezkoa da, trantsizioak bultzatzeko behar diren gaitasunak izango dituzten pertsonak izan ditzagun. Horixe da, hain zuzen ere, txostenean lantzen den laugarren elementua. Eraldaketa eta berritze prozesuek lurralde bateko pertsonen gaitasunen etengabeko bilakaera eskatzen dute; horregatik, garrantzi berezia du prestakuntza modalitateak egokitzeak eta nazioarteko talentua erakartzeak.

•Bosgarren, txostenak administrazio publikoek trakzio lana egitea funtsezkoa dela ere nabarmentzen du. Trakzio lana irtenbide berriak eta berrikuntzak sortzeko, edo enpresa eta negozio berriak sortzeko. Eta trantsizioei heltzeko behar diren azpiegiturak eskaintzeko, besteak beste, inbertsioez, erosketa publikoez edo enpresen arteko lankidetza plataformak bultzatzearen bidez. Era berean, administrazio digitalagoa, arinagoa eta herritarrekiko hurbilagoa lortzeko pausoak ematen jarraitu behar da.

•Ildo horretatik, funtsezkoa da RIS3 estrategia indartzea (Smart, Specialisation, Strategy), iraunkortasunaren dimentsioa ere txertatuta, beste dimentsio edo “S” bat erantsiz (Sustainable, Smart, Specialisation, Strategy). Horrek aukera emango du lankidetza publiko-pribatuan sakontzeko, palanka izan dadin susperraldia eta trantsizioak bultzatuko dituzten proiektu komunak sortzeko, lankidetza publiko-pribatuko mekanismoez baliatuz, horien artean, Pilotatze Taldeak edo Klusterretako Erakunde Dinamizatzaileak.

•Azkenik, EAEko administrazio mailen artean elkarlaneko gobernatza eredua indartzeak duen garrantzia azpimarratzen da, rolen banaketa argia bermatuz, bikoiztasunak saihesteko eta sinergiak aprobetxatzeko, beti ere lurraldeko eragileei (enpresei, unibertsitateei, zentro teknologikoei...) toki nabarmena eginez.

Azken batean, txostenak ondorioztatzen du susperraldirako euskal ekonomiaren norabidea egokitu behar dela, trantsizioek eskaintzen dituzten aukerez baliatuta. Baina baita epe ertain eta luzeko ikuspegi hori epe laburreko neurriekin osatzea ere, suspertzeko zailtasunik handienak dituzten enpresei eta sektoreei laguntzeko, etorkizuneko potentziala duten heinean. Hori guztia, talde zaurgarrienak babestuko dituzten neurriak hartuta, desberdintasun egoerak arintzeko.

 

Ikusi argitalpen osoa
www.orkestra.deusto.es/es/investigacion/informe-de-competitividad-del-pais-vasco-2020