Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko otsailak 11Bilboko Campusa

Arabako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskadiko Parke Teknologikoen sareak berritu egin dute Zientzia eta Teknologiako emakumeen bokazioak sustatzearekin duten konpromisoa

Arabako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak ikasleen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko konpromisoa berretsi dute gaur, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean,, bereziki nesken artean, INSPIRA STEAM programari beste bultzada bat emanez. Programa 2016an sortu zen, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean, STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) lanbideak sustatzeko eta emakumeen arlo horretako talentua sustatzeko. Aurten bosgarren ediziora heldu da Araban.

Artium Museoan gaur goizean izan den ekitaldi batean, Ramiro González Vicentek, Arabako Ahaldun Nagusiak; Víctor Urcelayk, Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordeak; eta Itziar Epalza Urkiagak, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak, abian jarri dute edizio hau. Era askotako jarduerak izango dituzte, azpimarragarrienak hauek: aholkularitzako saioak ikastetxeetan, esparru horretan lanean diharduten erreferentziazko emakumeen eskutik, eta Arabako saltokietan jarriko den kartelen erakusketa, arabar emakumeen lana Zientzian eta Teknologian begi-bistan jartzeko. Gainera, ikasturte honetan, ikastetxeei, familiei, enpresa ehunari eta gizarteari oro har zuzendutako zabalkundeko ekimenak egongo dira.

Duela lau urtetik hona, Arabako Foru Aldundiak programa babesten dihardu eta aurten bere konpromisoa zabalduko du. Arabako Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, gazteei (mutilei eta, bereziki, neskei) STEAM lanbideak hurbiltzeko balioko du, bereziki “osasun arloko krisiak agerian jarri duenean Zientziak eta Teknologiak gure bizitzan duten garrantzia”.

Ildo horretatik, gogoratu du Araba dela Estatuko lurralderik industrializatuena, BPGaren % 33 sektore horretatik baitator, eta kanpora gehien esportatzen duena da. “Hortaz, Zientzia eta Teknologia zuzen-zuzenean daude lotuta gure etorkizuna eraikitzearekin”, Ramiro Gonzálezek azpimarratu duenez.

Gaur egun, 7.700 emakumek dihardu Euskadiko Parke Teknologikoen sarean, bertan lanean dihardutenen % 40. Parke Teknologikoen Sareko 117 profesionalek hartu dute parte ahokulari lanetan Inspira STEAM proiektuan, batzuek edizio guztietan. 2020-2021 edizioan, parkeek Inspira STEAM proiektuan parte hartuko duten emakumeen % 44 jarriko dituzte.

Arabako Parke Teknologikoak inguru horretan lan egiten duten erreferentziazko emakumeen parte hartzean egingo du ekarpena, aurreikusitako jardueretarako espazioak lagako ditu eta informazio panelak prestatuko dituzte. Horrez gain, enpresa sarearen bidez, programa osoaren jarraipena egingo du eta programa osoa babestuko du.

Aholkulariak, INSPIRA proiektuaren muina

INSPIRA proiektuaren muina aholkulariak dira (ia denak emakumeak), hainbat esparrutan lanean dihardutenak: irakaskuntza, enpresa, ikerketa, kudeaketa, etab. Borondatez hartzen dute parte eta bakoitzak berak bizi duen errealitatera hurbiltzeko ahalegina egiten du ikasturtean zehar izaten diren sei lan-saiotan.

Hiru erakundeen arteko lankidetzaren barruan, 2021ean aurreikusitako ekintzen barruan, ikastetxeei, familiei, enpresa ehunari eta gizarteari oro har zuzendutako zabalkundeko ekimenak daude. Lehenengo atalean, aholkulariekin geletan izango diren saioez gain, INSPIRAren zabalkundeko jardunaldiak diseinatu dira arabar ikastetxeetako irakasleentzat eta zuzendaritza taldeentzat. Horrez gain, tailerrak egingo dira irakasleekin genero ikuspegia STEAM irakasgaietan txertatzen saiatzeko.

Familiei zuzendutako ekintzei dagokienez, zenbait tailer antolatuko dira, zientzia eta teknologia arloko lanbideetan emakumeen faltak eragiten duen arazoa ezagutarazteko. Bokazio faltaren arrazoiak aztertuko dira eta zelan lagundu gazteei, batez ere neska gazteei, etorkizunera begirako erabakiak askatasunez hartzen, konfiantza faltak, sexuaren araberako itxaropen desberdintasunak, genero estereotipoak edo STEAM arloko ikasketa eta profesionalak ez ezagutzeak eragiten dituzten arazoak alde batera utzita.

Emakumezko erreferenteak arabar saltokietan

Arabar gizarte osoari begira, zenbait jarduera antolatuko dira: jardunaldiak eta mahai-inguruak, bideo elkarrizketak zabaltzea, edo emakume zientzialariei atal berezi bat eskaintzea, hitzarmenean partaide diren erakundeen webguneetan. Baina ekimenik originalena Arabako STEAM emakume erreferenteak begi-bistan jartzea izango da, lurralde historikoko saltokietako erakusleihoetan jarriko diren posterren bidez. Ikastetxeetara ere bidaliko dira kopia digitalak, kopiak egin eta geletan eta pasabideetan erakusgai egon daitezen.

Azkenik, jardueren hirugarren blokea industria eta enpresa ehunari zuzenduko zaio. Izan ere, dagoeneko profesional faltak dakartzan ondorioak jasaten ari dira zenbait arlo eta profil zientifiko-teknologikotan. Enpresak jabetzen dira arazoa larriagoa dela emakumeen kasuan, baina ez dakite bokazio falta horren zergatia zein den. Saiatuko dira enpresei azaltzen haien posiziotik zelan eragin dezaketen hezkuntza sisteman, diziplina zientifiko eta teknologikoak gazteei hurbiltzeko. Zenbait ekimenetan laguntzeko eskatuko zaie: STEM emakume erreferenteak haien langileen artean identifikatzen, ezagutzera emango dituzten posterren eta bideoen diseinuan laguntzen, eta ikasleen bisitaldiak lantokietara antolatzen, genero ikuspegia txertatuz.

Inspira STEAMi buruz

INSPIRA STEAM Deustuko Unibertsitateak bultzatutako ekimen bat da. Zenbait erakunderen laguntza du: Euskadin, Innobasque-rena; Madrilen CIONET plataforma teknologikoarena, eta Rovira i Virgili, Vigo, Oviedo eta A Coruñako unibertsitateena. Ekimenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Foru Aldundien, BBK Fundazioaren, edo Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen finantzazioa dute, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean.

2016an jarri zuen abian programa hau Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak, zientzia eta teknologian lanbideko bokazioen faltak sortzen zuen arazoaz jabeturik, bereziki emakume gazteen artean. Helburua hau da: STEAM lanbideen arloan bokazio berriak sortzeko, sentsibilizatzea, orientazioa ematea eta bokazioak piztea neska-mutilen artean. Kontzientzia ere sortu nahi da zientzia eta teknologia garapena emakumeek eta gizonek elkar harturik jokatzearen emaitza izan behar dela, aldi berean, begien bistan jarri eta merezi duten balioa eman nahi zaie esparrurik hurbileneko emakumezko profesional zientifiko eta teknologikoei.

Konpromiso berri hori berresteko, otsailaren 11 aukeratu da, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, 2015ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak sortua, emakumeen eta neskek esparru horretan sarbidea eta parte hartze osoa eta bidezkoa izan dezaten. Nazio Batuen Erakundeak funtsezko papera aitortzen dio hala izateari zientzia eta teknologia elkarteetan. Hortaz, emakumeen parte hartzea sendotu egin behar da.