Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko irailak 18Bilboko Campusa

José María Guibert errektorea: “Deustuk osasun ona du, oraina duen proiektua du, gaur egungo eta etorkizuneko beharrizan, eskaera eta erronkekin konpromisoa hartua duen proiektua”

Deustuko Unibertsitateak gaur, irailak 18, eman dio hasiera 2019-2020 ikasturteari, graduko % 8 ikasle gehiagorekin eman ere. “Horrek sendotu egiten du gure proiektua –José María Guibert errektorearen hitzetan–, gure ikasleek eta beren familiek Deusturengan jarri duten konfiantza berresten duelako, euskal gizartearen konfiantza eta munduan erreferente den unibertsitate batengan duten konfiantza, hain zuzen ere”.

Hori dela eta, “Deustuk osasun ona du, oraina duen proiektua du, gaur egungo eta etorkizuneko beharrizan, eskaera eta erronkekin konpromisoa hartua duen proiektua”. Ildo horretatik, errektoreak iragarri du 2020an graduko hiru titulu berri ematen hasiko direla: Medikuntza, Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala eta Robotikako Ingeniaritza, azken hori Deustuko Salestarrekin lankidetzan. Unibertsitatea-enpresa binomioa, prestakuntza duala, lanbide heziketarekin zubi-lana egitea edo ekintzailetza XXI. mendeko Deusturen parte dira dagoeneko.

Hezkuntzaz eta hezkuntzarako ikertzea

Ikasturtearen hasierako ekitaldia Paraninfoan hasi da, Bizkaiko Elizbarrutiko bikario nagusi Félix Alonso mezaburu izan duen eukaristiaren ondoren. Zeremoniaren hasieran, 2018-2019 ikasturteko memoria akademikoa irakurri du Eider Landaberea idazkari nagusiak (2018-2019 ikasturteko memoria akademikoaren laburpena). Ondoren, irekiera-hitzaldia eskaini du Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko Lourdes Villardón katedradunak gai honen inguruan: “Hezkuntzaz eta hezkuntzarako ikertzea”.

Eskola magistral horretan, Lourdes Villardón irakasleak adierazi duenez, hezkuntzari buruzko ikerketa ondasun publikoa da eta informazio baliagarria eman behar digu hezkuntzan erabaki egokiak hartzeko; ebidentzia zientifikoak, ordea, gutxitan ekartzen dira hezkuntzako politikara eta jardunera. Zientzia-jardun edo ekoizpen-kontsumo bikoteen arteko desadostasunak aztertzean, bost arrakala identifikatzen ditugu ikertzaileen eta profesionalen artean: erabilgarritasuna, gaiak, kalitatea, baldintzatzaileak eta bi taldeen arteko harremanak.

Villardónen aburuz, ikerketaren eragin politikoa eta soziala areagotuta hezkuntza hobetu nahi bada, ikertzaileen eta profesionalen arteko arrakalak gainditu behar dira, ikertzen denaren erabilgarritasuna sustatuz eta aurkikuntzarik berrienetara jotzeko bidea erraztuz. Era berean, uste du hezkuntzako praktikatik eta gai nagusietatik sortutako arazoak aztertu behar direla, hezkuntzako profesionalei hezkuntzako ikerketako eta ebidentzia zientifikoen erabileraren inguruko prestakuntza eman behar zaiela, emaitzen transferentzia sustatu behar dela eskola-ingurua kontuan hartuta eta, batez ere, bi taldeen arteko harremana indartu behar dela profesionalen parte hartzea bultzatuz hezkuntzako ikerketaren faseetan, norekin ikertzen den eta ez zeri buruz ikertzen den kontuan hartuta.

Irekiera-hitzaldi osoa

Errektorearen hitzak

Hitzaldian, José María Guibertek unibertsitate bezala ematen dugun zerbitzuaz hausnartu du. Guiberten ustez, “unibertsitateak hiri txikiak gara eta aniztasuna, tolerantzia eta bizikidetza izan behar dira nagusi toki horietan, eta herritar ohiturak eta balioak hartu behar dira. Unibertsitateek eginkizun handia dute trebetasun teknikoetatik harantzago doan ‘kapital soziala’ sortzen eta garatzen”. Hori dela eta, garrantzi handikoa da unibertsitateen kudeaketa zehatz-mehatz araututa egotea, erakundeek beren gizarte funtzioa bete dezaten kalitatez eta eraginkortasunez.

Esparru horretan, unibertsitateko bizitza antolatzeko orduan kezka iturri diren hiru gai aipatu ditu (unibertsitateen autonomia, unibertsitateen gobernantza eta finantzazioa) eta unibertsitateen funtzionamendurako oinarrizkoak diren hiru mailatako balioak bereizi ditu: genetikoak, unibertsitateari berezko zaizkion balioei buruzkoak eta unibertsitate guztientzat berdinak direnak; identitateari lotuak, erakunde bakoitzari dagozkionak; eta erakunde bakoitzak gizarte, kultura edo garai jakin batean hartzen dituenak.

Errektoreak, ondoren, unibertsitatearen “izaera” definitzeari ekin dio. Guiberten hitzetan, unibertsitateak ez du bere funtzioa betetzen bakarrik profesional onak bikain prestatuta. “Hori nahikoa litzateke Goi Mailako Ikasketa Zentro ona izateko; baina Unibertsitate izateak beste hiru elementu eskatzen ditu: ikerketa propioa sortzea, gizartea aldatzearen aldeko apustua egitea eta topaketarako eta eztabaidarako espazioak bultzatzea. Eta Deustun ildo horretatik aurrerapausoak ematen ari gara”, esan du.

Horrekin batera, Unibertsitateak testuinguru horretan egiten dituen ekarpen batzuk aurkeztu ditu José María Guibertek, Deusturen proiektuari zentzua ematen dioten ekarpenak, eta “bizi-bizirik gaudela eta Deustuk osasun ona duela” adierazten dutenak. “Eta ez dut autokonplazentziaz esaten, baizik eta uste sendoa dudalako bide luzea dugula oraindik egiteko, baina bide onetik goazela eta hori ere aitortu behar dela”.

Hona hemen datu batzuk: Boloniako Plana ezarri zenetik, % 46 igo da graduko ikasleen kopurua Deustun. Aurtengo ikasturtean bertan, % 8 igo da graduko ikasleen kopurua eta “horrek sendotu egiten du gure proiektua, berresten duelako gure ikasleek eta beren familiek Deusturengan jarri duten konfiantza, euskal gizartearen konfiantza eta munduan erreferente den unibertsitate batengan dagoen konfiantza. 2018an, Global Teaching Excellence Award saria jaso genuen, Deustuko Hezkuntza Ereduaren bikaintasun eta izaera berritzaileagatik, eta munduko Top-6an kokatu gintuen. Eta duela aste batzuk, ikasleek Europako unibertsitateen Top-25ean jarri zuten Deustu, irakaskuntzako bikaintasunarekin duen konpromisoagatik

Ikerketan ere beste hainbeste gertatzen da. Lau urtetan, Deustu lider den edo partaide den nazioarteko ikerketa proiektuak 2,5 aldiz biderkatu dira. Bikoiztu egin dira Eusko Jaurlaritzak aitortutako goi mailako errendimenduko eta bikaintasuneko A ikerketa taldeak. Eta aurreko guztia baino garrantzizkoagoa dena: eragina duen ikerketa da, eragin zientifikoa ez ezik, gizarte mailakoa ere baduena. Horrek erakusten du Deustuk ingururik hurbilenarekin duen konpromisoa. Gizarteko eragin horrek sei oinarri ditu gure kasuan: nazioartekoa da, diziplina artekoa, sektoreen artekoa, eragina duena, berritzailea eta inklusiboa.

“Zenbaki eta ranking-etatik harantzago, Deustu zerbitzu eta konpromisoko misioa betetzen ari da”, nabarmendu du errektoreak. Deustuk lideratzen du Gearing Roles berdintasun planak goi mailako hezkuntza erakundeetan ezartzeari buruzko ikerketa proiektua, Emakume teknologoarentzako Ada Byron saria, UNESCO Katedra –25 urteotan, Latinoamerikako 300 irakasle, profesional eta lider prestatu dituena–, GreenSoul eraginkortasun eta jasangarritasun energetikoari buruzko proiektua, Giza Eskubideak Ingurune Digitaletan adierazpena, eta Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendako 16. GIHari mundu mailan ematen zaion bultzadan 27 unibertsitaterik onenen artean sartuta dago. Inguru hurbilarekin eta globalarekin gizartea aldatzeko duen unibertsitateko egitasmo baten konpromisoaren adibide batzuk baino ez dira aipatutako horiek.

Alde horretatik, errektoreak jakinarazi du Times Higher Education-en urteko unibertsitateko liderren gailurrean, joan den astean Zurichen izan zen horretan, Unibertsitateetan justizia eta bakea sustatzeari buruzko 2020ko nazioarteko I. foroa Bilbon antolatzea erabaki dela, Nazio Batuen 2030 Agendako 16. Garapenen Jasangarrirako Helburuari jarraituz. Nazioarteko foro hori antolatuko den lehenengoa da eta Bilbon izango da 2020ko martxoan, 2030 Agendaren xedeekin bat. “Deustuko Unibertsitatearentzat harro egoteko moduko ohorea da nazioarteko ekitaldi horren egoitza izateko aukeratua izatea eta, horrela, unibertsitateen bizitzako esparru horri bultzada ematea. Unibertsitateok justizia eta bakea sustatzen eginkizun garrantzitsua dugula erakutsi nahi dugu”, azaldu du.

“Deustu sustrai sakonak dituen proiektu humanista da, oraina duen proiektua eta, batez ere, etorkizuna duena. Bai, gaur egungo eta etorkizuneko beharrizan, eskaera eta erronkekin konpromisoa duen proiektua”, adierazi du errektoreak. Ildo horretatik, errektoreak aurreratu du 2020an graduko hiru titulu berri ematen hasiko direla: Medikuntzako Gradua, Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko gradua eta Robotikako Ingeniaritzako Gradua, azkena Deustuko Salestarren ikastetxearekin lankidetzan, iaztik Gasteizeko Egibiderekin egiten ari garen bezala.

“Unibertsitatea-enpresa binomioa, prestakuntza duala, lanbide heziketarekin zubi-lana egitea edo ekintzailetza ez dira hitz goxoak edo nahiak, XXI. mendeko Deusturen parte dira dagoeneko. Eta gure Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala, gizarteko erronka berrietara, jakintzaren mugetara eta Osasun Zientzien arloa garatzera bideratutako titulazioak diseinatzen eta ezartzen sakonduko dugu, sortzear dauden graduko titulazio berriak eta prestakuntza eta ikerketa eredu berriak landuz”.

“Erronka globalen ondoan, herrialdeko erronkak, lurraldeetako erronkak, Bilboko, Donostiako edo Gasteizeko erronkak ere geure erronkak dira. Bilbao hiri unibertsitarioa, Zorrotzaurre, Nagusi Intelligence Center edo Elkar-EKIN eta Vitoria-Gasteiz Lab proiektuak, adibide batzuk bakarrik ipintzearren, Deusturen proiektuak ere badira” esanez amaitu du.

Errektorearen hitzaldi osoa.

Ekitaldiari amaiera emateko, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu mintzatu da. 

Lehendakariaren hitzak.

 


18/09/2019 - Acto de apertura del curso académico / Ikasturtearen hasierako ekitaldia 2019-2020