Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko irailak 10Donostiako Campusa

Abian da "Gizartean Kalteberatasun eta Bazterketa Egoeran dauden Pertsonen artean Esku Hartzeko" masterraren lehenengo edizioa

"Gizartean Kalteberatasun eta Bazterketa Egoeran dauden Pertsonen artean Esku Hartzeko" Masterraren lehenengo edizioa abian da, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, 17 ikaslerekin. Masterra Deustuko Gizarte Laneko eta Soziologiako Sailak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SiiS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren (Eguía-Careaga Fundazioa) laguntzaz. Hasierako ekitaldian Fernando Fantova gizarte zerbitzuetako profesionalak eta Izaro kantariak parte hartu zuten: “bazterkeriaren” inguruan gogoeta egin zuten, Felix Arrieta masterreko zuzendariak gidatuta. Ekitaldian izan ziren, halaber, Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiken diputatua; Eduardo Javier Ruiz Vieytez, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Joseba Zalakain, Eguía-Careaga Fundaziokoa.

Masterrak hainbat diziplinatako profesionalei kalteberatasun eta bazterketa egoeren kontrako borrokan esku hartzeko prestakuntza eskaini nahi die. Hala, aldez aurretik Gizarte Lana, Soziologia, Psikologia, Psikopedagogia, Pedagogia, Gizarte Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Zuzenbidea, Kriminologia, Antropologia, Erizaintza eta abar ikasi duten pertsonei zuzentzen zaie, baita gizarte bazterketaren esparruan lan egiten duten profesionalei ere, esparru horren inguruko jakintzan sakontzeko eta bertan lanean ari diren pertsonak espezializatzeko. Masterra presentziala izango da, urte bateko iraupena izango du (irailetik uztailera) eta nahitaezko praktikak izango ditu. Hain zuzen ere, erakunde hauek laguntzen dute masterrean: Agintzari, AGIPAD-Drogen abusuren ikerketa eta prebentziorako Gipuzkoako Elkartea, APTES-Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkartea, Caritas, EAPN-Pobrezia eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Europar Sarea Euskadin, Emaus, eskualdeko garapen agentziak, Udalak gizarte eta enplegu zerbitzuak), Caritas, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gurutze Gorria, LoiolaEtxea, Sartu-Erroak eta SiiS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa.