Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2022ko maiatzak 12Donostiako Campusa

Beistegui familiak jaso du “Familia enpresaburuaren Antonio Aranzabal saria” 2022ko edizio honetan, BH taldearen gidaritzan egindako lanarengatik

Antonio Aranzabal Fundazioak 2022ko “Antonio Aranzabal saria” eman dio Beistegui familiari. Sariarekin, Fundazioak familia honen ibilbidea aitortu nahi du, nazioartekotzearen eta berrikuntzaren bidetik, espiritu berritzaileari eusteko gai izan delako, lau belaunalditan. Saria emateko ekitaldia Familia Enpresaren XXII. Jardunaldian egin da, Donostiako campuseko Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal Fundazioarekin batera, 2000tik antolatzen duen ekitaldian. Aurtengo edizioan, “familia enpresa: etorkizuneko proiektuak” izan da ardatza eta hiru hizlarik hartu dute parte: Iñigo Guinea (GHI Smart Furnaces enpresako gerentea eta hirugarren belaunaldiko kidea), José Manuel Echarri (Echemarreko gerentea eta bigarren belaunaldiko kidea) eta Isabel Sánchez (Delaviuda Confectionery Group taldeko kontseilari ordezkaria). Jardunaldian izan dira, halaber, Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako zuzendaria eta Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreordea.

Gainera, Familia Enpresa eta Talentua Praktikak ekimena aurkeztu dute Antonio Aranzabal Fundazioak, Rural Kutxak eta Deusto Business Schoolek. Ekimen horretan lagundu dute lurraldean errotutako familia enpresek, talentu gaztea hartu baitute beren proiektu estrategikoetan parte hartzeko. Ekimenaren aurkezpenean hitz egin dute Anton Aranzábalek (Antonio Aranzabal Fundazioa), Álvaro de la Ricak (Deusto Business Schooleko dekanoa) eta Juan Mari Ayechuk (Rurak Kutxa). Programan parte hartzeko hautatu diren pertsonek proiektu estrategiko bat garatu beharko dute nazioarteko proiekzioa duen Gipuzkoako familia enpresa batean. Lan aukera izateaz gainera, hazteko igurikimenak dituen lurraldeko enpresa batean lan egiteko aukera eskaintzen da, anbizio handiko ibilbide profesionaleko plan baten bermearekin. Programari esker, hiru kolektibok izango dituzte onurak: ongi prestatutako gazteek, proiektu interesgarrietan parte hartuko baitute eta lurraldean errotutako enpresak ezagutu eta haietan ezagutzera emateko aukera izango baitute; lurraldean errotutako enpresa lehiakor eta dinamikoak, egiten dutena ezagutzera emateaz gainera, lurraldeko unibertsitateko gazteen artean ikusgai egin baitaitezke; eta, oro har, Gipuzkoa, bertan geldituko baitira bai enpresa proiektu errotuak eta bai talentua, ongi prestatutako gazteen ihesa saihestuz eta enpresa proiektuak indartuz.

Beistegui familiak jaso duen sariarenaurreko edizioetako irabazleak hauek izan ziren: Ángel Iglesias (Ángel Iglesias, S.A. – Ikusi) eta Ignacio Garmendia (Construcciones Electromecánicas LETAG); Juan Celaya (Cegasa, Tuboplast eta Hidronor); Miguel Odriozola (Industrias Lagun-Artea); Gasteluiturri-Salterain familia (Fundiciones Garbi); Patricio Echeverria (Corporación Patricio Echeverria); Juan Jesús Santa Cruz (Grupo Calcinor); Unai de Arteche (Grupo Arteche); Teodoro Alcorta (Alcorta Forging Group); Javier Ormazabal (Grupo Ormazabal); eta, azkenik, Luis María Cañada Vicinay (Cadenas Vicinay), Javier Altuna (Ogiberri), Pasaban familia (Pasaban), Reiner familia (Reiner), Llordés familia (Grupo Salva), Garay familia (Hijos de Juan de Garay), Garate-Unceta familiak (Grupo Unceta), De Aranzábal familia (La Rioja Alta, Agromotor eta Albertia) eta, azkenik, Guinea familia (GHI Smart Furnaces).

Antonio Aranzabal Fundazioa eta Deusto Business School

Antonio Aranzábal Fundazioa Antonio Aranzabalek sortu zuen, 1998an, enpresaburuen garapena sustatzeko eta bultzatzeko. Helburu hori lortzeko, Fundazioak urteko laguntzak ematen ditu prestakuntzarako, ikasketa bekak, sariak eta bestelako pizgarriak, ekintzaileei laguntzeko eta haien ekarpena aitortzeko, garaiz identifikatuz, beren prestakuntzan lagunduz, eta, azkenik, eta beren ibilbidearen arabera, enpresaburu gisa izan dituzten lorpenak aitortuz.

Fundazioak asmo handiko lankidetza programak ditu bi unibertsitaterekin: Deustuko Unibertsitatea, Familia Enpresaren Katedraren bidez, eta Nafarroako Unibertsitatea, Ingeniaritza Termiko eta Jariakinen Katedraren bidez. Era berean, Zarauzko La Salle Ikastetxearekin ere badu harremana, ikasteko bekak ematen baititu eta ikasketetan gehien saiatzen diren ikasleei aitorpena egiten. Azkenik, Novia Salcedo Fundazioarekin ere lan egiten du, Pegasus proiektua babesten, gazteen enpleguari laguntzeko, 2013an abian jarri zenetik.

Antonio Aranzabal Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzak aurten 20 urte bete ditu. Lankidetza horri esker, familia enpresaren arloko hainbat ekimen bultzatzen dira, bi erakundeen arteko Familia Enpresaren Katedraren bidez.