Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko uztailak 20Bilboko Campusa

BBK-k Unibertsitateko Deusto Covid-19 Beken Funtsean lagunduko du

BBK-k eta Deustuko Unibertsitateak ibilbide luzea dute elkarlanean, historian zehar biak lotu dituena. Bizkaitar gizartearen garapenean elkarrekin lan egin ahal izan dute, bilakaera eta aldaketaren eragile izanik, pertsonen eta gizarte osoaren ongizatearen alde duten konpromisoaren fruitu.

Testuinguru horretan, BBK-k eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute 2020. urterako, pertsonen eta gizarte osoaren garapen eta aurrerapenaren zerbitzura jarritako zenbait interesgunetako jarduerak ardatz harturik.

Egungo testuinguruan eta pandemiak eragin duen egoera sozial eta ekonomiko larria ikusirik, Deusto COVID-19 Beka programari laguntzea jasotzen du hitzarmenak, koronabirusaren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren eragina jasaten ari diren graduko ikasleei prestatzen laguntzeko ikastetxeak abian jarri duen aparteko laguntzen funtsean.

Horrekin batera, enpleguarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin zerikusia duten proiektuek aparteko garrantzia dutela ikusten dute bi erakundeek, jendearen garapen pertsonala eta profesionala errazteko. Lanerako bidean, Orienta Zaitez, Profesionalak birkolokatzeko eta Deusto Think-Lan berariazko programetan laguntza emango du. Bestalde, berrikuntza eta ekintzailetzari dagokionez, Deusto Star I, Deusto Star II programak garatzen lagunduko du, baita Egitezko Ekintzailetzako Master Duala ere.

Aparteko garrantzia du, halaber, lanbide jakin batzuen, bereziki, profil oso teknikoa duten lanbideen inguruko sentsibilizazioa sendotzeak ere, emakumeek gizartean duten paperetik oso urrun dagoen pisua erakusten dutelako. Alde horretatik, Deustuko Unibertsitateko Inspira proiektua bi aldeentzako lankidetzarako espazio garrantzizkoa da, Lego Liga proiektua bezala, gazteenen artean bokazio teknologikoak sustatzeko. Azpimarratzekoa da, era berean, Deusto Business Alumnik garatzen dituen Etika Jardunaldiei ematen zaien laguntza, eta “Times Higher Education” nazioarteko ekitaldia babestea ere, GJHen arteko 16.a (Bakea eta Justizia) ardatz hartzen duena.

Ikerketa esparruko jardueren aldetik, berariazko garrantzizko proiektu batzuk identifikatu dira, bi erakundeek intereseko identifikatzen dituztenak. Deusto Cities Lab Katedra, BBK Behatokia, Industria 4.0 Katedra, “Bakardade Ikusezina” proiektua –pertsona nagusien bakardadeak eragindako arazoak azpimarratzen dituena-, era guztietako erakundeetan gizarte eragina aztertzeko ereduak garatu beharra sozializatzea, BBKren nagusientzako zentroak XXI. mendean birdefinitzeari buruzko azterketa edo BBK Sasoiko proiektua aipatu behar dira, beste batzuen artean.

Beraz, hitzarmenak beste urrats bat ematen du, bi erakundeen ibilbide luze eta etorkizunera begira oparoa izango den horretan. Kontuan izan behar da, etorkizun hurbilean eta datozen urteetan gizarte aldaketa sakonei aurre egin beharko diegula; eta horrek beharrezkoago egingo du eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalen arteko lankidetza trinkorako espazioak eratzea.

Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek azpimarratu du unibertsitateak BBK bezalako erakundeekin gure misioa partekatzen jarraitu behar dugula, pertsonen ongizate inklusibo eta jasangarriaren zerbitzura egiten dugun lanean, gizarte solidarioago, garatuago eta herritar guztien garapenarekin konprometituagoa den eginkizuna betetzen jarraitu ahal izateko.

Esker ona ere adierazi du BBK-k Covid-19 Beken funtsari eman dion babesagatik, koronabirusaren pandemiaren ondorio sozial eta ekonomikoak hain larriak diren unean. “Eginkizun horretan BBK bezain kualifikatuak diren erakundeen eskutik joatea pribilegio bat da guretzat eta aukera bat ere bai, bi erakundeen arteko harreman luzean sakontzeko”.

Bestalde, BBK-ko zuzendari nagusi Gorka Martinezek hau adierazi du: “BBKrentzat Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzea funtsezko elementua da Bizkaiko eragile sozial eta ekonomikoekin dugun lankidetzako estrategian, Bizkaiko gizartearen ongizatea mantentzeko dugun misioa eta konpromisoa garatzeko. Alde horretatik, Deustuko Unibertsitatearekin dugun lankidetzako ibilbide luzean jarraitu behar dugun bidea zein den erakusten digu, asmoak partekatzen ditugun arloetan lankidetzako estrategiak ezartzeko”.