Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko uztailak 02Donostiako Campusa

Alkizako udalak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute turismo-ikasleek herriko Fagus-Alkiza interpretazio zentroan praktikak egiteko

Deustuko Unibertsitateko Turismo sailak lankidetza hitzarmena sinatu du Alkizako udalarekin turismoko ikasleek herriko Fagus-Alkiza interpretazio zentroan praktikak egiteko. Praktiken iraupena 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era izango da, eta Fagus-Alkiza interpretazio-zentroan eta Alkizako Kabia harrera-gunean burutu ahal izango dira. Ikasleen betebeharrak honako hauek izango dira: Kultura eta Turismo teknikaria eguneroko zereginetan laguntzea, bereziki, uda partean burutuko diren ekintzak antolatzen eta gizarteratzen; Fagus-Alkiza interpretazio-zentroko bisitak antolatu eta bisitariei erakustea; Ibilbide gidatuetan laguntzaile moduan aritzea; Bisitariak atenditzea eta Alkizari buruz informatzea; Herriko turismo-eragileak laguntzea beharrezkoa izanez gero.

Hitzarmena natur guneek, Covid-19 ren ondorioz, izan duten bilakaerarekin du erlazioa. Izan ere turistek leku lasaiagoak bilatzen dituzte, naturarekin harremana bilatzen dute eta etxetik gertu dauden tokiak bisitatu nahi dituzte.

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak hiru ardatz nagusi ditu: natura, bertan jarduten duen gizakia eta bi horien arteko harremanetatik sortzen den kultura. Naturaren ardatzetik abiatuta, Fagus Alkizaren helburua, biodibertsitatea kontserbatzea eta areagotzea da. Horretarako, interpretazio zentroan Hernio-Gazume KBEko biodibertsitateari buruzko informazioa aurkitu daiteke; baita mendigunean egin diren eta egiten ari diren kontserbaziorako lanak ere. Gainera, zentroan erakusgai egongo dira bertako basoaren erreplika, kobazulo baten erreplika saguzar espezie ezberdinekin...Gizakiaren ardatzari dagokionez, Fagus Alkizaren helburua, garapen iraunkorra lortzea da. Honela, biodibertsitatea kontserbatzea bermatzen da; izan ere, baserritarrei esker baitaude Hernio-Gazume KBEan hain garrantzitsuak diren larreak, pago motzak... Horrexegatik, egun baserriak pairatzen duen egoera kontuan izanik, Fagus Alkiza ere hausnarketa-gune eta aukerak bilatzeko abiapuntua da. Bestalde, interpretazio zentro honetan, alkizarrek beren historian zehar ingurunearekin izandako harremana ezagutarazi nahi da. Horretarako, bilduriko ondasun kulturalak bertan ikusgai egongo dira: txondorra, karobiak... Kulturarena azken ardatza izanik, kontuan hartu beharrekoa da, garaiak aldatzen doazela eta horrekin batera ohiturak, ustiapen ereduak, ingurumenarekiko harremanak, kontsumoa … Beraz, kultura aldaketaz hitz egiten arituko ginateke. Hori dela eta, zentroaren helburua da landa eremuan kultura era integralean sustatzea