Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko martxoak 30Bilbo

Regina Llopis Rivas matematika aplikatuko doktoreak irabazi du Deustuko Unibertsitatearen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

 

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren laugarren edizioko antolaketa batzordeak eta epaimahaiak Regina Llopis Rivas Berkeleyn dagoen Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialari Aplikatutako Matematikan doktoreari eman dio 2017ko saria. Sariduna AIA (Aplicaciones en Informática Avanzada) taldeko presidentea eta kontseilari delegatua da.

 

Matematikako doktore tituluaz gain, Regina Llopisek curriculum zabala du eta era askotako titulazioz osatua: enpresa lidergoa, enpresa teknologikoen zuzendaritza, goi mailako zuzendaritzako programak, enpresa estrategiak telekomunikazio sozietateetarako eta interneterako, baita emakumeen presentzia eta lidergoari buruzkoak enpresa munduan ere. Era berean, hainbat eta hainbat artikulu argitaratu ditu eta foro espezializatuetan parte hartu du.

Ibilbide profesionalean ere hainbat sari jaso ditu, bai pertsonalak eta bai korporatiboak. Azpimarratzekoa da 2015 IWEC – International Entrepreneurial Challenge Foundation, Bartzelonako Merkataritza Ganberak, Manhattan-go Merkataritza Ganberak eta FICCI/FLO erakundeak (Federation of Indian Chambers of Commerce an Industry Ladies Organization) sortua. Horrez gain, AIA Taldeak Enpresa Berritzailearen saria jaso zuen 2010ean, Berrikuntzaren Ascamm sarien II. edizioan. Ikuspegi pertsonaletik, 2009an, El País egunkariak urteko ehun pertsonarik garrantzizkoenen taldean sartu zuen Regina Llopis.

Profil profesionalean, azpimarratzekoak dira ekintzailetzako proiektuak eta emakumeek teknologia eta enpresa esparruetan egiten duten jardunari eskainitako babes erabakigarria. Irakaskuntzan, ikerketa zentroen zuzendaritzan eta enpresa eta startup-en sorreran aritu da Ada Byron sariduna. Azken horretan, AIA Taldea osatzen duten enpresak merkaturatzen eta horietan inbertitzen hartu du parte. Ikerketarekin duen konpromisoaren erakusgarri dugu, 1994an AIA konglomeratua sortu zenetik iaz arte, pilatutako inbertsioa: 15,2 milioi euro. Kopuru hori hainbat proiektu garatzen erabili izan da, ikuskaritzapeko ikaskuntzatik hasi eta optimizaziora, hizkuntzalaritza konputazionalera, etab. Horrez gain, 3.9 milioi euro jaso ditu europar funtsetatik eta 2,4 milioi, estatu mailako erakundeetatik. Taldeak hamabi patente inguru ditu.

Regina Llopisen bizitza profesionalean emakumeek duten presentziari dagokionez, aipatzekoa da AIAn emakumeenganako diskriminazio positiboaren erabilera, Affirmative Action Towards Women.

Ada Byron saria dela eta

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria estatu mailakoa da. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eratu zuen ikerketa eta garapen teknologikoaren esparruko emakumeen bokazioak sustatzeko, bizitzako esparru guztietan eta gizarte garapenean teknologiari ospea emateko, eta zeregin eta ikasketa horietan emakumeek gizateria osoari egiten dioten ekarpen eta lorpenei balioa emateko.

Saria 3.000 eurokoa da eta IK4ren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Emakunderen babesa du, baita Basque BioCluster eta Innobasque-rena ere ere.

Aurreko hiru edizioetako saridunak hauek izan dira: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen ditugunetako ikertzailea; eta Nuria Olivar, Telefónicako I + Gko zuzendaria.

Saria emateko ekitaldia apirilaren 5ean izango da, eguerdiko 12:00etan, ForoTech 2017, Deustuko Ingeniaritza eta Teknologiaren astearen inaugurazioan, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan. Foroaren helburu nagusietariko batzuk hauek dira: teknologia eta ingeniaritza aplikatuko teknologien azken joeren zabalkundea egitea, baita ikerketarako eta garapen teknologikorako bokazioak sustatzea ikasleen artean, bereziki emakumeen artean.

96 hautagai

Laugarren edizioaren balantzea egitean, epaimahaiak azpimarratu du 96 hautagairen erreferentzia jaso eta ebaluatu dituela, 2016an izan zituztenen bikoitza. Hautagai guztiak lanean ari diren profesionalak dira, 31 eta 67 urte bitartekoak, irakaskuntza mundukoak, ikerketa zentroetakoak eta enpresa arlokoak.

Aurtengo deialdian, espainiar enpresa teknologikoetan lanean ari diren hautagai gehiago izan dira. Gainera, teknologia arloan ekintzaile izan diren emakumeak aurkeztu dira lehenengoz.

Diziplinak kontuan hartuta, dibertsitatea izan da 2017ko hautagaien ezaugarria, bai ikasketetan (informatika, bioteknologia, fisika, telekomunikazioak, IKTak edo matematika), bai jarduera profesionaletan (osasuna, teknologia aeroespaziala, materialak, adimen artifiziala, Big Data, energia nuklearra, garraioa, softwarea edo fabrikazio aurreratua).

Era berean, ebaluatutako 96 hautagaien artean, oso emakume gazteen talde bat dagoela kontuan hartu du epaimahaiak, lorpen eta merezimendu profesional handiak lortu dituzten emakumeak, ekintzaileak, generoa eta teknologia uztartzen dutenak. Antolaketa batzordearen iritziz, emakume horiek aipamen berezia merezi dute, “haien hautagaitzak lagundu egiten baitu emakumezko erreferenteak sortzen eta mundu teknologikoaren inguruko pizgarri positibo izan baitaitezke neskentzat".

Ada Byron sariaren epaimahaia pertsona hauek osatzen dute:

- Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa.
- Alberto García Erauzkin, Innobasqueko presidentea.
- Begoña Goiricelaya, Gaiker-IK4-ko zuzendari nagusia.
- Carmen Vela, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkaria.
- Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa.
- Teresa Laespada Martínez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko diputatua.
- Pilar López, Microsoft Ibérica-ko presidentea.
- Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria (Eusko Jaurlaritza).
- Pedro Esnaola, Basque BioCluster-eko presidentea.
- Idoia Maguregui, Sareb-eko bitartekoen idazkari nagusiordea.

 

FOROTECH-i buruzko argibide gehiago