Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko otsailak 14Bilbo

Deustuko Unibertsitateak eta Banco Santanderrek lankidetza berritu eta XIII. DU-Santander ikerketa sariak banatu dituzte

Deustuko Unibertsitateak eta Banco Santanderrek XIII. DU-Santander Ikerketa Sariak banatzeko ekitaldia aprobetxatu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena formalizatzeko, Santander Universidades-en bitartez, eta ikerketa eta irakaskuntzarako edukiak dituzten proiektuak, eta jarduera akademikoak eta kudeaketa garatzeko. Bi erakundeen baterako proiektuen artean daude, Ikerketa sariaz gain, Latinoamerikarako Giza Baliabideen Prestakuntzarako Katedra eta Aisia eta Jakintzako Katedra. Hitzarmena Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert Ucínek eta Banco Santanderreko Santander Universidades-eko Matías Rodríguez Inciartek sinatu dute.

Deustuko Unibertsitateak Banco Santanderren babesa du 2004tik, ekimen akademikoak bultzatzeko. Banketxea da munduan hezkuntza arloan gehien inbertitzen duen enpresa (Varkey/UNESCO-Fortune 500 txostena), Santander Universidades-en bitartez. 1.100 lankidetza hitzarmen ditu sinatuta, 21 herrialdetako unibertsitate eta erakundeekin.

XIII. DU-Santander Ikerketa Sarien banaketa

“Evaluación e intervención psicosocial en enfermedades raras” ikerlanak jaso du XIII. DU-Santander Ikerketa Saria. Banco Santanderreko lurraldeko zuzendariak, Patricia Ariasek, adierazi du erakundea harro dagoela bere ekarpena egiteaz, “paper xumea, sariaren babesle gisa, gizarte eragina jasotzen duena. Erabat identifikatuta sentitzen gara horrekin guztiarekin, gure asmoa pertsonak, enpresak eta, ondorioz, gizartea garatzen laguntzea baita”.

Neuro-e-Motion taldeak lideratuta, irabazle gertatu den proiektuaren helburu nagusia da gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eta haien senideen bizi kalitatea hobetzeko ebaluazioko eta esku hartzeko estrategiak garatzea, batez ere teknologien bidez. Accesita, berriz, “Memoria, ética y justicia: la extorsión y la violencia de ETA contra el mundo empresarial” lanak jaso du.

Neuro-e-Motion taldea Imanol Amayrak (zuzendaria), Juan Francisco López Pazek, Esther Lázarok, Oscar Martínezek, Sarah Berrocosok, Maitane Garcíak, Mohammad Al-Rashaidak eta Manuel Pérezek osatzen dute. Ibilbidearen hasieratik, 2004tik, teknologiak gaixotasun arraroak dituzten eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonen esparrura aplikatzearen aldeko apustu argia egin du unitate horrek. Alde horretatik, gailuak garatzea lehenetsi dute, prebalentzia gutxiko gaixotasunak dituzten pertsonen eta haien senideen bizi kalitatearekin lotuta dauden aldagai psikosozialetan esku hartzeko eta ebaluazioa egiteko. Horren adibide argia da talde hori osatzen duten pertsonei informazio kontrastatua eta gizarte babesa emateko web orrien sorrera, baita osasun arloko profesional batek ikuskatutako lineako laguntzako taldeak sortzea ere.

Aldi berean, errealitate birtualeko software bat ere garatu da, serious game teknologian oinarritua, neurogarapeneko nahasmenduetan emozioekin lotuta dauden zenbait aldagai identifikatzeko. Lan horri guztiari esker, erreferentziako gidak prestatu dira, gaixotasun arraroak dituzten pertsonen federazioek eta estatu mailako elkarteek proposatuta, gaixotasunari aurre egiteko eta bizi kalitate psikosoziala hobetzeko lagungarri direnak. Era berean, ikertaldearen zeregin nagusia da gaixotasun horien inguruko jardunaldiak eta mintegiak antolatzea, gizartea pertsona horien gizarte arazoez, hezkuntzakoez eta osasun arlokoez sentiberatu dadin.

ETAren estortsioa enpresa munduaren kontra

“Mémoria, ética y justicia: la extorsión y la violencia de ETA contra el mundo empresarial” gaia jorratu eta dokumentatu duen taldeak jaso du accesita. Diziplina arteko ikuspegia erabiliz, euskal enpresaburuek jasan duten indarkeriaren berri ematen du, estortsioa eta bahiketa bereziki kontuan harturik. Lau urtetan zehar egin den lana da, Etika Aplikatuko Zentroak Gatazkak eta bakerako kultura ikerrildoaren barruan egin duena. ETAren indarkeriaren neurria argitara ekarri nahi izan da, urteetan oharkabean gertatu izan ondoren, eta milaka biktimei aitorpena egin zaie (10.000 baino gehiago, kontrastatutako estimazioen arabera).

Ikerlanak estortsioaren zirrikitu nagusienak erakusten ditu, ETAk erabilitako indarkeria mota horrek biktimak haien jarduera kriminalaren derrigorrezko partaide izatea ekarri baitzuen. Ikerketak bidegabe egindako gaizkia salatu nahi du, herritarren arteko bizikidetza onbideratzeko ezinbesteko baldintza baita. Lana Izaskun Sáez de la Fuentek (zuzendaria), Galo Bilbaok, Xabier Etxeberriak eta Jesús Prietok prestatu dute.

Sariak emateko ekitaldian, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert eta Ikerketako eta Transferentziako errektoreorde Rosa Santibáñez egon dira.
 

 

 

 

14/02/2018 - XIII Premios de Investigación UD-Santander