Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
19 maiatza, 2017San Sebastián

Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko graduko ikasleek 4.000 euro inguru bildu dituzte Amigos Solidarios gobernuz kanpoko erakundearentzat

Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko hirugarren mailako ikasleek Donostiako campusean aurkeztu dituzte, Amigos Solidarios gobernuz kanpoko erakundearentzat (amigossolidarios.com) egin dituzten proiektuen emaitzak, "Zosmasariak" lehiaketaren VIII. edizioan. Lehiaketa Zosmamedia Medioen Agentziak antolatzen du, beste erakunde hauekin elkarlanean: Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Komunikazio Saila, Noticias de Gipuzkoa, Onda Vasca, Amigos Solidarios eta El Sol Publizitate Jaialdia. Ikasleek, 5 laguneko 16 taldetan antolatuta, hainbat komunikazio kanpaina diseinatu eta eraman dituzte aurrera, Amigos Solidarios GKEarentzat dirua biltzeko eta erakunde horrek Kenyan eta Ugandan okerren daudenekin egiten duen lana ikustarazteko.

Proiektuak eta ideiak Donostiako campusean eta beste udalerri eta hiri batzuetan egin dira, eta ikasleen, irakasleen eta herritarren artean elkartasun olatua sortu dute: elkartasun kafeak, mikroantzerkiko saioak, pailazoen ikuskizunak, elkartasun “hamaiketakoak”, elkartasun pintxoak, hirukoitzen lehiaketa, merkatu txikia, zine jardunaldiak, bideoepaiketen inguruko eztabaidak, ikastetxeetan aurkezpenak, elkartasun kontzertuak, eguneko irteerak fitcamp eta hamaiketakoarekin, kirol jarduerak -zunba, esate baterako-... Ekintza horien guztien artean, guztira 4.000 euro inguru bildu ahal izan dira, Kenyako eta Ugandako eskualde pobreenetako herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Hala, besteak beste, Lokitaung-en (Kenyan) haurren desnutrizioari erantzuteko pediatria unitate bat eraikitzen lagunduko da.

Ikasleek publizitateko bitarteko asko erabili dituzte helburua lortzeko: kartelak, gonbidapenak, gizarte sareak, ikus-entzunezkoak, globoak, merchandisinga, prentsa, ekitaldiak, etab. Talde irabazlea publizitate kanpainarik eraginkorrena egin duena izango da, hau da, baliabide ekonomiko gehien lortu dituena eta gizarte sareen bidez, trafikorik handiena lortu duena. Irabazlea datorren astean jakingo da eta publizitate esperientzia profesional batez gozatzeko aukera izango du El Sol publizitate jaialdian, ekainaren 1, 2 eta 3an.