Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko irailak 27Bilbo

Deustuko Unibertsitateak hasiera ofiziala eman dio 2017-2018 ikasturteari

Deustuko Unibertsitateak asteazkenean, irailaren 27an, eman dio hasiera 2017-2018 ikasturteari. Ekitaldiari Idazkari Nagusiak eman zion hasiera 2016-2017 ikasturteko memoriaren irakurketarekin; eta, amaitzeko, “Erlijioak eta espiritualtasuna kultura ugariko hirian” irekiera-hitzaldia eskaini zuen Teologia Fakultateko katedradun Vicente Videk.

Irekiera-hitzaldia

Vicente Vide irakaslearen hitzetan, hiri gero eta globalizatuago eta kultura anitzekoagoetan, erakunde erlijiosoek gizarte postsekularizatua onartu behar dute, jakinik gizarte horretan aniztasun soziokulturala dela ordenamendu sozial eta juridikoaren iturria eta ordenamendu hori ez dagoela ezinbestean mundu-ikuskera bakarrari loturik. Eta erakunde soziopolitikoek ere aintzat hartu behar dute kultura aniztasuna, hiriko askotariko balioei tratamendu egokia eta errespetuzkoa eskaintzeko.

Azaldu duenez, hiri sekularra ez da dimentsio erlijiosoaren ezinbesteko galtokia, egungo gizarte eta kultur baldintzetara berregokitzeko esparrua baino. Eta horregatik, beharrezkoa dugu erlijioa berreratzea: transzendentzia eta zentzu nahi iraunkorrak, alde batetik, eta salbamen erlijiosoa eskaintzen duten erakundeen ekarpenak, bestetik, bat etor daitezen.

Teologoak uste du herritar erlijiozaleek harremanetan jarri behar dituztela beren fedearen edukiak eta jakintza sekularra, hartara, aurrerapen zientifikoak, zuzenbidea eta moral unibertsalista tradizio erlijiosoaren garapenean txerta daitezen. Bestalde, orientazio erlijiosorik ez duten herritarrek arrazoi instrumentalaren erredukzionismo zientifistak gainditu beharko lituzkete eta benetan bizitako erlijio tradizioek duten ahalmen semantiko eta humanizatzailea onartu.

Vide irakaslearen iritziz, gizateria den bitartean izango da erlijioa. Hala adierazten du Salvador Giner-ek: “Sekularizazioak (…) ez du lortu erlijiotasuna eta gizateriaren erlijioa sortzeko joera alde batera uztea, muga batzuk ipini badizkio ere, muga horiek gabe ezinezkoa bailitzateke gaur egungo mundua ulertzea”. Premisa horietatik abiatuta, autorea ondorio honetara heltzen da: “Ez da ona ideal laikoa laikotasun erasokorraren zuloan erortzea. Fededunek eskubide urra ezinak dituzte, eta ez ditugu hautsi behar, garai batean haiek ere gureak hautsi zituztela aitzakia harturik”.

Azkenik, Vide irakasleak adierazi du kultura ugariko hirian, erlijioek kritikoak izan behar dutela erredukzionismo funtzionalistarekin, norbanakoa sistemaren menpean jartzearekin, balioen eta tradizioen pobretze espiritualarekin. Hala, erlijioek idolatria deshumanizatzaileei aurre egin eta espiritualtasun humanizatzailea eskaintzen jarraitu behar dutela esanez bukatu du.

Irekiera-hitzaldi osoa.

Errektorearen hitzak

José María Guibert errektoreak unibertsitate erakundeen funtziorik nagusienen inguruko hausnarketari eskaini dizkio hitzak, irakas-ikaskuntzari, hain zuzen Horren inguruan, adierazi du gero eta ohikoagoa dela unibertsitateek bere paper eta gizarte funtzioaren inguruan galdetzea, baita ekartzen duten balio erantsiaren inguruan ere. Are gehiago, batzuek zalantzan jartzen dute, gaur egun, ikasleak hezten ari ote diren dagoeneko ez dauden lanpostuetarako.

Gainera, azpimarratu du enpresetan gero eta gutxiago begiratzen dietela unibertsitateko graduetako nota edo kalifikazioei; bai, ordea, gaitasun kognitibo eta jokabidezkoen baturari. Hori dela eta, garrantzi handikoa da unibertsitateek gaitasun horien inguruko prestakuntza ematea: pentsamendu logikoa, arazoen sustraia ulertzeko gaitasuna, kontzeptu berriak ulertu eta arin norbereganatzekoa, automotibazioa, lan egiteko era profesionala eta lanean konfiantza sortzeko eta etikaz jokatzeko gaitasuna, besteak beste.

Pentsatzen irakastea

Baina, berariazko gaitasun eta trebetasun horiekin batera, Guibert errektoreak pentsatzen du ikasleei pentsatzen ere irakatsi behar dietela unibertsitateek. “Gehiago eta hobeto pentsatzeak izan behar du unibertsitatearen erakusgarri eta, Deustuko Unibertsitateari gagozkiola, ‘pentsamendu kritikoa’ izaten irakastea izan behar da helburua”. Pentsamendu hori, unibertsitatearen kasuan, ezinbestekoa dugu lanpostuetan; izan ere, arazoak pausatuta hausnartzeko gaitasuna esan nahi du, gertakariak argudioz ondo hornituta epaitzeko trebetasuna, idatzizko lan onak, luzeak eta arrazoituak egiteko.

Errektorearen aburuz, ikasleei era kritikoan pentsatzeko prestakuntza emateak esan nahi du akademikoek gehiago lagun egin behar dietela ikasleei, “critical thinking” edo “smart thinking” esaten zaionari denbora eskainiz. Eginkizun zaila izaten da sarritan, baina landu beharrekoa, unibertsitateetan argitalpen zientifikoak aintzat hartzen baitzaizkie, batez ere, irakasleei.

Dena dela, José María Guibertek argi esan du unibertsitateak ez direla pertsona enplegagarriak, enpresetan ahalik eta hoberen egokituko direnak ekoizteko zentroak soil-soilik. “Goi mailako hezkuntza hori guztia baino askoz gehiago da eta horren erakusgarri dira argitalpenak”. Puntu horretan, Etika Aplikatuko Zentroko argitalpen bat aipatu du errektoreak, ETAk enpresaburuei eta zuzendariei egiten zien estortsioa aztertzen duena; baita Giza Eskubideen Institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat egin duen beste bat ere, presoak urruntzeko politikak euren senideengan izan duen eragina jorratzen duena, eta azken atalean ondorioak eta gomendioak ematen dituena.

Deustuk, unibertsitate mailako erakunde moduan, gure gizarteak dituen erronka nagusietako batzuei, bake, bizikidetza eta adiskidetze beharrari, hain zuzen, egiten dien ekarpenaren bi adibide baino ez dira ikerlan horiek. Izan ere, errektorearen hitzetan, “gizarteari egiten zaizkion ekarpen horiek ematen diete benetako zentzua eta esanahia unibertsitateko ikerketari, gizarte moduan ditugun erronka handiei erantzuten laguntzen baitute. Errealitatea, diziplina bakoitzeko metodo zientifikoak erabiliz aztertzea eta, hala, gizarteak dituen arazoei zorroztasunez eta zehaztasunez erantzutea da unibertsitatearen egitekoetariko bat; baita gizarte hoberantz aurrera egiteko konpromisoaren erakusgarri argia ere bai”.

Etengabe aldatzen ari den unibertsitatea

Irakas-ikaskuntzako ereduetara eta erronka berrietara berriro etorrita, errektoreak herrialdeetan hezkuntza beharrei eman zaizkien erantzun desberdinei erreparatu die. Australian, kasurako, hiru urtetik laura ekarri nahi dituzte graduak eta gaitasun orokor batzuk gehiago landu: gaitasun kulturala, arazoak konpontzea eta atzerriko hizkuntzak. Gainera, lehenengo lanerako ez ezik, bizitzarako prestakuntza eman beharra planteatzen ari dira, hezkuntza aldaketarako eragile izan dadin. Hirutik lau urterako aldaketa horretan, ikasleei bigarren espezialitate bat edo “major” bat graduaren barruan egiteko aukera eman nahi zaie. Deustuk eskaintzen dituen gradu bikoitzen antzerakoa litzateke, ikasleen gaitasunen aukerak zabaltzea.

Beste toki batzuetan, Alemanian esaterako, goi mailako hezkuntza eta lanbide heziketa uztartzea planteatzen dute. Duela urte gutxira arte, unibertsitatea eta lanbide heziketa ondo bereizitako lan-merkatuetara zeuden bideratuta. Planteamendu desberdinak eta elkarren kontrako logikak zituzten. Baina gauzak aldatu egin dira: orain unibertsitateko titulu akademiko asko enplegura begira daude planteatuta, eta lanbide heziketako titulu askok eduki akademiko altua dute. Beste inguru batean, Estatu Batuetan, ez da zalantzan jartzen unibertsitateko graduak duen balioa eta enpresek konfiantza izaten jarraitzen dute gradu horietan.

Erresuma Batuan, bestalde, eragile pribatuei edo “player” izenekoei unibertsitateko sisteman sartzeko ageriko baimena emateaz gain, aurtengo ikasturtean lege aldaketak ere egongo dira eta unibertsitateko graduek bi urteko iraupena izango dute, hau da, bi ikasturtetan hirutan adina kreditu eskainiko dira. Ikasleen oporraldirik gehienak kenduta egingo dute hori. Ikasleek unibertsitateko esperientziaren zati bat galduko dute, baina gastu batzuk aurreztuko dituzte eta bi urtetan lanean jarri ahal izango dira.

Gaitasunen ebaluazioa eta jarraipena

Deustuko Unibertsitatearen kasuan, gaur-gaurkoz, prestakuntza ereduaren inguruko hausnarketan jarraitzen dugu. Boloniako Adierazpenaren ondoren, gure ikastetxeak birbideratu egin zuen ikuspegi pedagogikoa eta, 2000-2001 ikasturtean ekin zion berrikuntza pedagogikoko aroari: irakasleak ardatz hartzen zituen eredutik, ikasleen ikaskuntzan eta gaitasunen garapenean oinarritutako beste batera pasatu zen. Zerrenda luze batetik, gaitasun batzuk aukeratu ziren, zeharkakoak (titulazio guztietan berdinak zirenak) eta berariazkoak (lanbideko edo diziplina akademikoarekin zuzenean lotuta daudenak), unibertsitateko misioari erantzuteko beharrezkotzat jotzen zirenak.

Indarrean dagoen plan estrategikoan, Deusto 2018 izenekoan, “Inguru berrirako titulazioak” proiektua ere jasotzen da, eta helburua da “Deustuko Unibertsitateko hezkuntza eredua egokitu eta etengabe hobetzea (ezaupideen, gaitasunen eta balioen irakasikaskuntza)”. Asko dira gaitasunak garatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko modua berritzen ari diren unibertsitateak, eta Deustu horietako bat da.

Berez, Deustuko Unibertsitatea aldaketa prozesu sakon eta sendo batean murgilduta dago. Duela hamar urte ezarri ziren gradu berriak, “Boloniakoak”. Baina aldaketa ez zen horretan amaitu. Azken bost urteotan, hamaika gradu berri, hamar gradu bikoitz eta horiei lotutako zazpi titulu propio ere sortu dira bi campusetan.

Eskaintza akademiko berri horrek (gradu, gradu bikoitz eta titulu propioen eskaintzak) erantzun ona izan du ikasleen aldetik. Plan zaharrak desagertu zirenean, 2013-2014 ikasturtean, Deustuk 5727 ikasle zituen graduko ikasketa ofizialetan. Matrikulatuta dauden ikasleen kopurua 7172koa da 2017-2018 ikasturtean. Horrek esan nahi du Deustuko gradu ofizialeko ikasleen kopurua % 25,2 igo dela lau urtetan. Graduondoko, doktoregoko eta beste prestakuntza programa batzuetako datuak batzen baditugu, 11.000 ikasletik gora ditu. “Kopuru horiek dira, inolako zalantzarik gabe Deustuk gizartean duen aitorpenaren eta gure Unibertsitatean ikasleek, familiek eta gizarteak duten konfiantzaren erakusgarririk onena”, errektoreak azaldu duenez.

José María Guiberten ustez, ikasle horiei guztiei kasu egitea ez da langintza erraza eta, lan hori ondo egiteko, unibertsitateek eta bertan lan egiten duten pertsona guztiek ere aldatu beharra dute. Egungo ikasleak oso diferenteak direla dio eta uste du batzuetan “ez ditugula ulertzen”. Horregatik guztiagatik, konfiantza du Unibertsitatea gai izango dela gazteen ezaugarri berrietara egokitzeko eta irakasteko eta ikasteko eta prestakuntzari aurre egiteko, baldin eta beste metodo batzuen alde apustu egin (eta irabazi) nahi badugu. “Iruditzen zait ez ditugula gazte horiek ezagutzen eta ez ditugula ezagutu nahi, eta ez gaudela haien ikuspuntua hartzeko prest. Izan ere, uste dugu gurea "hobea" dela; baina, egiaz, "desberdina" baino ez da”, azpimarratu du.

Jesuiten 200 unibertsitate Bilbon

Hitzaldiaren amaieran, errektoreak jesuitentzat urteurren garrantzitsu bat gogorarazi nahi izan du. “Duela urte asko, gaur bezalako egun batean, irailaren 27an, onartu zen Jesusen Lagundia. Halabeharrez, ekitaldi hau eta jesuiten urteurren hori egun berean ospatzen ditugu, gaurko egunez eratu baitzen Jesusen Lagundia orain 477 urte”, zehaztu du.

Jesusen Lagundia oso une berezia bizitzen ari dela erantsi du, gero eta erakunde gehiago baititu berari loturik. “Hala ere, jesuiten kopurua behera doa herrialde askotan, nahiz eta gero eta ideia eta proiektu gehiago izan eta milaka pertsona gurekin batera laguntzen aritu. Misioa berritu, modernizatu, interesgarriago, profesionalago emankorrago egiten da. Horregatik bada, Konpainiaren misioa gero eta gehiago dago laikoen esku eta gero eta gutxiago dago jesuiten pentsuan, nahiz eta, aldi berean, gehiago sakontzen dugun ignaziar karisman eta gure konpromisoak (hezkuntza, gizarte, intelektual eta pastoraltzakoak) era karismatikoagoan artatzen ditugun.

Testuinguru horretan, errektoreak iragarri du datorren urteko uztailean jesuiten ia berrehun unibertsitatetako errektore eta ordezkariak elkartuko direla Deustun. Hamarkada honetan hirugarrenez ospatuko den mundu mailako ekitaldi horrek helburu zehatz bat du: jesuiten unibertsitateen sare ofizial bat sortzea, sareko nazioarteko lana operatiboagoa izan dadin. Horretarako sei gai lantzeko estrategia bat diseinatu dute: goi mailako hezkuntza baztertuei eramatea; lider politikoak prestatzea; justizia ekologiko integratua hartzea; ignaziar espiritualtasuna aztertzea eta garatzea; erlijioen arteko elkarrizketa sustatzea; eta bakea eta adiskidetzea sustatzea.

Errektorearen hitzak

Errektorearen hitzen ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak hitz egin du eta ikasturte berriari hasiera eman dio.

 

 

 

27/09/2017 - La Universidad de Deusto inaugura su curso académico 2017-2018