Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko abenduak 05San Sebastián

Deusto Business Schooleko ikasleek 10.000 euro baino gehiago bildu dituzte Vicente Ferrer Fundazioa Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat

Abenduak 5ean, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + International Management Skills graduko 3. mailako ikasleek International Team Working irakasgaiaren barruan bildu duten dirua (10.000 eurotik gora) eman diote Vicente Ferrer Fundazioari. Xabier Orueta Vicente Ferrer Fundazioko Euskadi eta Kantabriako ordezkariak jaso du ikasleek bildutako dirua eta eskerrak eman dizkie beren konpromiso, inplikazio, lan eta emaitzengatik. Diru hori Indiako gazte kaltetuenen hezkuntza eta laneratze proiektuak finantzatzeko erabiliko du Fundazioak.

Joan den udan, EAZ + International Management Skill graduko 2. mailako 40 ikasle inguru Indiara joan ziren, irakasle talde batekin, bi astez, kontinente desberdinetako herrialdeen arteko kultur desberdintasunak bertatik bertara ezagutzeko. Indian ikusi zuten egoerak sakon ukitu zituen ikasleak eta, hala, seihileko honetan, International Team Working irakasgaian –Erasmuseko 15 ikasle ere tartean zirela–, hainbat proiektu eraman dituzte aurrera, dirua bildu eta irabazi asmorik gabeko erakunde bati, kasu honetan, Vicente Ferrer Fundazioari emateko. Talde bakoitzak bere proiektua proposatu eta garatu du, baina elkarri ere lagundu diote, helburua lortu ahal izateko.

Talde guztien artean, 10.000 eurotik gora bildu dituzte, hainbat jardueraz baliatuz: elkartasun penaltia, bigarren eskuko arropa saltzea Donostian eta Bilbon, zozketa bat antolatzea, Irungo eskulangintza azoka batean produktuak saltzea, elkartasun festa bat antolatzea, elkartasun kontzertu bat antolatzea, elkartasuneko futbol txapelketa bat antolatzea, Erasmuseko ikasleentzat Zumaira eta Gaztelugatxera ibilaldia Juego De Tronos non grabatu zen ikusteko...

Vicente Ferrer Fundazioak 1969az geroztik lan egiten du Indian. Espainian, azaroan ospatu zuen bere 21. urteurrena. Esperientzia handia du horrelako ekimenetan. Fundazioak 10.000 bazkide ditu Euskadin, eta hainbat erakunde publiko eta enpresaren babesa du. Ekimen asko antolatzen dira berarentzat dirua biltzeko. Aipagai dugun honetan, Deusto Business Schooleko EAZ + International Management Skills graduko ikasleak eta irakasleak izan dira protagonista, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Ideia onekin eta elkartasuna oinarri hartuta, emaitza zoragarriak lor daitezkeela erakutsi dute.

Unibertsitatearen ikuspegitik, esperientzia honekin lortu nahi ziren helburuak gainditu dira. Ikasleek gureaz oso bestelakoa den herrialde bat ezagutu ahal izan dute. Bertako biztanleekin bizitzeak eta harremanetan jartzeak burua irekitzen lagundu die. Gainera, desberdintasun handiak egonik ere, pertsonak, funtsean, antzekoak garela ikusi ahal izan dute. Bestalde, beste erakunde batentzat proiektuak proposatu eta aurrera eramateak bi aldeei ahalegin eta denbora asko eskatu die, baina emaitza pozgarria izan da. Etorkizunean ere, ikasleek, Deustuko Unibertsitateak eta Vicente Ferrer Fundazioak mundua aldatzen jarraitzeko asmoa dute, urratsez urrats. Namaste! Zorionak!