Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
26 uztaila, 2017Bilbo

Arantza Tapia sailburuak 4.0 industriaren eta erakundeen arteko harremanez hitz egin du Deusto Business Schoolen eta Hewlett Packard Enterprise-HPEren ‘El Garaje’-an, behar-beharrezkoak ekonomia berrian

Gaur, uztailak 26, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Deusto Business Schoolen eta Hewlett Packard Enterprise (HPE) erakundearen ‘El Garaje’-ren inguruan antolatutako bazkari bat partekatu du, enpresetako hogeita hamar ordezkarirekin. Enpresa handietako presidente eta zuzendarien topaketa bat izan da, berrikuntza ireki eta aldaketa disruptiboen inguruan eztabaidatzeko. Edizio honetan, ekonomia berrian 4.0 industriaren eta erakundeen artean izan beharreko harremanez hitz egin da, Eusko Jaurlaritza eta Arantza Tapiaren saila erreferente diren arloaz.

Topaketa horretan, sailburuak Euskadiko egungo ekonomia aztertu du. Eusko Jaurlaritzak industrian oinarritutako ekonomia ereduaren aldeko apustua argia egin duela berretsi du, horixe baita aukerarik onena maila sozial eta ekonomikoak eta kalitateko zerbitzu publikoak bermatzeko. Jaurlaritzak berriki onartu duen 2017-2020 Industrializazio Planaren ildo nagusien berri eman du Tapia sailburuak. Plan horretan, digitalizazioa eta 4.0 Industriara egokitutako prestakuntza oso kontuan izan beharreko erronkak dira.

Topaketan hainbat multinazional izanik, sailburuak adierazi die Eusko Jaurlaritza oso adi izango dela, enpresek gure industria ekosistema “erabili eta bota”-tzeko toki gisa erabili ez dezaten, nahiz eta Euskadin kanpotik etorritako enpresen aldetik esperientzia onen kasuak ere egon badauden. Eusko Jaurlaritzak industriaren eta enpleguaren alde apustu egiten duten enpresa guztiekin lan egiten du, baina etorkizuneko ikuspegia ezinbestekoa da gure herrian konfiantzazko partnerra izateko.

Deusto Business Schooleko zuzendari nagusi Luc Theisek aurkeztutako ekitaldian, José María de la Torre HPEko presidenteak ere hartu du parte eta azpimarratu du Deusto Business Schoolekin batera martxan jarritako ekimen bateratua. Deusto Business Schoolen eta HPEren ‘El Garaje’-k HPEren hastapenekin duela lotura adierazi du, “duela 80 urte sortu baitzen garaje batean, gaur egun Silicon Valley enblematikoaren sorlekuan”. De la Torrek zera azaldu du: hiru erakundeak –Deusto Business School, HPE eta Eusko Jaurlaritza– “berrikuntzagatiko gogo biziak elkartzen ditu; balio estrategikoa da gure erakundeetan eta HPEren DNAn idatzirik dago”.

Arantza Tapiaren ondoan izan dira topaketan José María Guibert errektorea, Deusto Business Schooleko dekano Guillermo Dorronsoro eta Madrileko Deusto Business Schooleko zuzendari Iñaki Ortega, Unibertsitatearen aldetik. Haiekin batera egon dira Xabier Iturbe, Kutxabankeko presidenteordea; Roberto Larrañaga, Confebaskeko presidentea; Javier Urizarbarrena, PwCko Senior Counsellor-a; Iñaki Garcinuño, CEBEKeko presidentea; Juan Pedro Moreno, Accenture-ko presidentea; Javier Sesma Sánchez, Thyssen-Krup-eko zuzendari nagusia; Javier Zorrilla, Telefónicako iparraldeko zuzendari nagusia; Conchita García Carvajal, Atlantic Copper-eko presidenteorde seniorra; Javier Perera, Enagas-eko zuzendari nagusia; Antón Pradera, CIEko presidentea; Javier Sáenz de Jubera, EDPko zuzendari nagusia; Gorka Díez, Bridgestone Españako zuzendari nagusia; eta María Paz Robina, Michelíneko zuzendaria, beste askoren artean.