Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko abuztuak 02Bilbo

Abian da INSPIRA proiektuaren bigarren edizioa, nesken artean bokazio teknologikoa sustatzera bideratua

Abuztuan aurkeztu zen Donostian INSPIRA proiektuaren bigarren edizioa, Deustuko Unibertsitateak sustatua, Elhuyarren eta Innobasqueren laguntzaz. Aurten, proiektua Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban egingo da, hiru foru aldundiek babestuta. Ekimenak, aitzindaria EAEn, nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu, sentsibilizazio eta orientazio ekintzez baliatuz. Ekintza horiek ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek bideratzen dituzte. Lehenengo aldiz erabiliko da taldeko mentoring teknika STEAM deitutakoak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) sustatzeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Esperientzia honen aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak. Iaz, proiektuaren lehenengo edizioan, 17 emakume izan ziren 200 neska baino gehiagoren mentore, 11 ikastetxetan. Aurtengorako, 113 mentore elkartu dira, 43 ikastetxe eta 1.075 ikasle. Gipuzkoari dagokionez, INSPIRA proiektuarekin bat egin dute 43 mentorek, 12 ikastetxek eta 20 taldek.

INSPIRA proiektuak EAEko ikasleen artean eta, bereziki, nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu. Izan ere, teknologia arloko prestakuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua beherantz doa urtetik urtera. Eta, neskei dagokienez, datuak are larriagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak izan arren, titulazio teknikoetan, esate baterako, Ingeniaritzan eta Arkitekturan, % 26,4 besterik ez dira.

Proiektuaren gakoak:

- Hurbileko emakume teknologoen erreferente berriak eskaintzea.
- Neska-mutilek STEAM lanbideak ezagutzea.
- Herrialde baten garapenean gizonek eta emakumeek parte hartzearen beharraz jabetzea.
- Teknologiako karreren inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa eskaintzea.
- Emakume teknologoak ezagutaraztea eta haien garrantziaz jabetzea.
- Dauden estereotipoak ezagutzera ematea, ikasketen aukera baldintzatu ez dezaten.

Lerro hauen bidez, proiektuaren arduradunek deia egin nahi diete ikastetxe, ikertzaile eta ikasleei, ekimen honekin bat egin dezaten eta, horrela, guztion artean nesken bokazio zientifiko-teknologikoa indartu dadin.

Bideo honetan Zumaiko ikastetxe bateko hiru neskek eta Mª Luz Guenagak INSPIRA proiektua aurkezten dute, Deusto Research-eko jardunaldietan: https://www.youtube.com/watch?v=Mc4p42o5R1U

Proiektuaren esteka: http://inspirasteam.net/