Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
16 ekaina, 2017Bilbo

Iñigo Urkullu lehendakaria Deustuko Unibertsitateari buruzko liburu baten aurkezpenean. Liburuak giza eskubideen urraketen eta giza eskubideak babestu eta sustatzeko konpromisoaren ikuspegitik aztertzen du Deusturen historia

 

Unibertsitateak “Memoria y reconciliación” liburua aurkeztu zen, ekainak 16, Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldiburu dela. Liburuak ikuspegi berri batetik jorratzen du Deustuko Unibertsitatearen historia: giza eskubideen urraketen eta eskubideak babestu eta sustatzeko konpromisoaren ikuspegitik.. Lan hau liburu bat baino gehiago da; historia berreskuratu nahi du, gertakariei hitza eman, ahaztu ez daitezen. Izan ere, José María Guibert errektorearen hitzetan, “memoria egitea aurrerapausoa ematea da adiskidetze eta bake bidean”.

 

Unibertsitatearentzat garrantzi handikoa izan zen gertakari baten 80. urteurrena dela eta argitaratu da liburua: gerora lehendakari izango zen Jesús María Leizaolak in extremis esku hartu eta Unibertsitateko eraikinetan jarritako bolbora kargak leherraraztea galaraztea lortu zuenekoa. Horrela, eskerrak eman nahi zaizkio Leizaolari, baita Ibaizabal batailoiko gudariei ere, haiek kendu baitzituzten lehergaiak Unibertsitatearen eraikinetatik.

Horrez gain, Jesusen Lagundiaren testuinguru berezi batean egin da argitalpena; izan ere, azken Kongregazio Orokorrak (2016) hasierako karismaren elementu garrantzitsuenetariko bat eta historia luzean zehar bereizgarri izan duena azpimarratu du: adiskidetzea sustatzea. “Haserretuak adiskidetzea” esaldia Lagundiaren sorrerako dokumentuetan agertzen da eta “adiskidetze ministerioa” garrantzi handikotzat jotzen da gaur egungo misioan, bizi garen mundu zatikatu honetan.

Duela zortzi hamarkada gertatutakoaren oroitzapenarekin batera, denok deituak garen adiskidetze horren kontrakoak izan diren beste gertakari esanguratsu batzuk bildu nahi izan dira. José María Guibert errektorearen hitzetan, “Jesús María Leizaolak, duela 80 urte, 1937ko ekainean, Unibertsitateko eraikinak salbatu behar zirela ikusi eta erabaki zuen, zentzugabea zelako hondare hura hondatzea, eta, haren moduan, gure historian, beste pertsona batzuek ere jakin dute balioak eta eskubideak salbatzen une latzetan, errazena, nonbait, basakeriari edo ezarritako edo inposatutako botereari men egitea zenean. Balioak izan behar dira gure eguneroko lanaren gidari: tolerantzia, bizikidetza demokratikoa, kontzientzia kritikoa, errespetua oinarri duen elkarrizketa, biktimak babestea, kultura zibikoa, elkartasuna, askatasunen aldeko borroka eta koherentzia etikoa, besteak beste”.

Sei narrazio, II. Errepublikatik gaur egunera

“Memoria y reconciliación” lanak sei kapitulu ditu. Deustuko Unibertsitatearen historiaren une desberdinetako sei kontakizun dira. Bertan, geure buruari galdetzen diogu zelan sufritu dugun indarkeria, zelan parte hartu dugun, zelan egin diegun aurre gertakari horiei eta zelan sustatu ditugun bakea, bizikidetza eta giza eskubideak. Egile hauek dira: José Antonio Rodríguez Ranz, María Jesús Cava, Rosa Miren Pagola, Izaskun Sáenz de la Fuente, Galo Bilbao eta Gorka Urrutia.

Lehenengo bi kapituluek Espainiako gerra zibilaren aurrea eta gerra denbora jasotzen dituzte. Lehenengo kapituluak, Unibertsitatearen sorrera (1886an) gogoratzeaz gain, Jesusen Lagundia desegin eta jesulagunak herrialdetik egozteko “gizakien kontrako eta zuzenbidearen aurkako” lege xedapena jasotzen du. Horrek ekarri zuen, Errepublikaren garaian, Unibertsitatea “legez kanpo eta bidegabe” konfiskatzea 1932an. 1936ko udaz geroztik, Unibertsitatea milizia sozialisten kuartel nagusi bihurtu zen urtebetez eta epe horren amaieran, 1937ko ekainean hain zuzen ere, gertatu zen eraikinak suntsitzeko saioa.

Bigarren kapituluan, Unibertsitatea gerra bukaeraren eta hasierako gerraostearen lekuko ageri zaigu. 1937ko ekainaren 19tik, presoen kontzentrazio esparrua izan zen. Espetxe, ospitale, kontzentrazio esparru eta “atxilotuen batailoiak osatzeko” tokia izan zen.

Hurrengo bi kapituluek frankismoaren garaiko zenbait gertakari aztertzen dituzte. Hirugarren kapituluak kontatzen du zelan itzuli zitzaien “legezko jabeei” konfiskatutakoa, 1940an; eta zelan ekin ahal izan zitzaion berriro irakaskuntzari, bertan ikasiak ziren kargu publikoen laguntzari esker. Laster hasi zen erreferentziako zentroetan ematen ziren programetara egokitzeko ahalegina, “Aberriak behar zituen gizon praktiko eta modernoak prestatzeko”, garaiko estilo eta hizkeran azalduta. Urteak joan, urteak etorri, inguruko gizarte eta kultur aldaketek Unibertsitatea berritzera eta Unibertsitate gisa sendotzera behartu zuten.

Laugarren kapituluak askatasun eta aldaketarantz egindako urratsak kontatzen ditu. Teologia Fakultateak, Elizaren gainerako sektoreekin batera, paper esanguratsua izan zuen balio berrien aldarrikapen eta defentsan. Tentsio, gatazka eta barne sufrimendu ugariko garaia izan zen. Adierazpen askatasuna eta biltzekoa sustatu ziren. Bestalde, euskal kultura sustatzea ere izan zen askatasunaren eta berrikuntzaren seinale. Baina hori ez zen gauzatu hirurogeita hamarreko hamarkadaren azkenera arte, lehendabizi, mintegi erara eta, gerora, beste jarduera eta ikasketa batzuen bidez.

Azken bi kapituluak demokrazia garaikoak dira. Bosgarren kapituluak terrorismoaren urte gogorrak aztertzen ditu. Deustuko Unibertsitatean bizi izan denaren kontakizuna egiten du. Alde batetik, pairatutako biktimizazioen kronika egiten da, batez ere ETAk eragindakoena: José María Lidónen hilketa eta José Ramón Recalde irakaslearen kontrako atentatua. Kontakizunaren helburua ez da kasu guztiak zehatz-mehatz azaltzea, adibideak ematea baino. Bestalde, unibertsitateko elkarteak indarkeria terroristaren kontra izan duen jarduna ere kontatzen da, baita biktimen aldeko aitorpen eta elkartasun ekimenak ere, Bakearen aldeko Koordinakundea campusean bertan eratzea, besteak beste.

Azkenik, seigarren kapituluan, Deustuko Unibertsitatetik bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen kulturaren esparruan sortu diren ekimenak zehazten dira. Unibertsitate honi lotutako hainbat eta hainbat pertsonak parte hartze nabarmena izan dute bake, adiskidetze eta bizikidetza arloetan egin diren ekarpenetan. Hemen aztertzen diren gaiei dagokienez, ikerketa zentroak sortu dira, argitalpenak bultzatu, berariazko prestakuntza eskaini da, ekitaldi akademikoak antolatu (jardunaldiak, hitzaldiak, biltzarrak, etab.), gai horiek curriculumean txertatu, eta erakunde mailako ekitaldiak antolatu dira.

Horri loturik eta memoria egin nahian, 2014an, Bilboko campusean memoria eta oroitzapenerako toki bat sortu zen: Memoria plaza. Espazio horretan badira eskultura bat eta lema bat: “Unibertsitatearen mende bat baino gehiagoko historian zehar, bertako hormen barruan zein kanpoan, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima izan diren guztien oroimenez”. Eskulturaren egileak multzo bat sortu nahi izan zuen, kristal txiki ugariz, mosaiko erara. Pieza ugariok dibertsitatea eta aniztasuna sinbolizatzen dute. Multzoak, batasuna. Kanpoko aldea ilunagoa da; erdigunea, kristal gardenezkoa. Begirada erdigune argitsuago horretara doa. Argi iraunkorra izan nahi du, garra beti piztuta duten su-ontzietan bezala. Intuizio horiek bat datoz Frantzisko aita santuak Evangelii Gaudium dokumentuan ezartzen dituen oinarriekin, bake sozialaz hitz egiten duenean: etengabe gogoratu nahi du “batasuna gatazkaren gainetik dagoela” eta “osoa atala baino gehiago dela”.

 

16/06/2017 - Presentación del libro “Memoria y reconciliación”